Gure (zoro)etxea [1×04]
Gure (zoro)etxea [1×04] –
Hala Bedi irratirako sortutako ipuina ZUZEUko leihora atalka ekartzeko asmoa daukat, astero bat. Hasieratik irakurri nahi baduzu jo nire erabiltzaile profilera.
Aspaldi zen ez genuela hirurok elkarrekin egoteko tarte bat hartzen. Normalean konplikatua izaten dena, are konplikatuagoa da garaiotan, eguberrien aitzakian, bizileku dugun zoroetxe hau hutsik utzi eta familiaren altzora itzultzen baikara beti, neurrigabe jan eta edatera, amaren edo aitaren begirada desesperatuak aguantatzera, beste apur bat gehiago jan eta edatera, lehengusuaren iritziak aguantatzera, beste apur bat gehiago edatera, eta gehiago edatera… eta azken beltzean, oro har, familia den sistema petral honen zutabe nagusi eta sendoena zut-zutik mantentzera.
Tira, kontua da, oharkabean, tarterik hartu beharrik gabe, Telmo, Labrit eta hirurok, bat-batean, ia nahigabean, topo egin dugula sukaldean afaltzeko orduan, eta Telmori, gehiegizko epikotasunari nahiko emana denez, otu zaio ospatu egin behar genuela kasualitate harentzat kasik mistiko hura. Apur bat burumakur ikusi dudanez nahiago izan dut ez hari gogorarazi pisu-kideak garela eta, aspaldi topo egin gabe bageunden ere, horren kasualitate handia ere ez zela hura. Horren ordez, gurasoenetik ekarritako arkume errearen soberakinen taperra izozkailutik atera eta gordeta daukagun ardo botilarik onena hartu dut. Kontrakoa uste arren, beti gara beste apur bat gehiago jan eta edateko gai.
Laster azaldu digu Telmok bere buru-makurtasunaren arrazoia.
-Udaleko kultur teknikariak hots egin dit –hasi zaigu kontatzen, ahoa bete arkume-, eta ea ez dakit zein munduko kulturen center berriaren eraikinaren inauguraziora joango ote nintzen performance bat egitera, eta ordaintzeko dirurik ez zeukatela, banekiela, krisia eta hau eta bestea, baina jende asko egongo zela bertan eta aukera paregabea izango zela niretzat, eta…
-Eta? Baietz esango zenion, ezta?
Bai, asmatu duzue, Labrit izan zen dardo pozoitua bota zuena.
Arkume zati bat puntan iltzatuta daukan sardexkarekin apuntatu dio Telmok, erantzun bitartean.
-Ez, noski. Esan diot, nahi bazuen, haren soldataren truke joango nintzela, kultura sailak dirua denontzat daukalako, baita berarentzat ere, gu artistontzat izan ezik.
Banekien zer matraka klase zetorkidan berriro gainera, mila eta bat aldiz izandako eztabaida aspergarri berbera, eta horrekin amaitu behar genuela esan nien. Behin eta betiko. Bozketa egingo genuen hiruron artean, eta horrela, gai horrekiko gure etxearen jarrera mugiezina zein izango zen erabakiko genuen. Zirt ala zart. Kulturgileek ere zer jan eta zer jantzi behar dute ala eterretik bizi litezke? Eta kito beti matraka bera.
Ez zuen ematen Labrit oso konforme zegoenik.
-Hara! Ez al duzue ezer ikasi gabon hauetan? Batzar batek erabaki benetan eraginkor bat hartzeko, ezinbestekoa da partaideen kopurua bikoitia izatea, bestela ezinezkoa da berdinketa. Eta gu hiru gara. Laugarrena behar dugu.
Kopan zeukan azken ardo apurra kolpe batez zintzurreratu, mahaitik altxatu eta aldameneko bizilagunaren ateko txirrina jotzera joan zen Labrit, eguberrietako edozein otorduren gero eta antz handiagoa zeukan afari hura are surrealismo handiagoz blaitzera.