Komunista euskaldun baten ipoda

Komunista euskaldun baten ipoda –

Azken asteetan entzun eta irakurri ditudan eztabaida batzuen harira, hiru ideia labur hauen bueltan idaztea pentsatu dut.


Ipoda daukaten komunistak

Komunista euskaldun baten ipodaEne ustez, antikapitalismoak ez ditu Ipodak eta Coca-Cola kritikatzen, baizik eta Ipodak eta Coca-Cola ekoizten diren fabrikak pribatuak izatea. Ez dira nahastu behar antikapitalista eta ermitaua izatea; ezinezkoa delako lan-harreman kapitalistetan ekoiztu ez diren produktu eta zerbitzuak kontsumitu gabe bizitzea kapitalismoan (ez bazara ermitau bat).

Coca-Cola edan beharrean aldameneko etxaldeko sagar-madari-mahats zukua edanez gero hobe, eta koltanik gabeko Fairphone bat erosi nahi baduzu, aurrera. Baina ezin da ahaztu arazoa produkzio iturrien jabetza pribatuan dagoela, bestela ondorio okerretara iritsi gaitezke: hau da, pentsatzea petrolioaren eta bere deribatuek sortzen duten kutsaduraren eta bidegabekerien erantzuleak ez direla multinazionalak eta mundua beren beharraren eta diru gosearen arabera antolatu duten aberatsak, baizik eta zu. Zu, zure kotxetxoaren deposituan 20€ diesel bota eta hortik aurrera CO2-a isurtzen duzun ganoragabe horrek. Kongoko egoera ere, noski, zure kulpa da, mugikor “estandar” bat erosteagatik, Fairphone bat beharrean.

Produktuak eta ideologia konparatzea jolas dibertigarria izan daiteke: “jope, Pasolini, zu oso komunista, baina a zer nolako bideo kamerak dauzkazun, ezta?”; “aizu, Frantz Fanon, zu oso iraultzailea izango zara, baina gero majo gustatzen zaizkizu langostinoak, e?!”


Bi miseria

Langile klasearen barruan ulertzen dut badaudela proletarioak, autonomoak, kooperatibistak, funtzionarioak (poliziak ez, e, beste denak), lan erreproduktiboetan dihardutenak… Baina klase ertaina ez dakit oso ondo zer kristo den. Etxea, furgoneta eta eskiak dauzkana klase ertaina omen da. Baina etxera ogia eramateko daukan baliabide bakarra bere lan indarra bada, ez du aldamenekoa zapalduz gora egin kapitalismoaren eskaileretan; eta murrizketak egin eta kalera botatzen badute, edo fabrika tokiz aldatu eta bidali, “klase ertainetik” langabetu izatera pasako da amen batean.

Langileak ez duelako beti lan egiten nahi duen tokian. Israelen harresia eraikitzen aritu ziren langile gehienak palestinarrak ziren, eta Palestina bihotzean daraman soldatzaile euskaldunak Israelera doan piezan dihardu lanean; harresia egotea eta pieza horiek Israelera iristea palestinarren eta soldatzaileen errua dela esatea ez zait zuzena iruditzen. Beti esaten da, 3€-ko kamiseta baten atzean bi miseri daudela: egiten duenarena eta erosten duenarena, eta erdian bi miserietatik elikatzen den aberatsa. Zilegi da denaz nazkatu, lanpostua utzi eta artisau garagardoa egiten hastea, baina horrek ez du arazoa konponduko; langile borrokak bai: atzo Lemoizko piezak deskargatzeari uko egin zioten Bilboko portuko langileek; gaur suhiltzaile ugarik uko egiten diote etxe kaleratzeetan parte hartzeari. Arazo kolektiboek irtenbide kolektiboak izan ditzakete soilik.


Etxe kaleratzeak euskaraz

Euskarak geroz eta plaza gehiago irabazi, hobe.

Amaia Egañak bere buruaz beste egin zuenetik 900 etxe kaleratze egin dira Barakaldon; bankuek etxe kaleratzeen berri ematen duen gutuna euskaraz bidaltzen badute, euskararen normalizazioaren seinale bat izango da; etxetik atera eta komisaldegira eramaten zaituzten poliziak euskaraz mintzo badira zurekin, euskararen normalizazioaren seinale bat izango da.

Hau da, gure herrian egunero bizi diren bidegabekeriak euskaraz balira, bidegabekeria bat gutxiago izango genuke; ez gutxiago (eta ez da gutxi), eta ez gehiago.

Komunista euskaldun baten ipoda
Komunista euskaldun baten ipoda
Komunista euskaldun baten ipoda
Komunista euskaldun baten ipoda, Kontraesanak, lana, lanbidea, ofizioa, ogibidea
Beñat Hach Embarek Irizar

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

2 pentsamendu “Komunista euskaldun baten ipoda”-ri buruz

  • euskaldun bat 2018-11-16 11:22

    Benat, euskara ez da langile klasearen borroka bat gehiago. Ezin dira maila berean jarri euskara eta etxegabetzeak.

  • Paragrafo bakoitzean txupito bat edateko moduko testua. Gurpila, polbora eta duela 60 urte nerabe bizargabekoek zituzten eztabaidak, gauden unera ekarri gaituztenak. Bejondeizula Beñat, bide onetik zoaz!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude