Hathor honat izaki jator egiptemea
Hathor honat izaki jator egiptemea –
Behinolako goizeko ordu txikitan, hozkailuaren berme-agiria izozkailutik atera eta dendariaren etxera hurbildu nintzen. Gau-jauzietarako kamisoia kendu gabe azken irrintzia zen txandala gainetik, takoi hagitz luzedun zapata parea jantzi eta ene haserrea labainarazteko baxoerdi taktiko bat irentsita, zaila zen oreka mantentzen saiatu nintzen. Atariko kanpaitxoari lau aldiz eman eta ‘inkapataz’ lotia azaldu zitzaidan ernegaturik. Guri saldutako tresnak zarata gehiegi egiten zuela eta behar ez zen orduan esnatzen gintuela esan nion. Berak, nire ‘piurari’ inguratze-maniobra batekin asmatu omen zuen hozkailuak katarroa zuela, «gauaro hotz hauekin zer nahi duzu ba…». Nik berriz, tresnaren zalaparta malapartatu ‘hua’ 7:45ak aldera pizteko programa zezan eskatu nion, eskolarako prestaketan hasteko ordu ona zelako, behinik behin. Besteak zioen ezinezkoa zela marrantaren ordua finkatzea. Hortaz, egun horretan, Baztango «Agote» tailerrera eraman nuen. Hango lagun elektromekanikari trebeak erran zidan hozteko tresnaren arazoa ez zetorrela ekoizpen ataletik. Zantzuek zioten, ustez, azpikontratako salmenta-buruaren aginduz ‘kapataz’-ak berariaz egindako esku-sartze programatua izan zela -ez baitzen lehenengoa-, eta bermeak ez zituela horrelakoak konpontzen. Urte berean jakin genuen saldukeriatan zebilen artaburuak «Sasikume Eraginkorra»-ren saria jaso zuela, espaziora bidaiatzeko hamar punturekin batera. ‘Earra’ da batzuentzat beharrik ez izatea, ez materiala ez morala.
Zurikerietan oinarritzen diren arkatza eta liburu desegokiak maite dituztenen artean, badaude bai Korrikaren arriskuez ohartarazten gaituzten lapurren Udal Bandoak ere. Energia bereganatu eta xahutzen dituzten espaloiko hainbeste farolari artean sigi-sagaka aritzea askoz ziurragoa delako, noski. ‘Autokonplazientziaz’ beteriko Lerineko Kondea, Albako Dukea eta batzuen errege den kirol biribil zurikatzaile horren Estatuko hiriburuko Dekretuak oraino. Akaso, «Basque Korriking», «Baskisch Verlegeng» edo «La Korrika Madrileña» izenetara aldatuta limur genitzake. Hurrengoan, beharbada, azkarregi goazelako abiadura-muga gainditzeagatik isuna jarriko digute. A ze identifikazio-maniak dituzten hiru-adardun berde eta borradun urdin ilunek ostera ere. Oraingo honetan ez die denborarik eman, guri segika korrika aritu beharko luketelako eta arma gabeko parte hartzeak ez zaizkie batere gustatzen. Gainera, arineketarako ingurumarian ekoizten diren hainbeste eraso-fusil eta traste zikinak areketan laga beharko lituzkete, oso desatsegina egiten zaien beste ekintza. Ez dira ez nekatzen hainbeste pitokeria egiteaz. Sinbologia xumea lotsabakoz lapurtzen jarraitzen dute, Bako arnoaren jainko burua lez. Halaber, aztarna batzuen zehaztasunezko azterketak saihesten dituzten adituak baditugu ingurunetan, zeinetan zientzia ideologiaren eskuetan dagoen. Alboko kuarteltxoen gaueko sasi-izpirituen irtenaldiengatik izango ote da? Jipoi eta labankada patriarkalak nonahi banatzen dituzten matoi berdinen lagunak edo ondorengoak izango ote dira?
