Nire amaren siestak ikasgai
Nahiko arraro egingo zitzaizuen nire gaurko sarreraren izenburua, baina hala da, asko ikasten dut nire ama siesta botatzen egoten den bitartean.
Eguneko edozein momentutan edonorek hartu dezake telebistaren mandoa nire etxean, baina bazkalostean, nire ama da horren jabe. Gailu desiatu hori eskuarekin gogor heldu, ia inortxok ere ikusten ez dituen animalien dokumentalak jarri eta gutxinaka begiak ixten joaten zaizkio. Momentu horietan, besteok gara hark jarritako dokumental dibertigarri horiek ikusi behar ditugunak, nahi ta nahi ez, katez aldatuz gero iratzarri egiten baita emakume sentibera.
Pasa den asteburuan hipopotamoak ikustea egokitu zitzaidan (bai, zitzaidan esan dut, egun hartan biktima bakarra izan nintzen eta) eta sekula entzun dudan tontakeriarik handiena entzun behar izan nuen, baina beno, ez da harritzekoa dokumental horiek emititzen diren katea zein den esanez gero.
Ba beno, hasieran zertxobait interesgarria zen dokumentala; hipopotamoen ohiturak, aurrekariak, elikadura eta abarren azalpenak eman zituzten, baina halako batean egun hartan digestioa egitea oztopatu zidan zenbait arrazoi agertu ziren pantailan: hainbat hipopotamo erreka batean (hona arte nahiko ondo) kaka egiten zuten bitartean isatsarekin bueltak ematen zera marroi hori sakabanatzen zutelarik. Eta bitartean nire ama lo…
Baina hori ez da ezertxo ere ez, gero etorri baitzen onena!! Animalia kurioso horiek isatsarekin kaka alde batera eta bestera jaurtitzearen arrazoia. Duela mende aaaaskooo eta aaaskooooo hipopotamoek arrainik ez zutela probatu ere egingo zin egin omen zuten, beraz, kaka egiterako orduan, isatsa mugitzen dute arrain hezurrik botatzen ez dutela egiaztatzeko. Arrainik jan ez dutenaren aitorpen keinu bat da, beraz, tripa husteko era hori…
Imajinazio asko behar da ondorio horretara iristeko…ez al duzue uste????
Zenbat ikasten dudan nire ama lo dagoen bitartean…