Galdutako denboraren bila
Galdutako denboraren bila –
Aldez aurretik datozen lerro hauetan pedantearena, listilloarena egingo dudala abisatu nahi dizuet. Egon ba honen jakinaren gainean aurrera joateko animatzekotan. Dena dela postureo honek, adituaren planta egite honek mereziko duelakoan nago. Esango didazue.
Greziarrek bi hitz zituzten denbora izendatzeko. Bata Kronos zen, eta bestea, zoritxarrez galduta geneukana, Kairos. Lehenengoak denbora kronologiko edo sekuentzialari egiten dio erreferentzia, bigarrenak gauzak gertatzen diren une zehaztugabeari, neurtugabeari.
Kairos izango litzateke une aproposa, egokia, presarik gabekoa zerbait burutzeko; Kronos, egunero gainezkatzen gintuen erlojua. Batak bestearekin zerikusirik ez: Kronos denboraren kantitatea da; Kairos, berriz, kalitatea.
Elizak denbora ulertzeko modu klasiko hori bereganatu zuen: «badago -dio Ecclesiastes liburuak- denbora bat zeru azpian egiten den guztirako: denbora bat jaiotzeko, eta hiltzeko denbora bat; landatzeko denbora bat, eta uzta biltzeko tarte bat; denbora bat hiltzeko eta sendatzeko denbora bat».
Birus madarikatu hau eta konfinamenduak eta berrogeialdiak iritsi behar izan dira ikuspuntu hori ulerterazteko, eguneratzeko; orain, Kronos (erlojua, azken finean) bapatean eta derrigorrez gelditu behar izan dugunean, hasi egin gara Kairos disfrutatzen. Orain etxean geratzeko unea da; gure bikote harremana ispiluaren aurrean jartzekoarena; irakurtzeko unea da; beldurrarena, errukiarena, konplizitatearena, harrotasuna sentitzeko unea. Zoriontsuak izaten ginela ohartzeko unea da. Bai, nahiz eta jabetu ez garen, Kairosen gaude dudarik gabe: gogoeta egiteko unea da.
Espero dezagun amesgaizto hau pasatuko denean eta Kronosek, gupidagabe, presaka denbora osoa erreklamatuko duenean, Kairosera itzultzeko bide sekretuak gogoratzeko gai izan gaitezela.
Agian ahazten ari gara bizitzen ari garena krisia dela eta, etimologikoki, hitz honek, ilargiari gertatzen zaion bezala, zati bat ezkutuan duela. Ezkutatutako alde hori da, bitxia bada ere, distiratsuena: krisi bat aukera da, bilakaera, indartzea. Krisi bat hausnarketa da, sorrera, berreskurapena…
En fin
Galdutako denboraren bila