Irizpideak

Haurra txikia denean hasten da sailkatzen. Etxean eta eskolan, hasieratik ikasten du multzoak egiten: inguruan ikusten dituen gauzak, erabiltzen dituen jostailuak, irakasleek eta etxekoek eskaintzen dizkioten objektuak, forma anitzeko piezak… denak dira taldekatzeko gai. Eta horrela, poliki-poliki pentsamendu zientifikoaren jabe egiten da. Prozesu horretan, gertu dituen helduak dira sailkapenak egiten laguntzen diotenak, eta, pixkanaka, gauzak ordenatzeko era desberdinak daudela deskubritzen du. Abstraktuago direnak ere sailka daitezkeela ikasiko du aurrerago. Eta horri esker joango da eraikitzen munduaren ezaguera eta ikuspegia.

Arlo guztietan eta eten gabe egiten ditugu sailkapenak, eta, aldi berean, zientziek eskaintzen dizkiguten ordenamenduei esker, osatzen ditugu ezagutzak. Horrela dakigu, esate baterako, animalien artean ugaztunak garela, elurra prezipitazio mota bat dela, kareharria arroka sedimentario kimikoen taldean dagoela edo izarren multzoan kokatu behar dugula eguzkia.

Jakintzaren eraikuntza horretan ari garela, une bat iristen da non kontziente egiten garen sailkapenaren giltza irizpidea dela. Hau da, irizpidea nola, errealitatearen ikuspegia (interpretazioa) hala. Eta horra iritsita, hara hemen nire kezka: Nork ezartzen dizkigu errealitatea interpretatzeko erabiltzen ditugun irizpideak? Eta zergatik barneratzen ditugu horietako asko duda izpirik gabe? Zeren, nire irudiko, sailkapenak egiteko onartzen ditugun irizpideek uste dugun baino gehiago gobernatzen dute gure bizitza. Hortaz, ondo legoke horietako batzuk hankaz gora jartzen hasiko bagina.

Eta ez noa eztabaidatzera babarruna eudicotyledoneae taldekoa ote den, edo kakalardoa koleoptero den edo ez den… baina esplikatuko dit baten batek zer egiten duen burtsako espekulatzaile batek zahar egoitzako erizainaren lan sektore berberean?

Ekonomia, gizartea, heziketa
Arantza San Sebastian

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude