Lau Mila Hitz -Zer kontatu dugu?

Aspaldi gertatuko zela kontatu zuten zerbait, atzo gertatu zela kontatu ziguten berriro ere. Baina kontatu egin ziguten, nik ez dakit gertatu zen edo ez.

NTAxOA==

Atzo goizean prentsa deialdi bat zegoen, prentsan asko azaltzen den eraikin baten berritze lanak hasi behar zutela esateko. Bertan bildu ziren agintari batzu, arkitekto, laguntzaile, arduradun eta langileak. Bertan bildu ginen hiruzpalau argazkilari, TBko ekipo pare bat eta kazetari gutxi batzuk.

Iritsi zen ordua eta hasi zen ikuskizuna: peto laranja eta kasko zuria zeramaten bi tipok, eraikuntza guneetan paratzen diren abisu kartelak jarri zituzten, txukun, atearen alde banatan. Itxura bereko beste hiruzpalau langilek metalezko hesiak hartu eta gure haurretik paseatu ondoren beste gune batean jarri zituzten eta azkenik eraikinaren aurrean zegoen hondea makina mugitzen hasi zen. Han ibili ginen mugitzen zen guziari argazkiak ateratzen, botoia sakatu eta sakatu, gure aurrean zerbait gertatzen ariko balitz bezala.

Hamelingo flautistari sagutxoek ipuinean bezala jarraitu genion “grafikook” beldar horiari. Eraikin nagusiaren ondoko etxe batera hurbildu eta pintza  altxatu zuen, sua guk kamerarekin, klik, klik… leiho batetara arrimatu, ezkerrera pixka bat, eskuinera gero, klik, pintza ireki eta leihoko kristala puskatu zuen; Klik eta klik, listo bukatu dugu, bagoaz beste nonbait. Gehienak sentitu ginen deseroso, baina denok egin genuen, bakoitzak egoera ahal zuen eran salbatu bazuen ere.

Gaur egunkarietan, seguruenik, berreraikitze lanak hasiak direla jarriko du. Atzo irrati eta telebistek zer eta nola eman zuten ez dakit, baina imajinatu dezaket. Guk gure lana egin omen genuen, baina kontatu duguna gertatu zen edo ez, ez dakigu. Guri lanak hasi zirela kontatzeko behar genuen iruditeria eman ziguten eta lanak hasiko zirela kontatu, hortik aurrerako guzia gure istorioa da. Okerrena, jendeak hor barrena gertatu denaren berri jasotzeko erabiltzen gaituela da. 

Irudia | Telebista kameralari eta argazkilariak, irudia emateagatik bakarrik mugitu den garabia erretratatzen. | Gari Garaialde | Creative Commons By SA
Fotokazetaritza, kazetaritza

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.

6 pentsamendu “Lau Mila Hitz -Zer kontatu dugu?”-ri buruz

  • Ni ere bertan izan nintzen. Laranjaz jantzitako langileetako bati galdetu egin nion ea gaur eraikin hori eraisten jarraituko zuten, erantzun gisa, bi hitz eta keinu bat: “Ke ba”, eta burua ezker-eskuin, ezker-eskuin. Lanen arduradunek lanak barruan ere hasiko direla eta egunotan txukuntzea izango dela
    Argi dago. Proiektu horren komunikazio arduradunek uste dute Santo Tomasek jarraitzaile asko dituela (“Ikusi eta sinetsi” esaten zuena); hori dela-eta, lau mila hitz baino gehiagok adierazten duen irudia “muntatu” nahi izan dute. Baina betikoa da, planto egiterik dago?

  • Gari Garaialde 2011-04-15 15:01

    Ez dakit planto egiterik dagoen, baina ikusitakoa kontatu beharko genuke, eta ez dugu egiten.

  • kontxo, hau suspentsea… Ze eraikini buruz ari zareten jakiterik badago????  Bestetik, betikoa: Panem et circenses..

  • Gari Garaialde 2011-04-17 19:15

    Eraikina Donostian dagoen tabako fabrika da, baina horrek ez du inportik, nik prentsaren jarreran jarri nahi dut begia, ez ‘antolatzaileek’ egindakoan, haiek debaldeko publizitatea lortu nahi izatea normala baita. Guk publizitate hori horrela ematean ikusten dut nik akatsa.

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-04-17 21:22

    Hori da Gari, planto egin edo ez, garrantzitsuena ikusitakoa kontatzea izan beharko litzateke. Xinplea da gero, baina…

  • […] berri hartu dezakegu galderari erantzuten saiatzeko, bai eta  aurrez aipatu genuen eraikin horren zahar berritze lanen iragartzea ere. Nere ustez berri bakoitzak erantzun […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude