Estreinaldiak: Ekainak 18

.

Destello bravío

Malagako Zinemaldian epaimahaiaren sari berezia zein muntaketa onenarena eskuratu ditu Ainhoa Rodríguezen drama fantastikoak. Nekazal giroko Extremadurako herrixka bateko emakumeak amaierarik gabeko apatia egoeran bizi dira, zoriontsu egingo dituen esperientzia askatzaileak bizitzeko gogoz. Isa, Cita eta María dira filmeko protagonistak, Guadalupe Gutierrez, Carmen Valverde eta Isabel Maria Mendoza aktoreek antzeztutako pertsonaiak. Hustutako Espainiako andrazkoen errealitateren erretratu magnetikoa.

.

In the Heights (En un barrio de Nueva York)

Brodwayko musikal homonimoan oinarritutako filma estreinatuko du asteburuan Jon M. Chuk zinemagileak. Dominikar Errepublikara itzultzearekin amets egiten duen New Yorkeko Washington Heights auzoko biltegi bateko jabe Usnavi da filmeko protagonista, amonak hezitako gaztea. Jatorri latinoa duten familietako gazte askorentzat egin du amonaren papera Claudiak, baita Vanessa eta Nanirentzat ere. Lehenarekin zeharo maiteminduta dago Usnavi, eta bigarrena auzora itzuliko da denbora luze baten egon ostean. AEBtako etorkin latinoen belaunaldi berriei buruzko komedia erromantikoa, Anthony Ramos, Corey Hawkins, Melissa Barrera eta Leslie Grace aktore ezagunen, besteak beste, parte-hartzearekin.

.

Favolacce (Queridos vecinos)

Damiano eta Fabio D’Innocenzo anaiek Erromaren aldirietan bizi diren familien egoerari buruzko lana osatu dute, Berlingo zinema jaialdian gidoi onenaren garaikurra erdietsi zuen drama italiarra. Tentsioa nabari da giroan, edozein unetan egin dezake eztanda, eta haurrak ere egoeraren larritasunaren jakitun dira. Proposamen misteriotsu bezain zirraragarria.

.

Lola

Laurent Micheli sortzaile belgikarrak 18 urteko Lola gaztearen eta Philippe aitaren bidaia du hizpide, zendu berri zaien ama eta emaztearen errautsak Iparraldeko Itsasoan zabaltzeko egingo duten auto-bidaia, hain zuzen. Aita-alaben arteko harremana, baina, erabat gaiztotuta dago. Bi urte lehenago, Lola Philippe zenean, aitak etxetik bota zuen, eta harrera etxe batean bizi da ordutik Lola, Samir lagunarekin. Transexualitatearen gaia modu paregabean landuko duen film hunkigarria.

.

Estreinaldi guztiak ezagutzeko, sartu ZINEAn!

Euskal pantailaren gunea