Atzera egiteko arriskua

Atzera egiteko arriskua –

Amaia Arregi jeltzaleak emakumeen aurkako indarkeriaz idatzi du Uriolan.

Diotenez, La Manadakoak seme onak dira, nahiz eta batzutan ergelak izan; Arandinako jokalari ohiak pertsona onak dira, jatorrak eta apartekoak. Kasu batean zein bestean, patroi bera errepikatu da: taldean egindako bortxaketak, gazteek egindakoak; eta bideoz grabatutakoak, euren balentria harropuzte aldera.

Mutil ausartak, lagunekin dihardutenak, horrela indartsuago sentitzen direlako. Lider naturalak, ixildu eta txintik esan gabe bide beretik jarraitzen dietenek inguratutakoak. Mingarria da bortxatutako emakume batek salatzea erabaki eta zigor bikoitza jasatea. Sanferminetako epaiketan ikusi dugu emakume horiek pairatzen duten berbiktimizazioa. Zergatik jarri dugu fokoa biktimarengan, eta ez erasotzaileengan? Zergatik ematen du, bortxaketa epaitu beharrean, biktimaren jarrera eta bizimodua epaitzen dituztela? Zein biktimari behartzen zaio etxean itxita geratzera, irten ezinda eta bere bizitzarekin jarraitu ezinda?

Atzera egiteko arriskuaBurura datorkit Julio Zesar enperadorearen esaldi ezaguna, haren emaztea errugabe izateaz gain, errugabe irudi ere egin behar zuela. Alegia, bortxatua izateaz gain, lur jota agertu beharra daukazula, ezin zarela lagunekin egon, eta leku batetik bestera negarrez ibili beharra daukazula.

Jokaera-patroia bete behar duzu, eta inondik inora ezingo duzu zure bizitzaren agintea hartu eta ahal bezain ondo berregin. Benetan zitala eta miserablea da zalantzak piztea, biktima batek bortxaketaren ondoren izandako jarrera moralaren eta jokamoldearen inguruan. Nagore Laffageren amaren iritzi bera daukat. Bera ere San Fermin jaien kontestuan genero indarkeriaren biktima izan zen, eta erahil egin zuten.

Zoritxarrez, kasu basati horiek erakusten digute gizarte gisa zerbait gaizki egiten ari garela. XXI. mendean erabat sartuta, oraindik ere gizon asko bizi dira dominazioaren eta emakumeen kontrako indarkeriaren kulturan. Gizon gazteak, berdintasun-, tolerantzia- eta errespetu-balioetan hezitakoak, eta hala ere, antzinako estereotipo matxistei eusten diotenak. Duela aste batzuk datu latz bat irakurri nuen: lau gaztetik batek uste du indarkeria matxista jarrera normala dela bikote-harremanen baitan. Adituek diotenez, helduen antzeko zifrak izango lirateke.

Beraz, ezin dugu pentsatu gazteek, gazte izate hutsagatik, genero berdintasunean sinetsiko dutenik. Erahilketak eta bortxaketak azken ondorioak baino ez dira. Baina antzematen ez ditugun indarkeriak ere egon badaude: arropa, sakelekoa edo lagun-harremanak kontrolatzea, garrasiak, mehatxuak edo nahi gabe emandako belarrondoko hori. Argi eta garbi esan behar zaie (egindako kaltea ikusten ez duten gazte matxistei, eta kaltetu dituztela jabetzen ez diren biktima gazteei) hori ez dela normala, ezta onargarria ere.

Abokatu gisa, ez nuke amaitu nahi aipu zuzena egin gabe hain mediatizatua izandako epaiketa horretan letradunek izandako jarreraren inguruan. Uste dut pertsona guztiek dutela defentsarik onena izateko eskubidea. Ordezkari legalei dagokie hori lortzeko beren esku dagoen guztia egitea. Baina nire ustez, badaude inoiz gainditu ezineko muga batzuk. Ez da onargarria adierazpenak egitea biktimaren aurreko eta ondorengo jarreraren inguruan iritzi publikoaren zalantzak sortzeko. Erasoa pairatu duen pertsona berriro biktima bihurtzen dute.

Gizarte matxista batean jarraitzen dugu. Arazo sozial hau behin betiko desagertuko bada, guztion artean balore batzuk aldatu beharko ditugu. Badugu bidea aurretik.

Atzera egiteko arriskua Atzera egiteko arriskua Atzera egiteko arriskua

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.