[Kurdistan I] Bakurrera bisita

Bakurrera bisita –

Iñaki Etaio (Bakur-rerako Euskal delegazioaren kidea; 2018ko udaberria)
Nahiz eta gutako askok kurdu terminoa entzunda izan eta herri hori beste Estatu gabeko herri asko baino ezagunagoa izan, mendeak bizi den lurraldeetan ukatutako herria da kurdua. Jakina denez, 40 milioi pertsona baino gehiagoko herri hau (ez dago errolda zehatz bat, eta kurdu askok ez daukate kurdu izatearen kontzientzia) lau estatuen artean banatuta dago, herri bezala ukatzen dutenak: Turkia, Siria, Irak eta Iran.
Bakurrera bisita
Amed-eko hiri zaharra inguratzen duen harresia.

Estatu hauen elementu komunak dira kurduen ezeztatze eta errepresio historikoa; haien artean berezitasunak badira ere, tokiko eta momentuko gobernuaren eta indar-korrelazioen arabera. Gaur egun egoera oso ezberdinak daude Rojava-ko (Kurdistango mendebaldea) zonalde askatuetan, autonomia handiz Barzani klanak gobernatzen duen Bashur-ren (Kurdistango hegoaldea) edota turkiar eta iraniar estatuen administrazio hertsipeko Bakur-ren (Kurdistango iparraldea) eta Rojhilat-en (Kurdistango ekialdea), hurrenez hurren. Edozein kasutan, beren aitortza eta askatasuna lortzeko kurduek historikoki garatutako erresistentzia eta borroka komuna dago lau lurralde hauetan.

Bakur bisitatzeak, eta pertsona eta erakunde politiko eta sozial askorekin mintzatzeak, errealitate honetara hurbiltzea ahalbidetzen du. Eta Amed-era (turkoz, Diyarbakir) heldu berri izandako lehenengo sentsazioa, egunetan zehar eta elkarrizketa formal zein informaletan zehar berresten dena, honako hau da: herri kurdua existitzea nahi ez duten herria da.

Bakurrera bisita
Polizia-kontrola Amed-eko Sur barrutiko sarreran.

Adierazpen hau jakina dela esan daiteke, are gehiago Euskal Herritik joanda. Hain zuzen ere, mende askoren ostean bere identitatea eta eskubideak ukatzen zaizkion beste herri batetik joateak herri kurdua ezkutatzeko saiakerak hain harrigarritzat ez hartzea eragiten du. Behintzat, hiritar solidario europar askorekin alderatzen badugu, Kurdistanen dagoen errepresioaz harritzen direnak baina EBko estatu batzuetan torturaren erabilera eta ehunka preso politikoen existentzia ezagutzen ez dutenak. Euskalduna izateak bi herrien arteko antzekotasun asko topatzea bideratzen du, prozesu ezberdinak eta barne konplexutasun hain handia daukaten bi herrien arteko alderatze mimetikoetan erori gabe. EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriaren artean dauden ezberdintasunez jakitunak izanda, erraz uler dezakegu lau estatuetan bananduta egotearen konplexutasuna. Edonola ere, “it´s very similar” eta “it´s the same” sarri entzun ditugun esamoldeak dira, bi herrien alderdi batzuen deskribapenak elkartrukatzean eta, batez ere, estatuek erabilitako errepresio-estrategiak azaltzean.

2016ko uztaileko kolpe militar saiakera ilunaren ostean ezarritako salbuespen egoeran, estatu turkiarrean gobernuarekiko kritikoak diren aktibitate politiko edota kulturalak garatzeko bermeak askoz murriztu dira.

Lehenengo momentuan atxilotutako eta prozesatutako pertsona gehienak (militarrak, poliziak, kazetariak, akademikoak, epaileak…) Fethullah Gülenen mugimendukoak omen baziren ere, kontraeraso errepresiboa aprobetxatu dute mugimendu kurduaren  kontrako presioa handitzeko, Erdoganen asmo autokraten eta zentralisten etsai nagusia baita.

Bakurrera bisita
amed, bakur, Bakurrera bisita, Kurdistan, kurduak, nazioartea, Turkia
Iñaki Etaio

Internazionalista. Askapenako kidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude