“Pentsa etorkixunian be!”

Horixe esan berri dit duela minutu batzuk nire aitak…Eta nigan automatikoa denez, horren inguruan hausnartzeari ekin diot, edozer apunteak alde batera utzi eta ordenagailua pizteagatik!!

Gaur Bilbora noala eta, maleta atera dit aitak bistara. Nik ez dudala behar esan diot, motxilarekin nahikoa dudala, gauza gutxi eraman behar ditudala eta. Eta bapatean esaldi hori jaurti dit, BLAST! aurpegira, aurrerago Bilbotik arropa ekartzeko beharko dudala eta pentsatzeko, lantzean behin bada ere, etorkizunean.

Beti esan izan dut ez zaidala etorkizunean pentsatzea gustatzen, estresatu egiten nau, aztoratu! Batez ere epe laburreko etorkizunak. Ez zait nire egunerokoa planifikatzea gustatzen, eginez gero aurretiaz pentsatutakoaren kontrakoa egiten bukatzen baitut. Gaizki irteten zaizkit aurretiaz pentsatutakoak. Ez naiz guztia inprobisatzekoaren aldekoa ere, baina beharrezkoa dena soilik planifikatzen dut, minimoa eta garrantzizkoa.

Harritu egiten nau, adibide bat jartzearren, asteartean aste hortako larunbatean zer jantzi pentsatzen duen jendeak, mila aldaketa egiten ditut nik ordurako, beraz, hobeto ezer ez pentsatu eta neuronak fresko izan!

Ez dakit etorkizunari beldurra diodala esatea gehiegizkoa ez ote den, baina ukapen antzeko bat dut horrekiko, izugarrizko itomena sentitzen dut. Ez dut baieztapen sendorik egitea gogoko, agian “hondartzara nahi dot dxuan bidxar” esaten dut, baina ordua, eramango dudan arropa edo eta bihar hondartzara joango banaiz edo ez  ere  ez  dut jakiten ezta nik neuk ere.

Askoz ere gehiago gustatzen zait momentua hurbil dagoenean pentsatzea, askoz ere lasaiago bizi naiz, nahiz eta ene guraso maiteek ez ulertu…Ganorabakoa izatea dela diote, ez dela normala, adibidez,  larunbat batean igandean ze autobus hartuko dudan ez jakitea, urduri jartzen ditu nire lasaitasunak, antza denez…

Nire ama guztiz kontrakoa da, dena jakin behar du aldez aurretik; ze eguraldi egingo duen aste guztian zehar, bihar ze bazkari egin, ze afari, bere seme eta alaba non ibiliko diren, etxean jango duten ala ez…Eta gauza bat esan eta gero iritziz aldatuz gero, trumoi itzela Lekeition…

Kristalezko bola bat oparitu beharko diot…

Jose Tellézi flickerretik hartutakoa

Ahantzi edadeak - Kazetaria eta sare sozialetan aditua. Hara eta hona bideak egiten. Batzutan geldi, baina ez gehiegi. #Umorea #Blogak #Euskara