Ez dago lasterbiderik

Ez dago lasterbiderik –

Demokraziaren eta sindikatuen osasuna oso lotuta daude; hala erakusten dute azkenaldian argitaratu diren hainbat lanek.
Ez dago lasterbiderik
TUBACEXeko langileen manifestazio bat. Arg: Aiaraldea

Demokraziaren osasuna, sindikatuen osasunaren araberakoa da, orain inoiz baino gehiago. Horretan zalantzarik ez du Jane McAlevey estatubatuarrak. Sindikatuen antolakuntzan aritua eta aditua den honek, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) panoramari begira esaten dituenak oso interesgarriak dira guretzat ere, alderatzeko zailak diren errealitateak diren arren.“Sindikatuek balio ikaragarria dute, ez soilik demokrazia galera eta diru sarrera desberdintasuna gelditzeko, baizik eta amerikarrei, berriz ere, nola batu erakusteko. Sindikatu onek norabide onean jartzen gaituzte, eta irabazteko ezinbesteko diren elkartasuna eta batasuna sortzen dute”.

Bere liburuetan sindikatuak antolatzeko dauden eredu posibleez taxuz hitz egiten du eta grebei ere aparteko garrantzia ematen die. Bere ustez, eraldaketarako giltzarria baitira. “%1 aberatsenak irabazten dutena jendartearekin partekatzera behartzeko ez dago greba serio bat baino modu boteretsuagorik eta emaitza handienak irabazten dituzten grebak dira langileen %90ak parte hartzen dutenak”.  McAleveyk greba eta giharren arteko parekotasuna ikusten du: zenbat eta gehiago erabili langileek greba, orduan eta indartsuago bilakatzen dira.

Noski, emaitzak ez dira berezkoak. Batetik, langileak lan zentroetan antolatzea eskatzen du horrek eta bere ustetan, sindikatuak antolatzeko modurik eraginkorrena organizing eredua da. Izan ere, grebarik arrakastatsuenak langileen %90a eskatzen badu, ezinbestekoa da masa sindikatua izatea. Alegia, aurretik mobilizatzen ez zirenengana, bere burua ekintzailetzat ez zutenengana iristea.

Bizkaiko Erresidentzietako grebari buruz Onintza Iruretak idatzitako Berdea da more berria liburutik pasarte bat ekarri nahiko nuke: “Askotariko emakumeek erabaki zuten greba egitea eta ahalduntze prozesu indibidual eta kolektibo nabarmenak bizi izan zuten. Batzuk borroka laboral eta feministetan zaildutakoak, gutxi batzuk ELAko ordezkari sindikalak eta asko, ordura arte, norberaren lan baldintzak aldarrikatzeko ahotsa altxatzeko beldurra zutenak”.

Baina ez da nahikoa lantokiak antolatzearekin, eta bigarren urrats bat ezinbestekoa da McAleveyren aburuz: lantokia eta gizartea banatzen dituen marra ezabatzea. Borrokan ari diren langileek komunitatean dituzten harreman eta sareak erabili behar dira horretarako. Horrela, antolatu gabeko langileak edota komunitateko kideak ere borroka estrategian kokatzea lortu liteke.

Sindikatuen funtzionamendua zeharo desberdina dela AEBtan eta gure lurraldean, baina sakoneko bi tesi hauek, masa sindikatua eta komunitatearekin zubiak eraiki beharra baliagarri zaizkigu guri ere.

 

Uko handia eta pedagogia

Azken urtean AEBtan loratu den fenomeno baten harira ere ekarpen interesgarriak egin ditu McAleveyk. Lanpostuen ‘errenuntzia handiaz’ edo uko egitearen fenomenoaren harira, alegia. 2021eko apiriletik hilero 4 milioi langilek enplegua utzi du bere kabuz bertan. Horietako milioi bat langilek, edota langile gutxiagok merkatu sektore estrategikoetan, lan merkatutik irteera indibidualak egin ordez, eskari komunetan oinarritutako ekintza kolektiboak egingo balituzte, beren lan eta bizi kalitatea errotik aldatzeko emaitza askoz interesgarriagoak izango lituzkete. Adibide gisa 2021 urtean autogintza sektorean izandako greba dakar harira: John Deere enpresako langileek bost aste baino gehiago iraun zuen grebarekin hobekuntza nabarmenak eskuratu zituzten: 10.000 langile baino gehiagorentzat soldataren %10eko igoera, besteak beste. United Auto Workers sindikatuan antolatu ziren langileak, eta korporazio multinazionalaren aurrean sekulako garaipena izan da.

Gatazkak iraun zuen bitartean gobernuak jarrera neutrala mantendu zuen Biden-en bozeramaileak argi eta garbi esan zuen moduan. Neutral esan nahi dutenean, kapitalaren alde esaten ari dira. Ostera McAleveyk aukera galdutzat ikusten du: gobernuak gatazketan agertu beharko zukeen, piketeetan, langileentzako justizia mezua zabaltzeko. Langileen bizitzan benetan mina nork eragiten duen azaltzeko eta pedagogia ariketa zabala egiteko aukera galdu zen horrekin.

Gurean, ‘Erreputazio hitza erabili zuen Tapiak Tubacex-eko grebaz hitz egin zuenean. “Tubacex-eko grebak kalte handia egin dio herrialde osoari”.  Alde handia dago mezu honen eta balizko justizia-mezu baten artean. Ardura (gabe) politiko hauen mezuak dira herrialdeari kalte handia egiten dietenak.

 

Borroka materialak, lehen lerroan

Guretzat funtsezkoak diren zenbait gatazka edo greba, balioan jarri ordez, tamalez sarritan gutxietsi egiten dira. Soldata-igoerak edo alde materialean geratzen direlako. Jule Goikoetxearen Estallidosliburuko pasarte honek greben alde material honi zentralidadea ematen dio. Borrokatzen duen langile-klasearen zati handi batek, soldata duin baten alde borrokatzen du. “Esplotatuek esaten badute soldata duin baten alde borrokatzea orain oinarrizkoa eta premiazkoa dela, eta, gainera, emakumeek, migratzaileek, sasoikako langileek eta abarrek bizi duten eraso sistematikoaren eta etengabeko beldurraren aurka borrokatzea bezain garrantzitsua dela, hori lehen planoan jarri behar da. Borroka horiek guztiak materialak dira, eta bigarren mailakoak deitzea langileria ez ezik, klase sozial guztiak eta bizi diren esplotazioa gutxiestea da”.

Materialtasunetik abiatzen dira lan-gatazka gehienak, baina asko harago iristen dira. Grebak sektore estrategikoetan direnean, sektore prekarioenetan, feminizatuetan, arrazializatuenetan, garaipen batek, hobekuntza materialez gain, onura handiak dakartza, ez soilik mobilizatu den sektorearentzat, baizik eta langile-klase eta komunitate zabalarentzat. Eta pedagogia egokia eginez gero, irabaziak are garrantzitsuagoak dira.

Emaitza horietara iristeko ordea, ez dago lasterbiderik: lantokietan langileak antolatu eta, komunitatean dituzten harreman eta sareak erabiliz, komunitatera zabaldu beharra dago.

Ez dago lasterbiderik Ez dago lasterbiderik Ez dago lasterbiderik Ez dago lasterbiderik

ELA sindikatua