Pupua eta trapua.

Guztiz kontu ezberdinak dira Pupua eta Trapua, bi kontzeptu guztiz kontrako, baina askotan ez ditugunak bereizten. Pupuan trapua gauza bat da eta beste bat, oso bestelakoa, trapuan pupua.
Esate baterako, nire bizitzako azken bi egunetan, sei ordu baino gehiago joan zaizkit alferrik galduta autopista, errepide eta polizia kontroletan harrapaturik. Ez atzera eta ez aurrera, hantxe preso, minutu bat eta beste bat nola alferrik galtzen ziren sentitzen, bizitza honetan denbora urrea dela jakinik. Amorrua, asperdura eta higuina, min bihurtzeraino joaten dira hazten eta hazten halakoetan. Madarikatzen dituzu arduradun publiko ganoragabeko denak, herriko alkatetik hasi eta Bush arterainoko guztiak. Baina samin hori ez da, benetan, pupua. Samin hori trapua baizik ez da. Trapuan pupua, beraz.
Duela pare bat aste ere, Salamancako herria atera zen kalera, zaborra eta uraren zergak igotzearen kausaz. Nazkatuta daude, antza, eta jada ezin dute gehiago. Hamabost mila lagun bildu ziren protestatzeko eta euren ezinegon eta samina erakusteko. Hura ere ez zen, ordea, benetako pupua. Hura ere trapua zen. Trapuan, pupua, alegia.
Eta zergatik aipatzen dut Salmanca? Ba, erraza da: une eta ordu berean, Bilboko kaleetan beste manifestazio bat egin zelako 18/98 afera dela eta. Manifestazio bietan, Salamancakoan eta Bilbokoan, jende kopuru berdina ibili zen kaleetan protestaka, hamabost mila, nahiz eta arazoak guztiz ezberdinak izan. Zer izan ote zen Bilbokoa? Salamancako trapua ala benetako pupua?
Orain Ibarretxe Lehendakariak dio ezingo duela protestetara joan 18/98ko bidegabekeria salatzera. Antza, gehiegikeriak entzutea egokitzen zaio horretan saiatzen den bakoitzean. Ondo egiten du, formak zaindu behar direla eskatzea dagokio berari. Baina zer ote da Ibarretxerena, pupua ala trapua?
Nago Ibarretxeri min handiagoa egiten diola bere auziperatzeak 18/98 bidegabekeriak baino. Segurua da Epaitegira eramango duten egunean, pupuan trapua jartzen laguntzera joango zaizkiola bere kideak eta herritar ugari, ez baita onartzekoa gertatzen ari zaiona. Baina, benetan, zer ote da bere pupua txiki hori, 18/98 sententziarekin alderatuta? Ohartzen al da benetako pupua zein den?
Ibarretxe ez da inor, ez da ezer, bere zaintzapeko herritarrak gordetzeko orduan. Ez dauka tresnarik, ez eta ere aginterik. Hutsaren hurrengoa gertatzen ari da zeregin horretan. Horixe behar luke sentitu benetako pupua, ez baita aski gauzak gaizki daudela esatea eta bere horretan geratzea, ezer ezin dela egin aitortuz. Nork dezake berak ere ezin badu?
Ibarretxek benetako pupuari trapua jartzen asmatu beharko luke, kosta ahala kosta, faxismo eroari bideak ixten, bere herritar atxilotuak defendatzen eta gehiegikeriaren aitzinean populua pizten. Bestela zertarako da Lehendakari, behar denean pupuan trapua izateko gai ere ez bada?
Hasier Etxeberria. El Mundo. 071222

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)