Dock of the Bay, musika pantaila handira

Dock of the Bay, musika pantaila handira

Musika eta zinemaren arteko uztarketa dakar Dock of the Bay jaialdiak beste behin Donostiara, etzi hasita.

Urtarrilaren 6tik 13ra bitarte, “zinema zalearengan zirrara piztea” helburu duen zinemaldiak hogeita bat ikus-entzunezko pantailaratuko ditu, guzti-guztiak musikari buruzko dokumentalak (Trueba zinemetan lehian diren zortziak, eta Antzoki Zaharrean gainontzekoak), eta aparteko ekitaldiekin borobilduko du festa.

Euskarak presentzia urria izango du jaialdian -elebiduna den “Atrapados por la serpiente”, Cancer Moon taldeari (eta beraz, Josetxo Anituari) buruzko dokumentalean baino ez da entzungo euskara-, erdaraz grabatutako filmak gaztelerara baino ez baitituzte azpititulatu.

.

John Coltrane-tik Iggy Pop-era

Dock of the Bay, musika pantaila handiraJaialdia lau ataletan dago banatua. Sail Ofiziala lehiaketan diren zortzi dokumentalek osatzen dute (azpian zerrendatu dizkizugu guzti-guztiak).

Ikusle Berriak izeneko saila film bakarrak osatzen du, “Marley”. “Gazteak zinemaren mundura erakartzea eta musika dokumentalera hurbiltzea” du helburu atalak, eta horretarako jamaikar reggaeren mitorik nagusiena ardatz duen filma hautatu dute.

Paint it Black atzera begira dagoen saila da, aspaldiko film dokumentalak berreskuratzen dituena. Aurten sailak Tony Parkerren lau film aukeratu ditu pantailaratzeko, guztiak 70eko hamarkadakoak. “Callas” izenekoa, abizen bera duen opera kantari handiari buruzko lana da; “All you need is love. All Along the Watchtower” filmak Beatles-etik Altamont-eko amets hippyra doan tarteko rockaren esanahia aztertzen du; “Ginger Baker in Afrika” lanak heroinatik ihesi Nigeriara heldu eta Fela Kuti ezagutuko duen Cream taldeko bateria jolea aurkezten digu; eta “The Wigan Casino” dokumentalean Ingalaterrako Northern Soul klubak ezagutarazten dizkigu.

.

Perfect Day sailak nazioartean arrakasta izan edo arreta deitu duten musika dokumentalak aurkeztea du asmoa; aurten zortzi lanen bidez egingo dute.

“Faithfull” lanak bere garaian Rolling Stones taldeko kantariaren musa izan zen Marianne Faithfull artista handiarengan jartzen du arreta. “Chasing Train” dokumentalak ezinbesteko jazzman bat dakargu pantailara, John Coltrane saxofoi jotzaile erraldoia.

 

“Living on soul” New Yorkeko Apolloko ikuskizun bat jasotzen du, hiru egunez Sharon Jones eta Charles Bradley soul artistek eman zutena. “Eric Clapton Life in 12 Bars” dokumentalak gitarra jole esku motelaren ibilbiden sakontzen du, eta bere arrakastak zein itzalak erakusten dizkigu.

“The public image is Rotten” John Lydon punkaren bizitzari eskainia dago, Sex Pistols desegin eta P.I.L. taldearekin berpizteko gai izan zena. “Tinnitus, el sonido de la locura” Mariano Casanovasen historia da, Distrito 14, kultuzko talde zaragozarraren burua.

“French touch” izeneko filma 90. hamarkadan Frantzian izan zen musika elektronikoaren leherketaz mintzo da, bertako klub, zigilu eta disko jartzaileez: Daft Punk, Air, Jistice, Sebastien Tellier… Eta bukatzeko, “American Valhalla”, Iggy Pop eta Josh Homme (QOTSA) musikarien arteko adiskidetasuna kontatzen duen dokumentala. Lehenengoa erretiroa hartzekotan ei da, eta azken agurrerako bigarrenaren laguntza izan nahi du.

Proiekzioez gain, Dock of the Bay jaialdiak hiru festa, liburu aurkezpen bat (“Johnny Hallyday: A toda tralla”), kontzertu bat (Kokoshca taldearena), eta Musika, irudi eraikitzaile mintegia ere antolatu ditu, zinemaldia borobiltzeko.

