Politikari “trebeak”

Politikari “trebeak” –

Asko beste zerbait sinestarazten saiatzen bada ere, begirada luzeak ematen duen laburbilketak, eta honek agertzen gaituen ondorioa, zera da, alegia, euskaldunok mugatuta jarraitzen dugula “benetako erlijio bakarra”, -gaur egun ere-  gizarte kontrolerako teknika gisa.

Politikari "trebeak"

Gurea bezalako jendartean, ustez ongi egituratua dena ikuspegi nazionaletik zein erlijiosotik, belaunaldien arteko lotura beti izan da, garrantzitsua eta kontrolatua izanaz batera, emotiboa.

Horregatik, gazteak ez dira bakarrik arbasoen ondare eta baliabideen oinordeko, haien ideiak ere jasotzen dituzte. Oinordetza emotibo-ideologiko honek baditu bere arriskuak ere, iritzi soil gisa ernetzen dena erantzunik gabeko egia, ia dogma hutsa, bihur baitaiteke denborarekin.

Gure egoera ez da beraz asko aldatu sasoi bateko AZOR entzutetsuak, “bere” buian lotuta, Donostiako badia osoa husten zuen garaietatik.

Azor, Frankoren barkua, Donostian

Asko dira oraindik dikotomia gaizto eta kaltegarri batez, delitua-bekatua, mugatuta bizi diren euskaldunak.

Ez dira, halere, euskaldunak bakarrik bizi euren oinordetzaren gatibu. Hortaz, nahikoa da espainolen presidentearen esanak eta ibiliak behatu edo irakurtzea, diodana ulertzeko. Egia da bere konbikzioen ahuleziak pertsonaia kontraesankorra bihurtzen dutela, fidagarritasun urrikoa eta heldutasun ibilbide nabarmenean, baina bere erabakiak Espainiako Gobernuko presidentearenak dira. Hainbesteraino da honela, nahiz  gobernuaren aitzindaritzan hasi berria izan, inork -ez behintzat nire inguruko  euskaldunok- ez baitu uste Pedro Sánchez jauna, gai izango denik, -fase honetan- bere inguruan ongi sustraituta dagoen inposizio erreakzionariotik urrunduko diren irizpideak abian ezartzeko.

Erreakzioaren indarrez blai eta era berean mugatuta baitago inguru hori, hau da, lurraren “jauntxoak”; Eliza intolerantea, gerrazalea eta atzerakoia; banketxe eta multinazionaletan gizendutako burgesia, denak ere PPek bere barne txertatutako “lunpen” ultraeskuindarraren babesean, horiek direlarik, berez, Espainian izan diren diktadura zibil eta militarren oinordetza mantendu eta bultzatzen duen motorra. Erreakzioaren argazki bizia dira, egungo Estatu espainolaren “gurasoak”, edozein berrikuntzaren aurka beti erne, euren iragan beltz eta ankerra ezkutatuaz, zeren eta euren historia zabaltzen duten liburuek aipatzen ez badute ere, gaurko Estatu espainolaren marrazkia azpikeria dinastiko eta gerra lapurreten ondorio zuzena da. Beti ere urrun, oso urrun, herriek euren etorkizunaren jabe izateko duten eskubide eta borondatetik.

Kasta erreakzionario hau, bera baita Franco diktadorea hil zenetik estatua kudeatzen duena. Bereziki trebea azaldu da goi funtzionarioen artean  elite bat garatzeko, gezi punta gisa jokatzen duena eta sistemarentzat berebizikoa bihurtu dena.

Gezi punta hori osatzen dutenak gehiegikeria nabarmenak, ez bakarrik hitzezkoak, burutzen dituzte, lotsaz edozein gorritu beharko luketenak, baita eurak bezalako kidego korporatibista. Zein urrun diren beren funtzioari dagokionez ariketa lasai eta orekaturik, botereen arteko zuzentasuna  mantenduaz. Zein urrun.

Fundamentalismo ultraeskuindar eta erreakzionario espainiarraren zorabioen betetzaile otzanak bihurtu dira. Euren lanbidearen izaera zizelkatu dute eta formalismo demokratikoaren aktore bihurtu dira, jakinik euren bulegoetan babesa ematen zaiola instituzio europarretan eta estatukoetan lortutako gainbalio, mehatxua eta diru beltzaren uzta, “presio diplomatikoaren” ezkutalekuan mozorrotuta, hori bai.

Eurek dira, gehiegikeria irrazionalekin “larritasun soziala” eragiten dutenak. Nire ustez, kontzeptu hau, bere erabilpen interesatu eta iruzurtian  ateratzen duten etekinaren garrantziagatik, aztertu eta kolokan jarri beharko litzateke, baita ere jardun juridiko-politikotik ezabatu.

“Larritasun soziala” deitutako hori izan daiteke gaur iritzi publikoaren gogoaren egoera neurtzeko alea, alegia, azken garaietan zenbaitek zigor legearen gogortzearen aldeko sentsibilitatetzat jotzen duena. Horretarako lehen urratsa izaten da zenbait hedabidetatik landutako presioa, eta, bigarrena, “neurri zehaztugabearen” ezarpena, epaileak ontzat ematen duena.

Horrela jorratzen da boterearen interesetara egokitutako justizia malgu eta harbera. Frankismoak ere erabili zuen bere garaian. Orduan beste helburu batzuekin, baina nazionalismo espainolak garatu egin du fronte eta abiabide desberdinetatik; prentsatik epaileetara, gobernuetatik ere pasata.

Agian gogorarazi beharko litzateke gaur egun “larritasun soziala” deitzen den hori, bere garaian, nazien Alemanian, “kezka publikoa” deitu zutela, eta nahikoa zen, gaur hemen bezala, askatasuna murrizteko.

Horiek guztiek, batzuek zein besteek, ugazaba eta morroiak, burugabekeria eta arrazoi eza besarkatuz jarraitzen duten bitartean, kiratsez beteriko oinordetza beltzaren hartzekodun bakarrak, Espainia zaharraren gehiegikeriaren jalkina, izango dira, zalantzarik gabe Europaren kiratsa eta pentsamendu demokratikoaren lotsa.

Moncloaren “giltza” berreskuratzeko nahian dabiltzan gaztetxo horiek,   dena hankaz gora jartzeko prest daude. Ez dut uste lotuko dutenik, baina kalte handiak eta ankerrak bai.

Arrisku honi beharrezko duen erantzuna emateko, politikari “trebeak” eta goi-funtzionario “zuzenak” behar dira, baina ez gaur bezalakoak. Hiritar “guztien” eskubide eta askatasunaren zerbitzura.

Jaurti, erre,  oinordetza nazkagarri hori. Hala bedi.

Politikari “trebeak”
Politikari “trebeak”

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.