Hautagai salbatzailearen sagar pozoitsuaz
Hautagai salbatzailearen sagar pozoitsuaz –
Ipuinak idazten ohi dira irakaspenak hedatzeko, jendarte ezberdinetako pertsonai ikonikoak antzezteko, edota errealitatean ematen diren egoeren gaineko abisuak emateko, besteak beste. Nahi ala ez, kondaira guzti hauek eragina dute gure pentsakeran. Hortaz, kolore eta ideologia ezberdinetakook erabili izan ditugu gure idei eta baloreak helarazteko. Politikagintzan ere, istorio asko kontatzen eta sinistarazten dizkigute. Gure burmuinak modelatzen dituzten kontaketak xuxurlatzen dizkigute mundua modu bakar batez uler dezagun. Eta umeek moralejak barneratzea espero dugun moduan, gugandik ere, egoera zehatzen aurrean erantzun bakar bat desira dute.
Kontakizun tradizionaletan, emakumeok, askotan, salbatu behar den agentziarik gabeko gizaki bezala agertzen gara. Bi arketipoen artean gatibu gaituzte. Alde batetik, pertsonai gaiztoa aurkezten digute. Honek itxura anitzak hartu ahal ditu: otsoa, dragoia, sorgina, amaordea… Beste aldetik, normalean, salbatzaileak aurpegi bakar bat du, printze urdinarena.
Egun hauetan, idei zoro bat etorri zait burura. Emakumearen papera Herriak hartuko balu, eta printze urdinarena gizonezko hautagai salbatzaileak, ez ote geundeke askotan toki eta garai ezberdinetan egindako iruzurraren aurrean?
Irudika dezagun horrela gure kontaera: Kasu honetan bahituta dagoena Herria da. Askatasuna, duintasuna eta bizitza bera lapurtzen dionak, orain ere, maskara ezberdinak izan ahal ditu: diktadura faxista edota militarra, eskuma zaharkitua gorpuzten duen presidentea, krisi ekonomikoa, nazio zapalkuntza, edota lege errepresibo bortitza demokrazia burgesaren parte den edozein alderdik ezarria… Bapatean, keinu edota gertaera zehatz batek jendearen pazientziarekin bukatzen du, eta antolatutako sektoreren baten iniziatibaz, gazteak gehienetan, Herria lokuluxka luze batetik esnatu egiten da. Momentu horretan, argi dago botere instituzionala dutenen zikloa agortzen ari dela. Baina honetaz gain, aukera berriak agertzen dira, beste eszenatokietan garatu ahal direnak, errotik, errealitatea eta narrazioa aldatzeko ahalmena dutenak. Zoritxarrez, gehienetan, ipuin hauetan ere, populazioa liluratuta geratzen da printze urdina edota hautagai salbatzailearen kantuekin. Mobilizazioetan entzundako aldarrikapen batzuk bereak egiten ditu kaleari indarra kentzen dion bitartean. Metatutako herri botere guztia eta aurreratu den antolakuntza herrikoia hauteskunde edo lehia instituzionaletara bideratzen ditu gehienetan, eta iruzur honetan, sortutako baldintzek pisua galtzen dute. Instituzioetara helduz gero, hasieratik defendatutako posibilismoaren diskurtsoa erabiltzen du aldarrikapenak ez gauzatzearen arrazoiak argudiatzeko. Eta egindako promesa guztiak ahaztu, ukatu edota moldatu egiten ditu. Herria, normalean, saldua sentitzen da, eta amorrua izan zena etsipena bihurtzen ohi da. Gutxi batzuk geratuko dira beti inurriak bezala lur azpian eta lur gainean etorkizunerako aukerak sortzen eta itxaroten. Baina argi izanda, galdutako ilusioa berpizteko, urteak, odola, sufrimendua eta lan asko beharko dela.
Txileko egoera politikoa izan da kondaira beltz hau momentu honetan burura ekarri didana. Iritzi tarte asko idatzi daitezke Txilen azken urte hauetan gertatutakoa aztertzeko asmoarekin. Baina gaur, hori ez da nire nahia. Idatzi honen iturburua Hegoamerikan kokatzen bada ere, Txileren ordez, estatu espainola edota Euskal Herria jarri daitezkeelakoan nago. Estatu espainolaren kasuan, GALen X jauna izan daiteke eredurik biribilena. Bere itxurak, “aldaketaren mezuak” eta oso ondo antzeztutako abar luze batek belaunaldi oso bat itsutu zuten. Ostean, eredu bera jarraituz eta Herriaren amnesiaz eta somnanbulismoaz baliatuta, kontaketa irentsi egin dugu behin eta berriro.
Karibeko irla magiko batean, egun batean, Euskal Herriko egoera politikoaz berba egiten, narratzaile bikain batek zera esan zigun: “Ipuin berriak asmatu behar ditugu”. Istorio batzuetako igarkizun zailen antzera, ez nuen asmatu bere hitzen esanahi guztia. Bere kontakizun berrietan, Herriak bere burua salbatzen duela amestu nahi dut.
Hautagai salbatzailearen sagar pozoitsuaz