.

.

Sail Ofiziala (Trueba Zinemak)

.

“The Allins”, Sami Saif (Danimarka, 74 min.)

Urtarrilak 8, astelehena: 19.30ean, Trueba Zinemak (7 euro).

Erlijioa eta indarkeria, odola eta drogak. GG Allen, muturreko punk kantaria, 1993an hil zen, baina mito bilakatua, jarraitzaile sutsuak ditu oraindik orain, The Allins-ak. Bere familia saiatzen da ondarea kudeatzen; ez da erraza.

.

“A life in waves”, Brett Whitcomb (AEB, 75 min.)

Urtarrilak 8, astelehena: 21.00etan, Trueba Zinemak (7 euro).

Mozart eta Beethovenek liluratuta musika munduan murgildu, eta egun iragarkietarako jingleak egiten ditu Suzanne Cianik, sintetizadore analogikoak erabiliz. Gizonezkoen musika ei da publizitatearena, eta haiek baino hobea izan beharra du negozioan irauteko.

.

“Cassette: A documentary mixtape”, Zack Taylor (Alemania, Holanda, E. B. eta AEB, 93 min.)

Urtarrilak 9, asteartea: 21.30ean, Trueba Zinemak (7 euro).

Oxford English hiztegitik kassette hitza ezabatzekotan zirela eta, film bat egitea deliberatu zuen Zack Taylorrek. Mike Watt-ek, Henry Rollins-ek eta Thurstoon Moore-k formatua noiz hiltzen den industriak barik zaleek erabakitzen dutela esan zioten gero.

.

“Black is Black”, Fran Parra (Espainia, 80 min.)

Urtarrilak 10, asteazkena: 19.30ean, Trueba Zinemak (7 euro).

60. hamarkadan, Los Bravosek mundu mailako arrakasta erdietsi zuen -batipat “Black is Black” arrakastari esker-, ordura arte frankismo garaiko Espainiar taldeentzako ezinezkoa zena. Gurpilak abiadura handiegia hartu zuen baina, eta goraldia bezain agudo heldu zen erorikoa ere.

.

“If I think of Germany at night”, Romuald Karmakar (Alemania, 101 min.)

Urtarrilak 10, asteazkena: 21.30ean, Trueba Zinemak (7 euro).

Bost disko jartzailek, bakoitza bere etxean, gaueko sesioak prestatzen dituzten bitartean, techno musikaren iragana, oraina eta etorkizunaz mintzo da filma, alemaniar musika elektronikoaren aitzindari diren bost horien begiradatik.

.

“La Chana”, Lucija Stojevic (Espainia, Islandia eta AEB, 82 min.)

Urtarrilak 11, osteguna: 19.30ean, Trueba Zinemak (7 euro).

Antonia Santiago Amador, “La Chana”, flamenkoaren munduko izar handi bat izan zen, estilo berritzailea ekarri zuena. Behin ospea lortuta, Peter Sellers-ek Hollywoodera gonbidatu zuen, eta geroztik ez da ezer jakin berari buruz… orain arte.

.

“Atrapados por la serpiente”, Álvaro Fierro & Ibon Ibarlucea (Espainia, 65 min.)

Urtarrilak 12, ostirala: 21.00etan, Trueba Zinemak (7 euro).

Orain hogei urte jo zuen Cancer Moon taldeak azken aldiz jendaurrean, Getxoko Gwendolynen. Ordutik Josetxo Anituaren taldeak merezitako miresmena lortu du musika zaleen artean, bere garaian aitzindari izatearen zama izan bazuten ere.

.

“Manchester keeps on dancing”, Javi Senz (Espainia eta Britainia Handia, 90 min.)

Urtarrilak 12, ostirala: 22.30etan, Trueba Zinemak (7 euro).

Acid musikaren leherketaren bitartez, Manchester hiria bihurtu da dantzarako musikaren hiri giltzarria, bertan gertatu baitira, beste inon baino lehenago, azken hogeita hamar urteetako gizarte eta musika aldaketa ugarienak.

.

Dock of the Bay, musika pantaila handira Dock of the Bay, musika pantaila handira Dock of the Bay, musika pantaila handira