Gure (Zoro)Etxea [2×06] – Normaltasuna

Gure (Zoro)Etxea [2×06] – Normaltasuna –

Hala Bedi irratirako sortutako ipuina ZUZEUko leihora atalka ekartzeko asmoa daukat, astero bat. Hasieratik irakurri nahi baduzu jo nire erabiltzaile profilera.

Normaltasuna

Ez nuke jakingo zehatz esaten noiz gertatu zen, ez zenbat denbora igaro den bera ez dagoenetik. Ez nuke, ordea, dramarik egin nahi. Aitortuko dizuet, nahi baduzue, bera gabe orduren bat pixka bat luzeagoa egin zaigula, edo isiluneren bat pixka bat pisuagoa. Baina zeinen hutsunea ez da sikiera apur bat nabaritzen, orain beste norbaiten ondoan barre egiten duen aspaldiko maitale hark utzitakoa baino txikiagoa bada ere?

Nolanahi ere, eta beharbada ez didazue sinetsiko, baina nago bera ez dagoenetik zoriontsuagoak izan garela. Labrit pisukideak behin baino gehiagotan esan izan du bera gabe altuagoak eta ederragoak izan garela. Akaso, auskalo, izango da gu aski baxuak eta itsusiak garelako.

Baina Telmok ezin izan du kulpa sentimendua gehiago eraman. Berak atera zuen gure etxetik, baimenik ere eskatu gabe, bere performance horietako batean erabiltzeko. Bizirik zegoen oraindik eraman zuenean, kolore argi distiratsutan zoriontsu. Bueltan ekarri zuenetik, baina, ez zuen barrerik erakutsi berriro. Ilun egoten zen, itzalita, barrurantz bilduta balego bezala. Inork ez zuen hitz erdirik esan, baina denok genekien, baita Telmok berak ere, hark izorratu zuela.

Atzo, azkenean, teknikariari deitu zion, eta harengana joan beharrean, etxera etortzeko esan zion, aurreko mendean biziko bagina bezala. Bi ordu igaro aurretik, etxean geneukan teknikaria, gure egongelan, belauniko, bere bihurkin-ezpatarekin kable eta txip artean borrokan, eta gu hirurok ikusle.

-Telmo, nola zuen izena egin zenuen performance hark? –bota zion Labritek, ustekabean.

-Akabo telebista –erantzun zion Telmok.

-Ya… -atera zitzaigun Labriti eta bioi.

Berriro geratu ginen isilik eta zain, begiak zabal-zabalik, teknikariaren deabruzko magiari begira. Harik eta bat-batean, aurretik seinalerik edo abisurik eman gabe, lurretik altxatu eta irribarre zabal bat loratu zitzaion arte gure buzodun mago inprobisatuari. “Kito, orain funtzionatu beharko luke” esan zuen, eta eskuan zeukan urrutiko agintea luzatu zion Telmori, zeremonialki, hark izan zezan telebista konpondu berria pizteko ohorea.

-Beno, itzuli gara normaltasunera –ausartu nintzen esaten, konbentzimendu doiz.

Nigana jiratu zen Telmo, eta zalantza egin barik esan zidan:

-Van Goghek esaten zuen normaltasuna bide asfaltatu bat dela; oso erosoa da ibiltzeko, baina ez da lore bakar bat ere jaiotzen bertan.

Teknikariaren eskuetatik urrutiko agintea hartu zuen behingoz Telmok, eta, dardara txikienik egin gabe, telebistaren kontra bota zuen. Mila zati txikitan hautsi zen pantaila. Denok geratu ginen isilik, baina teknikaria izan zen eskuak burura eraman zituen bakarra.

Normaltasuna

Idazlea eta itzultzailea