Giza eskubideak
Giza eskubideak –
Duela 70 urte, 1948ko abenduaren hamarrean, Parisko Chaillot jauregian, ONU erakundeko Estatuen gehiengo zabalez bozkatua izan zen “La Déclaration Universelle des Droits de l’- Homme” delakoa, orai emazteen errespetuz erran giniro “des Droits Humains”, hots Giza Eskubideen Aldarri Orokorra.
Zehaztu behar da munduko Estatu subiranoak 58 baizik ez zirela ordu hartan, gaurko kasik berrehunetarik urrun: 48 agertu ziren alde, bi aurka, batetik Hego Afrika, jende zuriak ez zirenen berdintasunik ez baitzuten nahi, bestetik Saoudi Arabia, emakumeen batasunik ezin onartuz. Beste zortzi Estatuk zuri bozkatu zuten: Sobiet Batasuneko hirurek eta haien askaziak ziren Demokrazia popular delakoek; Aldarria indibualistegia zitzaien eta liberalegia: norbanakoaren askatasuna denen gainetik jarriz eskubide kolektibo eta ekonomikoak ez zituen aski kontutan hartzen haien aburuz.
Aldarriaren idazle nagusia René Cassin Baionako semea dugu (1887-1976), zeinen zirriborroa Estatu gutiz gehienek onartu zuten aldaketa txiki zenbaitekin.
Aholkulari eta mugatzaile zuen Eleanor Roosevelt anderea, Estatu Batuetako lehendakari zenaren alarguna. Horrek diplomaziaren beharra adierazten zion, proposamen ausartegiak baztertuz: idazkia Estatuei saldu behar zuten, beraz ezin zituzten gehiegi behartu. Gainera gure baionar handiak eskubideen parean eginbideak ere jarri nahi zituen, baina horiek ere kenarazi zizkion delako andere puxant eta zuhurrak. Beraz ohore Cassin jaunari. Frantziak ospatu zuen Pantheonean sartüz 1987an, sortzeko mendeburuan, eta Sohüta / Sorhoeta herriak 2013an René Cassin trajeriaren arartez.
Baina oroz gainetik aipatu behar dena Aldarria da, betetzetik urrun baitago erresuma gehienetan: aitzitik atzeraka ikus dezakegu heren munduko leku frankotan, baita Europako Estatu batzuetan ere. Ez ditut izendatuko, denen gogoan baitaude. Gainera bazterretan entzuten da, gero eta gehiago, mundu xuriko balio duela, haatik ez hori, beltzaran eta beltzendako.
Astakeria ederra, ez baldin bada zerrikeria! Eskubide politikoak asko aipatzen dira, eta beharrik. Bainea betetzeko zailenak ez ote dira eskubide ekonomikoak? Hori bera froga lezake zubereraz “kasabet holliak” deitzen ditugun frantziar eta waloniar horien olde kexatiak.
Segurki frantsesak plainizale handiak dira, munduko handienak, iduri bailuke denetarik malurusenak direla. Eta biribilguneetan dauden guziak ez dira pobreak.
Behin bat entzun dut kurrinkaz, bere emazteak, erizain askea, hiru mila euro baizik ez duela garbi ateratzen hilean; gizon horrek ere lana badu, seguru ez Smic delakoan, bestela erranen zuen. Ofiziale / artesau eta enpresari txiki andana bat ere mintzo da hor. Eskuin muturrak eskua sartzen du tartean, sura ufatuz, gaztain erreak atera nahiz. Baina badakit zinez beharretan daudenak ere badirela ugari edonon, bereziki biribilgunetarik urrun: horiei behar bezala erantzuteak lanak emanen dizkio Macronen aginteari, eta ez gutiago horren tokia har lezakeenari.
Orokorki kezkagarri zait Frantzian ere gorantz doan eskuin muturraren eragina, errejimen diktatorialen aldeko irrika eta tirria hedatuz populuan. Badakigu zer beherapena gertatzen ari den mundu zabaleko demokrazietan, bereziki Estatu Batuetan eta Brasilen, Errusian eta Turkian, hurbilago Polonian eta Hungarian, giza eskubideak murriztuz politikan, informazioan, justizian eta kulturan, mirari ekonomiko gezurtiak hitzemanez.
“Demokratura” horien biktima handienak dira naski ekologia eta migratzaileak, biak nahi ala ez elkarri lotuak, ezen klimaren berotzeak desertua hedatzen du Afrikan eta Ekialdean, biztanleak trumilka haizatuz Europarantz. Harri batez bi txori, mehatxupean daude bi giza eskubide premiatsuenak: haientzat eguneroko janaria, gure ondokoentzat, hiri handietan bereziki, hatsaren hartzeko eskubidea. “Kasabet holli” askori, ni beldur, bost axola! Batzuei barkatu behar zaie, baita lagundu, hilabete burura ezin helduz ari baitira; baina beste batzuek boterea dute gogoan, eta botere bortitza!