Gernika, bakearen ikur

Gernika, bakearen ikur –

Ukrainako errusiar inbasioaren aurka protesta egiteko, NBEren Segurtasun Kontseiluko kideak gerraren aurka inoiz egindako artelanik indartsuentzat jotzen den Pablo Picassoren Gernika koadroaren aurrean bildu dira.

Gernika, bakearen ikur

Printzipio eta balio demokratikoak ahulduta eta zalantzan dauden garai hauetan, sentimendu demokratikoa irudikatzen duten ikonoak, sinboloak eta adierazpenak daude, eta ez dago zalantzarik Gernika dela gerraren aurkako ikur unibertsal ezagunena. Gernika da euskaldunok munduari mailegatutako izen esanguratsua, eta, nola ez, inoiz baino gehiago behar dugu, ahotsa altxatu eta gizaki totalitarioen aurka aldarrikatu. Sentimendu demokratikoaren arnasbidean eta ezberdinen arteko lankidetzan sinistuz, politika etsaien arteko menperatze edo konfrontazio sektario gisa ulertzen dutenengandik urruntzea dagokigu.

Historia errepasatzea beti da on, batez ere etorkizuna, lege demokratikoak aplikatuz behintzat, geuk egiten duguna izango dela baieztatzen badugu.

Eraikuntza garaietan geundelakoan, hondamena ekarriko ligukeen garai kezkagarrian gaude berriro, eta Europan gertatzen ari denak zera dakarkigu gogora, bizitzak ez duela etenik eta historian zehar bizi izandako basakeriak errepikatu daitezkeela.

Nolabait, historiaren erosotasun eremuan geunden, baina Vladimir Putinen erabaki ankerrak, eta bere mundua ulertzeko modu menperatzaileak, garai nahasietara garamatza. Eta nola konpondu kausak eta ondorioak, eta eragiten duten mina?

Atzera begiratuz, gurean, historiak diosku Gernikako arbolaren azpian, mendeetan zehar, Euskal Herriko ordezkariek euskal askatasunak errespetatzea zin egin zutela, eta honengatik guztiagatik mendeetan zehar Gernikako arbola euskal gizartearen ikur bihurtu da, justiziaren eta askatasunaren ikur.

Gernika lurralde erakusgarria dugu, askatasunaren ikur. Bonbardaketetatik irauteak are gehiago lagunduko zuen bertako juntetxea eta haritza Euskal Herriaren ikur bilakatzen. Eta historia galerek markatuta dagoen arren, Gernikako arbolaren azpian bere garrantzia nabarmenduz, erresistentziaren balio gisa ere, beharbada gure ahotsa munduari altxatzeko aukera eman beharko genioke. «Eman ta zabal zazu munduan bakea».

«Artearen funtzioa begiratzen laguntzea da», esan zigun Eduardo Galeanok. Picassoren Gernika-k gerraren basakeria ikusgai jarri zuen. Eta artegintzan, musikak ere badu bizitzaren eta askatasunaren balioa erakusteko grina; gure lurraldean, Iparragirrek, Gernikako Arbola-rekin, euskaldunon askatasunak defendatu zituzten guztientzat, benetako ereserkia sortu zuen Frantziako Iraultzaren garaipenetik mugatu edo ezabatzen saiatu ziren guztien aurka. Eta gaur egun askatasunaren balio sinboliko hark bere horretan jarraitzen du.

Oroimen iraunkor gisa, historiatik, kulturatik eta baita politikatik ere, Gernikako arbolak bakearen, justiziaren eta askatasunaren ikur gisa asmatutako sintesi demokratikoa irudikatzen du.

Beraz, gertaera sinboliko eta historiko gisa, eta elkarlanaren seinale gisa, Aberri Egunean gutariko bakoitzak euskal lurra harizti lursail bihurtu asmoz, ezkur bat ereitera eta Gernikako Arbola kantatzera animatuko nuke, bizitzaren zuhaitza eta gizakiaren eta ingurune naturalaren arteko batasuna eta elkarkidetasuna ere sinbolizatzen duelako.

Eta ziur aski, biziraupenaren sinbolo gisa hazten ikusiko duen gure abestirik ezagunenarekin lurpeko haziari abestuz, zuhaitza biziago eta orritsuago aterako da, musikak, lankidetza eta emozioa murgiltzen den lekuan, liluratzeko bertutea baitu; eta horixe da ereserki bateratsu baten helburua, egia denean kantatzeak iraupenaren bertutea duela. Zabal dezagun ba lau haizeetara Gernikako Arbolagure kulturaren euskarri eta beste kulturen elkargune gisa.

Bakea herri baten bizitzaren eta iraupenaren aldarrikapena da. Eta Ukrainako errusiar inbasioaren ondoriozko egoera kezkagarria ikusita, non bertako biztanleak, bonben eragin lazgarrien ondorioz, negarrez lehertzen diren, gogoan dut 2001ean, Georgiara egindako bidaia musikal-kulturalean, bertako hizlariak bere esker oneko hitzaldi labur batean honelako hitzak esan zizkigula: «Bi gauzak salbatu dute Georgia. Bata, hizkuntzak, gorde behar dugun altxor preziatuak, eta bestea, bere abestiek, eta bi gauza horiengatik bizirik dago Georgia».

Egonaldiaren azken egunean, Adjariako autonomia erkidegoko presidenteak (Aslan Abashidze) harrera egin zigun, bi ordu iraun zuen bilera beroa. Zortzi aldiz eraso diote haren pertsonari, bere herriak maitatua, baina Errusiako botereak gorrotatua. Gizon atsegina, izaera naturalekoa eta oso karismatikoa.

Bere herrian ohikoa den moduan, topa egin nahi izan zuen, biloba besoetan hartu zuen (urte bat eskas zuen mutikoa) eta irribarrez eta geuri zuzenduta hitz hunkigarri hauek esan zizkigun: «Gizakia ez da inoiz hain umila, hain bihotzez betea eta hain garbia izan! Geure seme-alabengatik topa! Gure ondorengoek benetako bakea ezagutu dezatela eta etorkizun oparoagoa utz diezaiegula. Topa georgiarrongatik eta euskaldunengatik! Zuen herria oparoa izan dadin eta betirako bakea lor dezazuen!».

Zabal dadila nahi hori gaur setiatuta dagoen Ukrainara, non beldurra uxatzeko bertako umeek beraien ereserkia kantatzen diharduten!

Gernika, bakearen ikur Gernika, bakearen ikur Gernika, bakearen ikur Gernika, bakearen ikur

Musikaria, abeslaria. Zeanuri.

Zer duzu buruan “Gernika, bakearen ikur”-ri buruz

  • Vladimir Putinen erabaki ankerrak? Zer daki Gontzal Mendibilek Ukraniaz horrelako mezu iraingarriak zabaltzeko? Ukrainian sarraskiak egiten ari diren neonaziak dira hain zuzen ere Gernika bonbardatu zutenen oinordeko zuzenak. Errusia gerra anker bat bukatzera sartu da Ukrainian. Gontzal Mendibilen jarrerak dira Ukrainian pakeari oztopoak jartzen dizkiotenak. Penagarria!