Lehioa zabalik

Ikasturte hasierako beroaldiak arintzeko, logelako leihoa zabalik utzita oheratu naiz bart. Nekearen nekez, beheko tabernako terrazakoen algararen kulunkan lokartzen ari nintzela, traste zahar handiak jasotzen dituen kamionetaren zaratak logabetu nau. Asteburu luzea datorrela gogoratuz, lasai geratu naiz etzanda, amets goxoekin jolasean, Kantauri isurialdeko udako goiz eguzkitsu ezinezkoetan murgilduta. Eta loak hartu nau horrela.

Ez dakit zenbat denbora pasa den zabor-kamioiak ametsak zulatu dizkidan arte: etxe ondoko kontainerra altxatzeko atera duen zalaparta su artifizialen azken traka baino burrunbatsuagoa izan da. Gurea hustu ondoren, alboko kalera abiatu da gelditzen zen bakoitzean freno hotsa ikaragarria atereaz. Haren zalaparta urrundu denean, arnasaldi luze-sakon batzuk egin ditut erlaxatzeko eta ezpainekin irribarrea marraztu dut haserrea alden zedin. Begiak ixten ari zitzaizkidanean, beira jasotzen duen ibilgailuak ekarri du trumoia gure kalera: kraaassssssssk! Eta ohe epel bat izatearen atsegina sustatu behar izan dut sortzen ari zitzaizkidan palpitazioei muga jartzeko.

Eguna argitzen ari zen. Pertsianaren zirrikituetatik lehenengo printzak sartzen sumatu ditut, eta goizaldeko freskotasunak ekarri dit berriz loan galtzeko abagunea. Orduantxe iritsi da izkinako supermerkatuko banaketa-furgoneta, hozkailuaren motorra denak emanda. Koltxoi berri biskoelastikoari esker goizeraino gerriko minik gabe iritsi naizela ohartuta, ohean egoteko gelditzen zitzaidan azken ordu erdia gozatzea erabaki dut. Baina bizilagunak goizaldean martxan jarri duen garbigailua zentrifugatzen hasi da.

Jaikitzea erabaki dut, gosaria prestatu, poliki gosaldu eta ordenagailu aurrean jarri naiz eguneko albisteak irakurtzeko. Besteen artean titular hau: “Herrialde baten aurrerapen maila bertako biztanleek jasaten duten zarata kopuruarekin alderantziz proportzionala da”

(Berria-n argitaratua)

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

4 pentsamendu “Lehioa zabalik”-ri buruz

  • Ikaragarria da zaratarena!
    Gure etxe ostean plaza nahiko zabala dago, eta bertatik, goizero-goizero kaleak garbitzeko makina pasatzen da, atzera eta aurrera. Garbitu ez dakit garbitzen duen, baina molestatu….
    Plaza horretan lau parterre daukagu (Eibarren jardina 🙂 eta lantzean-latzean dagoen belar ziztrintxoak ere mozten dituzte, brrrrrr itzela eginda!
    Eskola bat ere ondoan daukagu, eta goiz erdian plaza horretan ikasleak askatzen dituzte! Energiaz betetako umeak, oihu baten!
    Ezin da goizean etxean lasai egon!

    • Guk ez daukagu jardinik parean, baino zuhaitzak badaude gure kalean eta udazkena iritsi baino lehen hor ibiltzen dira kale garbiketakoak jai egunetan goizeko zortzietatik, hostoak alde batera eta bestera putz-makinekin mugitzen espaloi-ertzetara!
      Beti iruditzen zait beste inork ez duela arazoa ikusten. Ematen du zarata ez dela inoren kezka. Ikusi duzu zerbait idatzita alderdien programetan?

      • Ez! Kontu egizu, estatua, Espainia da munduko herrialderik zaratatsuena! Eta guri ere tokatuko zaigu zerbait!
        Taberna barruetan, jatetxeetan burrunba ere ikaragarria da. Umeei oihu egiten lagatzen zaie edonon: “Neska, umeak dira!” esan eta kitto!
        Espero dut gaur arratsaldean, atzo ez bezala, musika eskolakoek batukada ez entseatzea 🙂

        • Atzo ohetik atera behar izan nuen etxe azpiko tabernako terrazan txakur bat zaunkaz ari zelako gaueko hamabiak laurden gutxitan; kalera jaitsi eta zain egon nintzen egoera zein zen jakiteko: txakur handi bat, baritono ahotsarekin, jabeen ondoan lotuta eta andreak esaten zion, “por qué ladras, cariño, tienes ganas de hacer pipi?” Txakurra isiltzen zen eta handik pixka batera hasten zen berriz. Jabeak ez ziren eserita zeuden lekutik mugitu, ni haiekin hitz egin arte. Okerrena zera da, haserretu ondoren, gehiago kostatzen dela lo hartzea… 🙁