Beste batean, iparraldeko ondo zaindutako aintzira eder bateko «Kukurruku» izeneko tabernara sartu eta urdaiazpiko ‘bokaillua’ eskatuta, ‘bakaillu’ aurpegia jarri zitzaion saltzailearen errieta jaso nuen: «Hori espainola da!! Horrelakorik ez daukagu!!». Gogo txarrez, ‘tarteko’ minimalista eta ogi mehar ihartu batez bilurtutako zera bat emanda, txaparruaren ‘faltrikera’ erresonantzian jarri zidan muturreko segakada baten laguntzarekin, eskerrak sakelakorik ez nuela. Bada, hurrengoan, Baionako «Euskal Sanguitxa» eskatuko nion, hormaren afixan -euskal hitz petoa- salneurririk gabe idatzita zegoen lez: «Sanwich Jambon». Beldurtu egin ninduen «La Marseillaise» abestea besterik geratzen ez zitzaion honi, akaso, horma bereko Robespierreren irudi fin harekin lepoa moztuko zidalako. Nik ere gogoz botako zintuzket bertatik, Burkina Fasotik, Malitik, Guadalupetik,…Parisek dakarren ‘Zimmaur’ eta ‘kolonia-birus’ guztiekin batera. Gure baserriko asto zahar maiteari nahiago bozka eman zuei baino.
Nire arbasoetako batek ‘Mora’ zuen abizena, Cuenca-ko Bonilla herritik Nafarroara etorria – Coriako apezpiku izandako Galartzako Jauntxoak eraikitako komentuaren inguruan jaioa, han nonbait-, Rh negatiboaren bila zirudienez. Aurkitu zuen bai, Bixenta Maiz emakume emaile unibertsal aberatsarekin ezkondu eta bere ondasunak xahutu zizkion, Cádiz-eko konstituzioaren aurreko eta ondorengo ohitura absolutuei jarraiki. Akaso Gádir-etik etorrita, lehenago Kartagotik, Feniziatik eta akadiarren herrialdetik -indoeuropar zein semitikoen hizkuntzekin ustez zerikusia ez zuenaren bila- edo Saharatik, edo Egiptotik, edo Tanzaniatik, nork jakin. Lasaitasuna ematen dit jakiteak nondik datorren nire zatitxo bat. Garai eta leku bakoitzeko baldintzetara egokitzeak dakartzan ezaugarri fisiko zein psikologiko, ohitura, sinesmena eta usteak ez baitira gizaldi batean aldatzen. Belaunaldiz belaunaldi barreiatzen diren batzuei jaramonik ez egitearekin nahikoa bada ere, beste batzuei, ordea, norberaren estruktura psikologikoaren parte direnei -lehen urtetako emozioekin lotutakoak oroz gain- aldaketa epigenetiko mantsoagoak zor zaizkie.
Egun ere gaurko konstituzio gehienen artikuluak paper erre, denok dakizkigun eta jainkotasun generoa duten horiek ez badira, bederen. Bizitzaren sokatira honetan, betiko ahaikatzaile muturdunek hoberen dakitena egiten jarraitzen dute, deuseztatzearen negozioaz elikatzen. Mendebaldeko nola ekialdeko ‘arkiak’ ez dira oraindino ase paradisu mineral, fiskal, turistiko zein moralen etekinekin. «Eta zure gurasoen gurasoak zergatik etorri ziren honat? Bada zure gurasoen gurasoek orobat geure lurrak birrindu zituztelako eta haien gehiengo mozkinak hemen darabiltzazuelako oraindik». Onartezinak diren basapiztia-lizentziak ematen zaizkie laguntxo muturluzeen nonahiko berjerei, hiru botereen beldurrezko eskuzabaltasunaz babesturik. Jakin badakigu nora garamatzan zentzugabekeriak eta nora bideratzen dituzten basapiztien peoiak direnak, gustuko dutelako erabiliak izan ondoren amildegira jaurtiak izatea, ohorez ekipatuta batzuk, ahaztuak besteak. Guri bost! Krimenarekin esperimentatzeko baimen absolutuarekin gure negozioa zabaltzen den bitartean; aukera paregabea, duda barik. Ziur al zarete zuen seme-alabak ez dituztela parte hartzera behartuko, orain behartzen dituzten era bertsuan? Jai daukazue, hauek ez dira nehoiz fidatzekoak izan. Zeren eta oraindik ere bularra puzten baitzaie sasiko madarikatuei, historian zehar egindako gerrako krimen guztiez harro. Ja!!! Azala behar da gero, irudi erretoriko honekin gerlen sortzaileen erailketak leundu nahi.
