Galdera bat daukat berorrentzat, maiestate

Sofia erreginaSofia Espainiako erreginak Euskal Herria bisitatuko du bihar, ekainak 7. Cristóbal Balenciaga Museoaren inaugurazioa dela eta, Getarian izango dugu The (Spanish) Queen modaren munduko hainbat pertsona garrantzitsurekin batera. Zelako glamourra! Baina hori ez da albiste potoloa izango, garrantzitsuena errepublikari buruz duen iritzia galdetzeko aukera izango dugula da.

Duela egun gutxi bere seme Felipe Printzeak eztabaida monarkiko bizi bat izan zuen errepublikazale batekin Nafarroan. Bereak eta bi bota zizkion emakumeak Feliperi: monarkia gaur egun zentzurik ez duela, zergatik ez ote zuen errepublikaren aldeko erreferenduma egiten…

Galdera da, ba al du monarkiak zentzurik gaur egun? Espainiako monarkia konstituziogilean, errege-erreginen papera ia sinbolikoa dela esan genezake. Aginterik badute, moderatzaile gisa da gobernuko gatazketan. Besterik ez. 1978ko konstituzioak jarri zituen Borbondarrak tronuan, duela 33 urteko konstituzio batek, diktadura totalitario baten ondoko demokrazia jaioberri bat izendatzen zuen paper pusketak.

Egia da Espainia tradizio monarkiko sendoko estatua dela; baina, tira, Frantzia edota Italia bezalako herrialdeak ondo asko moldatu dira errepublikara, ez dira pikutara joan.

Beraz, bihar Sofia erregina hemen izango dela aprobetxatuz, presta dezagun Zuzeutik Sofiarentzat galdera sorta:

  • XXI. mendean monarkiak zentzurik baduela uste al duzu?
  • Zein abantalia ditu monarkiak errepublikaren ondoan? Eta alderantziz?
  • Demokrazian herritar guztiak legearen aurrean berdinak bagara, nola justifika zenezake monarkia? (Ez egin tranparik, ez du balio esatea jainkoaren graziarengatik erreinatzen duzula…)
  • Herritarrek monarkia ala errepublika aukeratzeko ahalmena izan beharko luketela uste al duzu?
  • Errepublika ezarriko balitz, zertan jardungo zenuke? (Tira, jubilatuta ez bazeunde…). Zertan aldatuko litzateke zeure bizitza?
  • Zein da azken bost urteetan izan duzun ardurarik garrantzitsuena?

Gehiago egitera animatzen al zara?

8 pentsamendu “Galdera bat daukat berorrentzat, maiestate”-ri buruz