Oinarrizko kontuak
Oinarrizko kontuak –
Aurten, segur aski aste guti etorri izanen dira hain albistez beteak, aste gutik ekarri izanen dute iritzia emateko aste honek bezainbertze aukera. Alta bada, aste gutitan gertatu zait hain zaila ikuspuntu erdi originala bilatzea, aste gutitan egin zait hain nekagarria oinarrizko kontu batzuk berriz erran behar izatea.
Niri ere min handia eman didate bortizkeria matxistak eragin dituen hondarreko krimen latzek, eta amorragarria iduritzen zait berriz ere gogorarazi behar izatea emaztekiak eta haurrak ez direla gizonen jabetza, pertsonak direla, beldurrik gabe bizitzea merezi dutenak. Eta hori naski alferrik ari garela gogorarazten jakitea egiten zait batez ere amorragarria.
Berriz ere ezaguna eta errepikakorra eta negargarria egin zait PSNren aspaldiko euskarafobiaren azken adierazpena. Nekagarria, arrunt, betiko argudioak alferrik erabili behar izatea eta, azkenean, ikustea euskaldunak berriz ere baztertuta Nafarroan.
Koleratzeko modukoa iduritu zait enegarren aldiz ohartzea Kataluniako egoera jostailu bat dela Espainiako alderdien eskuetan, nor den espainolena –zentzurik txarrenean– antzezteko, edo PSOEk ezkerreko alderdia delako itxura egin dezan, eta aspergarria gertatu zait alderdien debate gezurti eta hutsala.
Tira, oinarrizko iritziak dira nireak, sobera landu gabeak. Ea heldu den astean.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko ekainaren 14koa]