Bainak

Bainak. Bainak inportanteak izaten dira. Izan ere, maiz mezuaren pisua bainaren ondotik heldu den horretan izaten da. Espainiako errege izandakoak, adibidez –eta harekin batera, hainbat eta hainbat kazetarik– behin baino gehiagotan gogorarazi digute egin dituen hanka sartze, akats, huts egite edo, argi mintzatzeko, delituak bere bizitza pribatuari dagozkiola, baina bizitza publikoan duen karguari esker ihes egin dio bertzenaz jaso beharko zuen zigorrari. Espainiako errege izandakoa, antza, ez zen ihesi joan, baina ezin da Espainiara itzuli; ez zuen deliturik egin, baina Ingalaterran baietz diote.

Bertze adibide bat: Gaztela eta Leonen, muturreko eskuinari gobernurako bidea zabaldu diote, baina lasai, muturrekoa ez bide den eskuineko liderra ez baita joan argazkia egitera.

Bainak

Espainiako gobernua, hondarreko adibide bat emate aldera, oposizioko politikariak zelatatzen ibili omen da, baina ezin du azalpenik eman zelatatze jarduera horiek sekretuak direlako, nahiz eta, azalera atera badira, nik erranen nukeen hain sekretuak ere ez direla. Gauzak nola dauden ikusita, baten batek pentsatzen ahalko luke Espainiako gobernua legea hausten ari dela, baina Espainiako gobernuak berak errana du ezetz, ez dela legea hausten ari, eta hori baldin badio sekretuak direlakoan ageriko gauzak eta oinarrizko azalpenak emateari uko egiten dion gobernu batek, ba, izanen da sinesten dionik, baina nik uste dut aski zalantzagarriak direla gobernu horren azalpenak.

Eta bai, nik uste Espainiako sistema demokrazia dela, baina…

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko apirilaren 25ekoa]

Bainak

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.