Pasioz

Pasioz –

Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan.

Otsailean hil zen Itziar Laspiur Zabala, luzaroan Eibarko AEKn irakasle izandako emakume indartsua. Familia euskaltzale apasionatukoa, Kontxa AEK-ko irakasle beteranoaren ahizpa, eta Imanol Eibarko euskararen adituaren arreba. Ezinbestekoak herriko euskalgintzan.

Irakasle izan nuen urte bitan alfabetatzen. Zorrotza eta umoretsua, lan pila bat egiten genuen berekin. Behe urratsetan zebiltzan nire lagunek jokoak egiten zituzten bitartean, guk diktaketak, aditzak eta atzizkiak lantzen genituen. Inbidiaz begiratzen nien, baina helburua poesia euskaraz irakurtzea zenez, ezinbestekoa zitzaidan Itziarrek prestatutakoa fin egitea. Bere begirada zoli eta sarkorrak behatzen zigun, eta behar genuena antzematen. Bihotzez eskertzen diot egindako lana!

Pasioz
Argazkia: Atarrabiapitxiak

Itziar eta Kontxa asko daude Euskal Herrian, gau eskoletan hasi zirenak hizkuntzari zioten maitasunarengatik, militantzia hutsez, pasioz, borondatea zutela didaktika bakarra. Eurei esker askoz euskaldun gehiago gara. Ikastoletako andereñoek jaso zuten errekonozimendua, egindako urteak onartu zitzaizkien Gizarte Segurantzan. Baina euskaltegietako irakasle isil historikoei inork egin die gorazarre? 22. Korrikan Karmele Jaiok mezu ederrean “gure jainko txikiak” aitatu zituen, baina euskalduntze-alfabetatzeko aitzindaririk ez. Pena handia eman zidan AEK-k antolatutako ekitaldia izanda, gainera. Ezkutuan eta isilik. Itziar gure jainko txiki horietako bat da.

Inoiz ez diot eman eskerrik irakasle bati, nahiz eta irakasle donge bati zutabe osoa eskaini behin; hortaz, Itziarri omenaldia izan dadila beste maisu-maistra eredugarri batzuk gogoratzeko, esker onez.

Itziar Gallastegik libre adierazteko aukera eman zigun. Lengua ikasgaian koaderno bat zegoen ikasleon eskura. Bertan nahi genuena idatz genezakeen, askatasun osoz: poemak, kritikak, salaketak, esaldi politak… eta egun konkretu baten altuan irakurtzen zituen. Gelako liburutegitxoa ere sortu zuen liburu bina eroanda. Truke zoragarria, hori guztia OHOko (EGB) 7. mailan. Idazketa eta irakurketarekiko pasioa ikasteko bide eraginkorra. Beti adeitsu eta pazientziaz.

BUPen eta COUn izan nuen Maite Azpilikueta, matematikako irakasle ezin hobea. Azalpenak bikain ematen zituen, pausoz pauso esplikatzen zigun nondik atera eta ebazten ziren deribatu, integral, matrize, parabolak… Argi eta espantu barik. Serio, baina ez gogor. Matematikak dibertitzeko ere balio lezakeela deskubriarazi zidan, zenbakiekiko pasioa.

Morfosintaxiaren misterioak argitu zizkidan Tere Irastortzak (bai, poetak) zapatu goizetan Bergarako UNEDen, sakontze mailan ibili nintzenean. Esaldi amaigabeetan kateatzen gintuen, umorez eta gertutasunez. Eta Ariadna modernoa balitz lez, hariari jarraituta esaldia piezaz pieza desmuntatu, eta aztertzeko gai izaten ginen. Berak irakatsitako gauza asko erabiltzen ditut gaur egun ikasleei kontzeptu gramatikalak azaltzeko, eta funtzionatzen du pasioak!

Eta gizonezko bakarra, Julen Arexolaleiba euskara eta soziolinguistika irakaslea Eskoriatzako Irakasle Eskolan. Isil eta apasionatua. Eskertu nahi diot nigan konfiantza izan, eta nuen euskaltzaletasuna bideratzeagatik. Ez dauka preziorik.

Irakasle asko izan ditut, ia denek irakatsi didate zerbait. Baina gehien eragin didatenak pasioa jarri dutenak izan dira, irakaskuntza pasio barik ez delako ezer.

Pasioz

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude