Gure gaizkileek merezi duten fama

Gure gaizkileek merezi duten fama – 

Gorka Bereziartuak Argia aldizkariko Boligrafo Gorrian

Gure gaizkileek merezi duten fama

Historiak ahaztu nahi dituen pertsonaiak dira. Fama txarrekoak, behe-munduetakoak, tranpatiak, labana errazekoak, lapurrak, gezurtiak. Hitz batean: gaizkileak. Prentsak famatu egin zituen batzuk. Jack Destripatzailea. Bostongo Itotzailea. Rostoveko Harakina. Baina hemen, beharbada Juan Díaz de Garayo Sakamantekas-en salbuespena alde batera utzita, ez dugu gehiegi hitz egin izan “gure” gaizkile historikoez, duela gutxi arte behintzat.

Rewind pixka bat: 2015. urtea. Hasier Etxeberriak ZuZeu hedabidean “Euskal gaizkileak” aurretitulua jarri zion Goizuetako Joxe Etxegarairi buruzko artikulu bati. Horrela esanda, beharbada izena ez zaio oso ezaguna egingo irakurleari. Ea beste izen batekin zer moduz: “Trabuko esaten badizut seguru asko, ‘hitzak ederrak, bihotza faltso’ aterako zaizu ondoren eta kantatzen hasiko zara Mikel Laboaren Goizuetan bada gizon bat ospetsu hura”, idatzi zuen Etxeberriak artikulu hartako lehen lerroetan.

Trabuko izan zen XVIII. mendearen erdialdean Joxe Etxegarai eta beste zenbait lagun salatu zituena, elizetatik lapurtutako zilarra erabiliz diru faltsua egiten aritzeagatik. Kantari esker ezagutzen dugun historiaren xehetasunak bildu zituen Etxeberriak, Patziku Perurenak idatzitako liburuan oinarrituta.

Gero, beste zortzi artikulu ere publikatu zituen ZuZeu-n: “Euskal gaizkileak” seriea hori izan zen hasieran, artikulu bilduma bat, Etxeberriak bere ibilbideko azken urteetan hain berea zuen estilo blogarian idatziak, irakurle digitalek bata bestearen atzetik irensteko modukoak.

Entzuteko fikzioa

Elgoibarko kazetari eta idazlea hil zenean, Beñat Hach Embarekek hartu zuen artikulu horien lekukoa, eta ez nolanahi –irakurri, adibidez, Oreretako Jaungoiko Txikiri buruzko pieza eder hau–. Oinarri ona eduki zuten ZuZeu-koek, beraz, hurrengo jauzia egiteko: “Euskal gaizkileak” podcasta.

Audio formatura pasatzeaz gain, berrikuntza nabarmen bat izan zuen 2019ko neguan abian jarri zen apustu hark: artikuluetan azaltzen ziren gertakari historiko haiek fikzioak eskaintzen dituen tresna narratiboen bidez kontatu zituzten. Bide original horretarako, lankide izan zituzten BIEUSEko bikoizketa-aktoreak, baita IN Estudioetako Iñigo Etxarri ere.

Bi urteko etenaldiaren ondoren, konplize berberekin, ZuZeu-k iragarri du datorren astelehenean, hilak 14 –apuntatu agendetan– itzuliko dela seriea audio plataformetara, XVIII. mendeko Laffite anaia kortsarioen historian oinarritutako kapitulu batekin. Euskarazko podcastak fikziozko lanetara ere pixkanaka zabaltzen hasi diren honetan, ospatzeko moduko berria da serie aitzindari honen itzulera. Gure gaizkileek ere merezi baitute beren fama, fama oso ona izango ez dela baldin badakigu ere.

.

Spotify     ApplePodcast    GooglePodcast    ivoox    amazonmusic

Euskal Gaizkileak podcastaren atal berrien estreinaldia

Gure gaizkileek merezi duten fama

 

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Gure gaizkileek merezi duten fama”-ri buruz

  • josu naberan 2022-03-12 14:41

    Ez ezan jendarte hüntako pertsonak hainbeste bereiz,

    Haiek izan zituan gaizkile, bai, super-gaizkile, nahi badun,

    Baina gerau ere berdintsu izan ginteezkeen, baldin eta haien lekua jaio baginen, ausaz.

  • Bai bai! Arrazoia Josu! Hain urrutira joan gabe izan ditugu hemen ere azken hamarkadetan gaizkile franko, asesino eta hiltzaileak seriean, euren ibilbidea eta ekintzak lehenbailehen ahaztu nahi direnak….

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude