Prezioa eta balioa

Prezioa eta balioa –

Aurten, bai Olentzerori, bai Errege Magoei, gauza pare bat besterik ez nien eskatu. Lehenengoa, beraien seme-alabak eskola publikora eramango balituzte bezala jokatuko luketen ordezkari publikoak; bigarrena, beraien eta haien familien osasuna osasun publikoaren esku jarrita izango balute bezala portatuko liratekeen herriko ordezkariak, ordezkari «publikoak». Eskaera horrekin, txikitan Scalextrica eta Cinexinarekikoarekin urtero suertatzen zitzaidan desengainu berbera hartu dut: zirkuitu eta zinema magikoen ordez, zapatilen ondoan, «suzedaneo»-ren bat topatzea.

Prezioa eta balioa
Arg: VladMamai

Baina ez naiz ametsetan, inguru-minguru ibiliko; goazen harira: data hauetako opari arruntak ere eskertzen ditut, baina hauek baino ilusio handiagoz espero ditudanak, zalantzarik gabe, Txemarenak dira… Garagardo bat hartzen dugularik edo —elkar ikustekorik ez badago— Whatsapp bidez edo e-mail-ez —pandemiaren ajeak eta ohiturak— helarazten dizkit Txemak beraren bezuzak. Bai, aukeratu beharko banitu, Txemarenekin geratuko nintzateke. Besteak, azken finean, gauzak baino ez dira.

Badago Agustin Fernández Malloren oso burutazio bitxia: «Batzuetan harritu egiten nau etxe batean holango objektu mugikorrak egoteak, adibidez sardexkak, sukaldetik inoiz aterako ez direnak. Beren existentzia agortuko dute beste lurralderik ezagutu gabe». Ez dakit Txema eta biok zertan berraragiztatuko garen gure datozen bizitzetan, baina espero dezagun tenedoreetan ez izatea, Txemari eta bioi sukaldea eta etxea txikiegi geratzen zaizkigu eta. Agian, horrexegatik, batzen garenetan lekuak oparitzen dizkiogu elkarri. Berak ibilbideak; nik, horren truke, horren ordainetan, herriak, kaleak, tabernak, eliza erromanikoak… Gehiengoak ez dira inon agertzen: ur-jauzi horietara, behatoki horretaraino, baso, laku, leize hartara heltzeko, marmitako aparta hau jateko, gaztandegi horretan bertaratzeko, baseliza galdu hura topatzeko ez dago bide markatutik jarraitzerik, bidetik atera behar da: «Harrizko etxe  batera heltzean, utzi eskumara PR-7ako seinale gorriak, eta ezkerreko bidexkatik jaitsi uraren hotsa gero eta gertuago entzungo duzularik…», azaltzen dit paperezko ezpain-zapian bidea, zidorra marrazten. «Errepide horretako 127. kilometroan arana zeharkatzen duen pista bat ezbideratzen da. Ba 200 metrotara ikusiko duzun zubiaren ondoko baserri hau», diot, puntu horretako argazki bat erakutsiz eta kafetegiko mahaia, edalontziak eta olibak plano bihurtuz.

Hau da, oker ez banago, Txemarekin horrelako opariak trukatzen ditudan hamargarren urtea. Berari esker Hijuela erreka, Uguna, Peñaladros eta San Miguel turrustak, Igoroinen amildegia, deskubritu ditut. Arnia hondartza eta Costa Quebrada ere —ikaragarria— Txemari zor dizkiot.

Niri esker, Txema Belchite Zaharrean, Bilboko Trapi, Cudilleroko Selgas jauregian egon da. Uxue herria, —itzela— Emeko eta Zugaztietako ogia ere niri zor dizkit.

Kostatzen zait elkarri oparitzen diogunaren balioa kalkulatzea. Ez ditugu konzeptu biak (bai, genozidioarena ere birpasatu beharko genuke) ongi bereizten. Horrexegatik komeni da haien arteko aldea gogoratzea, kontuan izatea: Balioa ondasun edo zerbitzu bati ematen zaion garrantziari edo erabilgarritasunari dagokio. Prezioa, berriz, ondasun edo zerbitzu horrengatik merkatu jakin batean ordaintzen den diru-kopuruari. Halaxe diote, behintzat, Ekonomiako eskuliburuek.

Bai, data hauetan jaso ditudan arropa, liburu eta txakolina ere bihotz-bihotzez eskertzen ditut, baina horiek baino gogotsuago espero dut, duda barik, Txemarena. Bai, bat hautatu behar izatekotan, Txemarena. Besteak objektu «preziodunak» baino ez dira, beherapeneko egunetan balioa galduko duten produktuak; Txemarenak, berriz, ez dauka preziorik.

Eskerrak: izanez gero, ordaingaitza izango litzateke. Eskola eta osasun publikoak bezalaxe. En fin.

Prezioa eta balioa Prezioa eta balioa

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude