Gure (Zoro)Etxea [2×05] – Oreka

Oreka –

Hala Bedi irratirako sortutako ipuina ZUZEUko leihora atalka ekartzeko asmoa daukat, astero bat. Hasieratik irakurri nahi baduzu jo nire erabiltzaile profilera.

Oreka

Urte berriak aldatu egin gaitu denak. Pixka bat, ia oharkabean, gure etxean ez baikara urte berrirako promesak egin zaleak. Hau da, ez dugu izena eman gimnasioan eta ez gara inongo sektatan sartu, meditatzeko edo yoga egiteko.

Urte berriak pixka bat aldatu gaitu, nahi gabe bezala, eta orain, ez dakit nola esan, orekatuagoak gara etxeko denak.

Labritek lan berria aurkitu du. Orain bulego batean egiten du lan, bulegoko ordutegian, ordenagailuaren pantailaren aurrean, ondo ulertu ez dizkiogun gauza itxuraz nahiko aspergarriak egiten. Eta pozik dago. Pozik dagoela esaten du. Behin eta berriro esaten du.

Telmo maitemindu egin da. Ez dakigu norekin, oraindik ez baitu etxera ekarri. “Etxean izugarri aspertuko litzateke zuekin. Hona ekarri aurretik, arte-galeria batera eramango nuke, nire erakusketa bat ikustera, eta gehiago dibertituko litzateke”. Hala esan digu, ahotsa goratu gabe, eta lotsagorritu gabe ere bai.

Orain, elkarrekin gosaltzen dugu egunero. Kafea, ogi xigortua eta marmelada. Etxe orekatuetan bezala. Arrapaladan, hori bai, presa baitugu gure egitekoetara joateko, eta isilik, logura gupidagabea baita hitzekin. Baina hirurak elkarrekin, etxeko sukaldean.

Urte berriak aldatu gaituenetik, dena da oreka perfektu. Bakoitzak badaki, non ikasi dugun ez dakigun arren, zer, nola eta noiz egin behar duen, pentagramatik kanpoko notarik entzun ez dadin.

Eta, bai, asmatu duzue, ez dago munduan ezer oreka baino aspergarriagorik eta arriskutsuagorik. Orekak behar gaituelako geldi, behar gaituelako isil, behar gaituelako zurrun. Orekak ez du mugimendurik, hitzik, sentimendurik sortzen.

Zoriontsuagoak ginen lehen, gauzek min egiten zigutenean, erortzen ginenean. Eta ez gauzek min egiten zigutelako, edo erortzen ginelako, baizik eta irribarreek min denak sendatzen zizkigutelako eta altxatzeko modua aurkitzen genuelako beti.

Desoreka da mugimenduaren ama. Eta mugimendua, bizitzarena.

Oreka

Idazlea eta itzultzailea