Horrorearen zentzua galtzean
Horrorearen zentzua galtzean
Arantza Santestebanek, Berria egunkarian:
Sadar futbol zelaian Gordo hizki larriz margotuta zekarren pankarta bat jarri zuten duela aste gutxi. Berehala egin zuen salto gaiak sare sozial nahiz komunikabideetara, eta batzuen zein besteen asaldurak agerrarazi zituen. Lazgarria, salagarria, zeharo zigortzeko modukoa. Alabaina, analisia beste eremu batera eramaten badugu, gertaera honek bere horretan duen esanahia da, sakon-sakonean, asaldagarria dena.
Antigonaren kontakizuna berrirakurri du Judith Butlerrek. Creon erregeak Polinices-en hildako gorpua lurrean utzi zuenekoa, hain zuzen ere. Halaxe ezarri zuen zendutakoa, publikoan guztien bistara eta bere ehorzketa debekatzen zuela. Ekintza honen esanahia hori guztia zen, eta era berean, hori baino ez: hildako gorpu bat, modu iraingarrian abandonatuta. Erregearen helburua bere desafiatzaileak gaztigatzea zen; horixe zen espero zezaketen patua. Edota, beste irakurketa bat eginez, heriotzaren agerpen publiko eta espektakularra egiteko modua izan zen Creon-ek erabilitakoa.
Aldeak alde, Gordo-ren aldeko pankartak Sofloces-en Antigona ekartzen du gogora. Zer gertatzen da bortxatzaile baten aldeko pankarta bat espazio publikoan bat-batean agertzen denean? Zer da halakoekin aktibatzen dena? Iritzi publiko orokorrak kondenatzen du, deitoragarria baita, nazkagarria. Sare sozialetan, eztabaida foro amaigabeetan eta orotariko hedabideetan, ordea, bide propioa egiten hasiko da notizia, gertaera lazgarri horren espektakularizazio prozesuari hasiera emanez. Gertaera testuingurutik aterata, sakoneko arrazoiak alde batera utzita eta biluzirik, sentsazionalismoaren gaitzak bere bidea egingo du.
Minaren gainean zauria, esango dute askok. Hala izan liteke; afera da sarean antolatzen den gizarte hiper-moderno honetan informazio fluxuak eta abiadurak azkartzen dituztela naturalizazio prozesu horiek. Bimba Bosé-ren heriotzaren biharamunean Twitterren izandako eraso homofoboak horren lekuko. Heriotzak sarera salto egin zuen, senide baten txioaren bidez, ageriko gorpurik gabe eta 140 karaktereko testuan. Hortxe hasi ziren mota guztietako gehiegikeriak.
Halaxe, modu asko dago erailketa bat edo bortxaketa bat normalizatzeko. Urrutira joan gabe, komunikabide jakin batzuetan oso arrunta dena: bortxatzaileak edo hiltzaileak «oso jatorrak» direla azpimarratzea, behin eta berriro. Hor dugu Iruñeko bortxaketa egin zutenekin gertatu zena espainiar telebista publikoko programa batean; bizilagun baten hitzekin ireki zuten saioa: «Son buenísimos».
Izan ere, gisa horretako diskurtsoak ohikoak bihurtzen direnean eta eguneroko bizitzaren markoan banalizatzen direnean, arazoaren zentzua galduz joaten da. Horren guztiaren aurrean, Butlerren errezeta: bizitzaren aurrean horrorea sentitzeko gaitasunari eutsi behar diogu, aurrean duguna horrore liluragarria bihurtu baino lehen.
Ez du ematen espainiar telebistetako programa batzuk horrelako kontuetan oso eredugarriak direnik. Ohikoa bihurtu da, lehen mailako arazo sozial zein politikoez hitz egiteko, prime timean emititzen diren debate politikoak egitea. Bertara joaten dira politikariak, kazetariak, tertulianoak eta orotariko iritzi emaileak. Aukera gutxi egon ohi da zentzuzko iritziak entzuteko, saiatuta ere ez baita tokirik ganorazko eztabaidarik egiteko. Agerikoa da, horrelako programak espektakularizazio prozesu hauen katebegi ezinbestekoak dira.
ETBk badu formatu horretako programa bat ostiral gauetan, La noche en Jake saioa, hain zuzen ere. Orain gutxiko indarkeria matxistari buruzko programa espektakularizazio prozesu horien beste adibide bat izan zen. Zer gertatzen da indarkeria matxista bezalako gai larri eta konplexu bat halako eztabaida-parametroetan jorratzen denean? Lehen planoan polemika ezartzen denean eta ez azterketa serioa, eta hori berariaz egiten denean, besteak beste audientzia kontuak direla medio, analisi etikoa eta politikoa eragozten da. Horren ondorioz entzun genituen saio horretan entzun genituen horroreak.
Bortxaketa bat, heriotza bat, abusu bat, polemika mediatikoaren arauen menpe uztea ez da huskeria. Sinplekeriak agintzen du halakoetan, testuinguru faltak, etika gabezia nabarmenak. Halaxe egiten zaie leku orotariko iritziei: indarkeria matxista ezeztatzen duten emakumeei, erasotzaileak psikopatak besterik ez direla esaten dutenei, beren pribilegioen zein botere sinbolikoaren kontzientziarik batere ez duten gizonei, epaile ultrakontserbadoreei.
Gure gizarteko auzi larrienetako bat, futbol tertulia ezdeus bat balitz bezala. Nola senti daiteke abusuak jasan dituena zabalkunde masiboko egunkari batean Juan Kruz Mendizabalen inguruan El cura más cercano titulua irakurtzen duenean? Bortxatutakoa Gordo hizki larriz irakurtzen duenean? Adierazlearen errepikapen akritikoak, kontzientzia hartzea eragin baino gehiago, arazoaren larritasuna lausotzen du. Erasoa normalizatzen duen gizartean, kontzientziaren mugak ezabatzen dira eta zaila izaten da izendatzen dugun hori norberarengan gorpuzten dela jabetzea. Egin ditzagun eztabaida serioak eta berreskura dezagun horrorearen zentzua.