Hildakoak, pertsonak eta spoilerrak

Hildakoak, pertsonak eta spoilerrak –

Mundu-mailan egon den lehenengotariko spoilerra izango zen Bruce Willisen ondoan, ohean etzanda izarak leporaino igota xuxurlaka hitz egiten zuela, aldizka hildakoak ikusten zituela zioen haur pixka bat beldurgarri hura protagonista zuen filmarekin gertatu zena. Jende askok filma ikusi aurretik zekien Bruce Willis hilda zegoela; hala ere, ikusi egin zuten, filmak dagoeneko grazia zipitzik ere ez zuen arren.

Bada, ez dakit oso ondo zergatik, baina haur harekin gogoratzen naiz norbait «nik pertsonak bakarrik ikusten ditut» esaten ikusten dudanean. Haur haren ahotsa etortzen zait burura, gizonak, emakumeak, transak, bollerak, marikak, beltzak, zuriak, aniztasun funtzionala dutenak edo halakorik ez dutenak eta abar ikusi ordez, pertsonak bakarrik ikusten dituztela diotenak entzutean. Beharbada, haur haren ahots xuxurlatiak bezalaxe, pertsona horiek ere beldurra ematen didatelako egiten dut lotura hori.

Jarraian, ordea, «nik pertsonak bakarrik ikusten ditut» diotenek ahots xuxurlatirik izaten ez dutela pentsatzen dut, eta indartsu eta harro hitz egiten dutela, pentsamolde progresista eta tolerantea dutela sinetsita egoten direlako. Eta, jakina, esaldi hori esateko adorea edukitzeko, nahitaez egon behar dutelako sisteman eroso. Izan ere, hala izan ezean, ez litzaieke horrelakorik esatea burutik pasatu ere egingo.

Pertsonak bakarrik ikusten dituztela diotenek definizioz ukatzen dute gizarte honetan egiturazko berdintasun-gabeziak daudela, guztiok eskubide berberak dauzkagula eta berdinak garela uste baitute, edo, behinik behin, hori esaten dute. Horren ondorioz, diskriminazio edo eraso matxistak, arrazistak, homofoboak, transfoboak, kapazitistak eta abar existitzen ez direla pentsatzen dute, pertsonen arteko kontu pertsonal edo intimoen ondorioz gertatzen direla horrelakoak. Berdinak baikara.

Besteak beste, ez dute LGTBIren aldeko borrokaren egunaren premia sentitzen, ezta kontzertuetan edo erakundeetan kuotak ezartzeko beharrik sentitzen ere, euren esanetan guztiok dugulako aske bizitzeko aukera, edota gure gaitasunen arabera iristen garelako eszenatoki edo lanpostu zehatz batera. Hankartean dugunak edo hankartean bizi dugunak edo azalaren koloreak zerikusirik edukiko ez balu bezala.

«Nik pertsonak bakarrik ikusten ditut» diotenek normarekin bat egiten dute, haiek ikusi ala ez ikusi. Eta hain justu horrexegatik nahi dute guztiak berdin jarraitzea, beren pribilegioak galduko dituzten beldur, balizko berdintasun baten izenean hitz eginez.

Bada, begira, spoiler bat egingo diet horiei guztiei: ideia hipokrita, baztertzaile eta zapaltzaile horrekin jarraituz gero, eroso egoten jarraituko duzue, bai, baina gizartea osatzen dugun kolektibo askoren bizitzaren kontura jarraituko duzue hor goian egoten.

Baliteke odol tanta batzuek zuen aurpegi zuri borobil hori zipriztintzea ere, eta, beharbada, aldizka, zuek eragindako hildakoak ikusiko dituzue, ohean etzanda izarak leporaino igota dituzuela.

Hildakoak, pertsonak eta spoilerrak

Feminista eta itzultzailea