Edozer gauza egiteko prest daude bereganatutako sasijainkoaren gurtzerako, batena zein bestearena diren oasietan. Beraien egia da bakarra, absolutua. Hau bai dela jainkoaizunkeria, hoa xixen bila petral alena!! Ziur egon amestutako osotasunaren izenean eragiten diren sakailak han bertan ez dauden gutxi batzuen onerako direla. Hainbatetan gizakiaren jostailu den beste zentzugabeko kategoria absolutu bat delako. Betikoen ergelkeria zitala eta ‘mister/miss unibertso’ direlakoak izendatzen dituztenena kenduta -kosmosaren espezie bakar nagusia bagina bezala- absolutua denik ez dut uste gehiago dagoenik. Hitza bera metafisikaren hausnarketetatik haratago egokitzeak berezko akatsa darama muinean. Gehiengook ez ditugu horrelakoak gurtzen ezta agurtzen ere. Ez ditugu ergelkerien artisauak maite. Zuen ezagunen lagunen ezagunen lagunak ezagun ditugu, finean, prozesu ‘antzeko-parezido’ batetik gatozelako, Ur, Lur, Aire, Su eta nano-plastiko bertsuez eginak. Iraintzea ez da bidea ez, batik bat gehiengoon ‘intelligentsia’-ri mendez mende halako mespretxuak egitea, masakreen esentzia beti errepikatzen baita: «Nirea da!, Eta jatorrizko benetakotasunetik eratorria! Bai zera!, Hau nirea da eta egiazkoa, ze ni naiz ustelkerien ordezkaria! Ezetz diotsut! Baietz! Bada to zartadakoa gurearen izenean!…Eta gure bake baldintzak onartzen ez badituzu, zuen ondorengo belaunaldiek gure erreakzio nuklearraren indar suntsitzaileak pairatuko dituzte, belauniko». Zein astunak zareten…ez duzue ez lotsarik ez erremediorik ere. Txanpondun ameskerien espazio-ontzietan hemendik ihes egiteko astirik izango bazenute -ez dizue denborarik emango- aurkitutakoa berdintsu deuseztatu eta hauts dilindariekin bat egingo zenukete, lehenago edo beranduago. Hainbesteko solemnitatez idatzitako giza eskubide deslaiak zangartean igurzten dituzue, espetxealdi iraunkor berrikusgarriaren menpean aspaldi, besteei moralkeriaren diplomak banatzen dizkiguzuen bitartean. Noizbait pinpilinpauxen hegada-uhinak zuen presondegi, harresi eta gezurren bunkerren erresonantzia-maiztasunera iritsiko dira, goitik behera biluztu eta irrigarri bihurtuko zaituztete.
Eta zer esan kontzeptuen xixkalariei buruz?? Zertan zabiltzate hain ezezaguna duzuen ‘errealitatea’ deiturikoaren hurbilketan? Zuen hautematetan galera badago zer ez duzue beraz egingo zuen gogamenekin? Edozer sasierlazio baliagarria dela uste baduzue, zer ez duzue hortaz gauzatuko pentsamenduak hitzekin burutzean? Eta zuen sasimezuez fidatzen denak zer ez du ulertuko bada? Eta zuen Hizkuntz Akademiak ez badituzue birprogramazio neurolinguistikoaren bahetik iragazten, zer ez duzue justifikatuko gero? Benetan, hau guztia al da zuenetik espero daitekeena? Alta, non hartuko dugu Koffia? Han, han, mesedez, Baztanen dagoen Zigako «Uagadugu» tabernan.