Zu kalera, Ni aurrera

Zu kalera, Ni aurrera – 

Enpresaburuen lana enpresaren mozkinak handitzean datza. Horretarako, haien helburua ideia sinpletik abiatzen da: gastuak gutxitu eta diru-sarrerak handitu. Haien soldatek, kasu askotan, bonus-ak dituzte. Alegia, zenbat eta mozkin handiago lortu enpresarentzat, orduan eta soldata handiago poltsikoratzen dute, proportzionalki. Hor dago kapitalismoaren zuloetako bat. Zulo maltzurra esango nuke nik. Izan ere, enpresaburu eta langile xumeen arteko interes talka sortzen da hemen: LANGILEAK KALERATU, DIRUA AURREZTU, ENPRESABURUEK HELBURU EKONOMIKOA LORTU.

Egunotan, BBVA banku erraldoiak milaka langile kaleratuko ditu, bulegoak itxita aitzakia hartuz. Jakina, hori ez da ezerezetik gertatu. Bankuen ahalegina guk dena interneten bidez egitea baita, ahalik eta lanpostu gutxiagori eutsiz. Eta, hau kasualidadea, BBVAk milioika milioi irabazten jarraitzen du eta buruzagiek euren soldatak handituz doaz. Eurek horrela pentsatuko dute euren menpeko langileei begira: “zu kalera, ni aurrera”.

Kapitalismoa, bidegabea? Institutuan, Batxilerreko Ekonomia ikasgaian irakatsi ziguten jendeak dirua lortzeko lan egin behar duela. Lan horren truke soldata bat jaso behar duzula eta soldata hori gastatuta, ekonomia mugitzen dela. Irakasleak esaten zuen “ikuspegi kritikoa” eduki behar dela, “dogmak haustu” behar direla, baina inoiz ez genuen horretan sakondu. Inoiz ez genuen sistemaren hutsuneak edo hutsegiteak izan zitekeenik ere aztertu. Eta… hara! Ba…, izan ditzake bai.

Herbert Hooverrek, 1928tik 1932ra Estatu Batuetako presidente izandakoak, zera adierazi zuen: “Kapitalismoaren arazoa da kapitalistak dituela. Berekoi gehiegi daude eta berekoiegiak“. Aintzat hartu behar dugu, 1929an, kapitalismo basatiak eztanda egin zuela. Krisian murgildu zen eta bere izatekoa bera zalantzan jarri zen.

Gosea handitzen ari da. FAOk duela gutxi adierazi zuen gaur egungo erritmoan 150 urte beharko direla gosea erabat desagerrarazteko. Aberatsek eta boteretsuek ondorioztatu dute gaur egun munduan milioika pertsona soberan daudela. Ez dute lanposturik eta ez diote ekarpenik egiten ekoizpen kapitalistari, diru gutxi dute edo bat ere ez, eta ez diote ekarpenik egiten kontsumoari. Ez dira errentagarriak, oztopo bat dira ekonomiarentzat. Soberan daude. 

Gauzak aldatu behar badira eta ustez aldatzen ez badira, norbaitek edo zerbaitek eragozten du. Langabezia, bidegabekeria, pobrezia eta ingurumenaren suntsipena nagusi badira, horiek betikotzeko interesa duten indarrak daudelako da.

Globalizazio hitzak herrialde guztiak modu harmoniatsuan integratzen dituen sistema ekonomikoa dirudi. Egiari zor, guztiz kontrakoa esan nahi du: garapen-maila desberdinak eta aurrekaririk gabeko bazterketa.

Zergatik ez zaie inoiz kontuak eskatzen Munduko Bankuari edo Nazioarteko Diru Funtsari? Zergatik jarrai dezakete legearen aurrean zaurgarriak izaten, gobernuen artekoak direlako? 

Enpresei, pertsonei eta sozietateei batere axola ez zaien bezala, natura berdin zaie etekinei dagokienez onuragarri ez zaienean. Zergatik ez dugu legearen indar guztia aplikatzen berotze globalaren erantzuleen aurka? Gure arazo nagusietako bat da nazioarteko lege gehienak nazioz haraindikoek eta finantza-merkatuek egin dituztela.

Europak Estatu Batuen kontrapisu politiko, ekonomiko, sozial eta ekologikoaren papera aktiboki eta kontzienteki betetzen ez badu, garrantzia duen guztia laster erabaki eta gainbegiratuko du burdin ukabila eta hegemonikoa duen buruzagi estatubatuar batek.

Zu kalera, Ni aurrera