Asteazkenero bezala

Asteazkenero bezala –

ASTEAZKENERO BEZALA

Nagusien egoitzan, Donostin. Nora Karmele bisitatzera etorri da, asteazkenero bezala. Karmele bere logelan dago, bakarrik. Aulki batean eserita dago, leihoaren aurrean, beti bezala. Nora isilean sartzen da logelara, aulki bat hartzen du eta Karmeleren ezkerraldean esertzen da, belarri horretatik hobeto entzuten duelako. Irribarrez begiratzen dio, Karmele leihotik ikusten diren zuhaitzetan murgilduta dagoelarik. Norak eskua hartzen dio, karmelek begirada zuhatzetatik kendu eta Nora begiratzen du, ezjakintasunez. 

NORA.- Kaixo amama, Nora naiz, zure biloba, horregatik deitzen dizut amama. (Norak barre txiki bat, Karmeleren begirada ez da aldatzen) Gaur asteazkena da, horregatik etorri naiz, asteazken guztietan nator, ordu berean. 17:00ak dira, ordu honetan etortzen naiz Bingora jolasten bukatu berri duzulako. Irabazi duzu? (Karmelek burua biratu eta zuhaitzak bilatzen ditu) Atzo Nahia etorri zen amarekin ezta? Nahia, nire ahizpa txikia, 8 urte ditu eta horregatik etortzen da amarekin, zure alaba Elenarekin. Baina ez pentsa, Nahia ez dator astero, bera ez da zutaz hainbeste oroitzen, ni, aldiz, bai, egunero. Egunero begiratzen dut atera genuen argazkia, 5 urte pasa dira eta oraindik gogoratzen du asteazken hura gaurkoa balitz bezala. Asteazkenero bezala, gaur ere kontatuko dizut argazkia ohearen ondoan dudala eta goizero esnatzean, egiten dudan lehen gauza zure begi berde polit horiek (Norak Karmeleren aurpegia laztanduz) begiratzea dela. Begira amama (Karmeleren begirada Noraren eskuetara zuzentzen da) marrubizko gozokiak ekarri dizkizut, astezkenero bezala, zure gustokoenak dira. (Norak bat zabaldu eta bere amamari sartzen dio ahoan) Gozoa ezta? (Karmelek nahiago du zuhaitzetara begiratu) Eugeniarekin aurkitu naiz pasiloan eta esan dit gaur ez zarela bere izenaz gogoratu, baina lasai amama, nik kontatuko dizkizut gogoratzen ez dituzun gauza guztiak, asteazkenero bezala. Eugenia zure laguna da, logela partekatzen duzue eta beti jolasten duzue elkarrekin Bingora. Batzuetan, berarekin haserretzen zara, gozokiak kentzen dizkizulako, eta horregatik gaur biontzat ekarri ditut. (Karmele aulkitik altxatu eta komunetik orrazia ekartzen du, Norari ematen dio) Badakit bai, honetaz asteazkenero gogoratzen zarela. (Karmele aulkian eseri eta zuhaitzetan murgiltzen da berriro ere, Nora bere amamaren ilea orrazten hasten da) Nahiko nuke nik zure ile kizkur hau eduki. (Karmelek irri txiki bat botatzen du eta Nora pozik jartzen da) Badakizu zer amama? (Karmelek nahiago ditu kaleko soinuak entzun) Medikuek esan didate gero eta gauza askoz gutxiago gogoratzen dituzula eta galdu egiten zarela une oro, baina nik uste dut (Tonu alaia eta jostalaria erabiltzen du Norak Karmeleri orrazten dion bitartean) denbora guztian begiratzen dituzun zuhaitz horietan dituzula oroimen guztiak gordeta. (Karmelek Norari begiratzen dio zuzenean) Ai ama! Deskubritu zaitut, (Norak orrazia ohe gainean utzi eta aulkian esertzen da berriro bere amamaren aurpegia hobeto ikusi ahal izateko) orain ulertzen dut zergatik gustatzen zaizun hainbeste zuhaitzetara begiratzea, banekien bai nik. (Karmelek susto aurpegia jartzen du) Lasai neska, ez diot inori kontatuko, ez Eugeniari, ez amari, ez Nahiari ez mekiduei, ez diet esango zuhaitza bihurtuko zarela eta onena aukeratzen ari zarela. Hori bai, utzidazu laguntzen, asteazkenero etorri beharko banaiz zuhaitz batekin hitz egitera, izan dadila politena. (Karmelek zuhaitz bat seinalatzen du eskuarekin) Hori? (Karmelek barre egiten du) Primeran! Hori izango da beraz, zure zuhaitza, marrubizko gozokien zuhaitza. Nork daki, agian egunen baten gozokiak hasiko dira zuhaitzan. (Norak barre egiten du, Karmelek ere barre txiki-txikia ateratzen du) Beno amama, ni joan behar naiz, baina ez kezkatu, hurrengo asteazkenean hautatuko dugu beste zuhaitz bat, beste zapore bateko gozokiekin, asteazkenero bezala. (Nora aulkitik altxatzen da eta Eugeniaren ohean marrubizko gozoki batzuk uzten ditu. Karmele bere zuhaitzaren barnean dagoela dirudi, aurreko asteko zuhaitza baino handiagoa da gaurkoa. Nora bere amamarengana hurbildu eta malkoen artean musu bat ematen dio ezkerreko masailean, asteazkenero bezala) Agur amama, hurrengo asteazkenera arte. Maite zaitut. 

Indarrak falta zaizkidanean beti gogoratzen dut esaldi hau: "Gogoa den tokian, aldaparik ez" eta nire aitak gustuko duen atsotitzak dioenez: "Umearen zentzuna, etxean entzuna".

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude