Putaren pautaren patua

Putaren pautaren patua

Putaren pautaren patua
Ezkioko agerkundeetako irudi bat, 1931

Oso aste nahasia izan da, polemika gehiegi gauza onerako, baina beno, badirudi giroa lasaitzen ari dela apurka; eta errekako ura lasaiago jaisten denean hondoko lurra hobeki ikusten omen da, urak inoiz lasaituta jaisten badira herri honetan. Gainera, ezeren peskizan ibili gabe ere Cospedaleko Ama Birjina ospel-aldean agertu zitzaidan aurrekoan Ezkion, Abiadura Handiko Trenaren, Autopista Elektrikoaren etorkizuneko ibilbidearen, poligonoaren, errepide nagusiaren eta saihesbidearen arteko bi metro karratuko berdegune horretan, azkeneko birjina agertu zen inguruan, eta dena argitu dit.

Duela zenbait aste mintzatu nintzen gorroto delituaz. Altsasuko gazteen auziaren baitan entzun genuen kontzeptu moderno eta berritzailea, eta aipatzen nuen Pierres de Lancre zenak errepresioa eraberritu eta bere garairako aitzindari bilakatu zen gisan dabiltzala aspalditik asko eta asko, karrera egiten espainiar epaitegietan. Finean, testuinguruan jarri eta ulertu beharrean gaude. Zorropoto, jurrustru eta kinki guztiak XXI. mendeko independentismoaz, XXI. sozialismoaz edo XXI. mendeko XX. mendeaz eztabaidatzen arituz gero ulertu behar da beste lubakikoak XXI. mendeko “zu kaletik nola atera” modua arakatu eta frogak egiten aritzea; horrela, etorkizunean, “espresio eskubideak” eduki beharrean “ex-preso eskubideak” izateko.

COVITE elkarteak ETB salatuko du Europako Arrazismoaren eta Intolerantziaren aurkako batzordean, “espainiarrenganako gorrotoa sustatzeagatik”; hori Miura etxeak Gipuzkoako Ardi-latsaren Lagunen Elkartea salatzea bezala da “kotxeetako pegatina diskriminatzaile horiekin zezenarekiko gorrotoa sustatzeagatik”. Esan dudanaren gisan, zentzurik gabeko tontakeria bat. UPN-k ere salaketa jarri du, eta “gorroto delitua” ikusten duen fiskala topatu bezain pronto jarraituko du bere bidea elur bolak. Ezin sinetsita geunden Entzutegi Nazionalerako bidea hartu zutenean 18/98 auziaren barruko pertsona profil ezberdinak; edo Euskaldunon Egunkariaren zuzendaritza bahitu, torturatu eta giltzapetu zutenean; edo euskal herritarrak epaitegietara bidaltzeko motibo irrigarri eta negargarrienen berri izatean. Bada gorroto delituaren kontura bide berbera egin dezakete askok eta askok fiskal espabilaturen bat parean egokituz gero, eta eguneroko ogi errepresiboaren dotrina izango da datozen urteetan, zeren Zona Especial Norte-n ez da berdina youtuberra izatea, kazetaria, politika egitea edo noski, zergatik ez, telebista programa bat. Entzutegi Nazionalean epaileek azaltzen zieten, adibidez, 18/98-koei ETA-ko kide izan zitezkeela haiek jakin gabe, eta hurrengo urteetan epaile jakintsuek azalduko digute euskal herritarroi noiz egiten den “gorroto delitua” eta noiz ez, noiz umorea eta noiz krimena, Gizon Jakintsuak M´ngolori gauzak azaltzen dizkion bezala.

Putaren pautaren patua

Cospedaleko Ama Birjinak Ezkioko ospel-aldean esan dit Uxue Barkosi “puta” esatea adierazpen askatasuna dela; eta nola justizia berdina den guztiontzako, edonori deitu diezaiokezu “puta” mina emateko asmoz (“puta” hitza iseka gisa erabiltzearen inguruko azterketa sakonagoak egin dituzte ni baino pertsona aproposagoek).

Putaren pautaren patua
La Haine

Esan zuten Matrixen “ez daudela erantzunik gabeko itaunak, gaizki egindako galderak baizik”. Beraz, terminologia eta suertatu daitezkeen zalantzak argitze aldera, kontua ez da hemen adierazpen askatasun eskasian gabiltzanik telebista programa batean sudurraren puntan jarritakoa esateagatik. Nahi duzunari deitu diezaiokezu puta! Esan dezakezu “Uxue Barkos puta”, “ondo egin zenuen, merezi zuen, puta bat zen”, baita “Espainia puta” ere, tronpatzen ez banaiz, adierazpen askatasunaren baitan (“puta” iseka gisa erabiltzeko hautua eginez gero); baina “puta Espainia” ez, ze orduan gorroto delitua da. La Haine a la Espagne; eta hori ia ez.

Hor duzue putaren pautaren patua, ondo ulertu badut; ale, Birjinaren edo Gizon Jakintsuaren hurrengo agerkunderarte!

Putaren pautaren patua
Prostituta eta zabo-biltzaileak, Matias Piccinelli
Putaren pautaren patua
"La haine" delitua eta Cospedaleko Ama Birjina, adierazpen askatasuna, agerkundea, ama birjina, Cospedal, eitb, entzutegi nazionala, euskalduna naiz eta zu?, ezkio, gizon jakintsua, gorroto delitua, La Haine, m´ngolo, ospel-aldea, puta, Putaren pautaren patua
Beñat Hach Embarek Irizar

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Zer duzu buruan “Putaren pautaren patua”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude