Gabon aurreko ametsgaiztoa

Gabon aurreko ametsgaiztoa –

Diotenez, Asiako hegoaldean bada Bután izeneko erreinu txiki bat. Dirudienez, hango errege eta agintariek aberastasun komuna neurtzeko erabiltzen dituzten datuak ez datoz bat Engels eta Marx-en materialismo historikoaren irakurketarekin. Han, benetako balorea duena Barne Zoriontasun Gordina da. Halaber, hango biztanleen sinesmen sistema eta egitura sinbolikoek, Budismoaren filosofia eta aldarrikapenen sustraietan dago errotuta.

Hemen, Euskal Herrian, horrelako zerbait errealitatera eramatea guztiz ezinezkoa ez bada, milaka argi-urteetara dagoela onartu behar da. Existitzekotan, eta ez nago ziur, Karibeko irla txiki batean dago Aladinoren antzera, zilarrezko katilu batean preso, hots, utopia distopiko baten paradoxan kateaturik. Eta zergatik diot hau? Hainbeste gorrotatzen dugun Kapitalismo planetarioak irabazi duelako jokoa. Are gehiago esango nuke, guztiok gara sistema honen konplize, bultzatzaile eta beharrezko laguntzaile nahi edo ez, geo-estrategikoa den Risk-eko partida horretako parte garelako denok. Berdin ere gertatzen zaie gizarte hau eraldatu nahian, antolatutako egitura politikoetan aritzen direnei, hauek sozial-ismoz apainduriko hots handiko lelo ‘iraultzaile’ guztiak erabili arren. Marx berak, Marxismoaren iragarpen ezkorrenak ez lituzke aurrera eramango. Kapitalismoak bizirauteko beharrezkoak dituen aldaketak, baliabide dinamikoak eta sortzaileak, sistemaren arerio direnen, garenon, ekintzetan eta jardueretan aurkitzen dituelako nire ustez, Manuel Delgado antropologoak ikusarazi zidan moduan. Bizitzaren zentzua bildots otzanen modura ulertzen dutenak balio eskasekoak dira sistema sekular honentzat.

Badakit hau aipatzea ez dela ‘politikoki egokia’ momentu hauetan, herri honetan izandako borroka luze eta latzaren ondorioz, shock postraumatikoan dagoen jendarte zabala dagoela jakinda. Halere, nire asmoa ez da idatzi honekin inor aztoratzea edo mintzea, ezta gutxiagorik ere. Argi daukat borroka mota ezberdinen ondorioz (indarkeriaz ere) lortu dituela gizakiak gaur egun guztiok probesten ditugun eskubide ‘unibertsal’ xumeak. Baina era berean, ideologikoki ezkerrean kokatzen den (garen) mugimendu baten etengabeko porrot politikoa onartzeko eta aldarrikatzeko eskubidea datorkit burura. Era berean noski, beti egon naizen tokian eta borrokekin bat egiteko aldarriaren defentsa ere egiten dut, nahiz eta borroka hauen emaitzetan gutxi (edo ezer ez) sinesten dudan. Baino hor bakarrik eta ez beste inon ikusten dut neure burua. Gainera, edo behintzat, jende berria ezagutzeko (eta ez da gutxi) aukera dago beti. Ziurrenik bizitza efimero honetan ezagutuko ditugun pertsonik onenak zentzu guztietan. Baino ez dut sinesten, futbol partida baten antzera, lorpen miresgarrien itxaropenean garaipenetan sinesten dutenetan, nahiz eta hauei begirunez zoriontzen diedan beraien ustezko iragarmena eta kemenagatik.

Hitzen ondoezean galdu aurretik, gutun honen helburu edo nahiari eutsiko diot behingoz: Gabonak ate joka ditugu eta gehienok, opariak, erosketak etab. direla medio, zentzugabeko kontsumoaren festa limurian murgilduta gabiltza halabeharrez. Bestalde, arbuiatzen dugun sistemaren paradigma den katolizismo atzerakoiaren eukaristiarekin eta ezabatu beharrezko tradizioekin bat egiten dugu zintzo-zintzo, armiarmarik ez dagoen sare batean bizi garela sinesteraino. Eta horrela birsortzen dugu ad infinitum teorikoki gurea ez den unibertso partikularra, eta jakina, baita hain arrotza ez den sistema kapitalistak beharrezkoa duen ordena soziala ere. Bizitzaren arlo gehienetan funtzionatzen du oharkabean igarotzen den botere sinboliko honek: alderdi politiko eta sindikatuetan; Gaztetxearen asanbladetan; erabakitzeko eskubide demokratikoaren alde borrokatzeko antolatzen direnen erabakiak erabakitzen dituzten pertsonen azalean baino, memoria genetikoaren erraietan txertaturik. Horrela, familia nuklearren egituraren bidez (heteroak, gay edo lesbianenak izan) birsortzen ditugu gure gizartean sistemaren iraupenerako hain beharrezkoak diren botere gune exogenoak eta hauen legitimazio hegemonikoa. Gainera gure kasuan, erdi aroko kristau gizarteetan adiera holistikoa zuen karitatearen filosofiatik oso urrun gaudenez, kontsumo gizartearen beharretara egokitzen dira liturgia katolikoak, sarean harrapatuta mantentzen gaituen armiarma ikusezina bihurtzeraino.

Modu honetan, badirudi gure herrian desberdintasun sozialak ez direla hain handiak beste leku batzuekin alderatuz. Batez ere Euskobarometroak noizbehinka azaltzen dituen datuei begiak, aurpegia eta bihotz batekin erlazionatzera ez gaudelako ohituta, edo ez dugulako nahi.“Los que trabajan, se olvidan de los parados…” zioten Eskorbuto taldekoek bere abesti batean. Ka(u)s(u)alitatez, Santurtzikoen eskualdea erkidegoan langabezi tasa altuena duen zonaldea da gaur egun ere. Hori dela medio, badirudi, hainbeste estimatzen dugun garapena eta justizia soziala ez doazela bat kasu honetan ere. Antza denez, marmotaren egunean derrigortuta bizitzera dela azken finean, betidanik gobernatu gaituzten burubatzarrek irudikatzen duen paradisu ezezagun hori. Eta noski, eraiki diguten kabian, edo kaiolean hobeto esanda, goxo goxo bizitzea ohitutzen hasiak gara dagoeneko.

Langile mugimenduak, klase borrokaren kontzeptua gatazka historikoaren erdigunean kokatu nahi izan du beti. Gaur egun aldiz, infernuaren lurraldea den bazterketa soziala eta pobrezian ez erortzea da borroka honen funtsa pertsona eta familia gehienentzat. Ken Loach zinegile Britaniarraren “Raining Stones” filman oso garbi ikusten den moduan, seme-alabari jaunartze egunean merezi duen jantzia erostea da prekarietatean murgilduta dagoen aitaren helburu nagusia; existitzen ez diren Olentzero eta errege magoek gure etxean ikatza bakarrik ekar ez ditzatela nahiago dugun moduan.

Arestian aipaturikoarekin lotuta, XX. mendean munduan zehar lan etnografikoetan aritutako antropologo askok, kolonialistekin kontaktu gutxien izan zuten gizarteak, zoriontsuenak zirela aipatzen zuten behin eta berriz. Kultura horiek gurekin alderatuta, ez zuten aberastasuna neurtzen Barne Produktu Gordinaren arabera, beraien gizartean ez baitziren adierazle ekonomikoak existitzen. Amalurrak dituen baliabideekin agortzen ari den (garen) moduan, irentsi zituen aspaldi Ericsiton jainko axolagabe eta suizidak, mundua kolore ezberdinekin margotzen zuten gizarte haien azken zantzuak.

Eta gabonak zerarako orduan? Ba maite ditugun eta beraiekin oso denbora gutxi partekatzen dugun pertsonekin egoteko;

hauekin solasteko, irrifar edo negar egiteko, sentitzeko, sentiarazteko. Eta zergatik ez, zaplasteko zaparrada dialektikoan amaituko den trifulka batean parte hartzeko ere, urtero familia askotan errepikatzen diren gerra txiki horietan. Gaur bizirik gaudela baino bihar ez dakigu nola edo non egongo garen ohartzeko eta momentu hauetan ematen ohi direla, garapen teknologikoak, kontsumo gizarteak, postmodernitatearen lilurak edota merkatu ekonomiak, inoiz sentiaraziko dizkigun emozioak eta bizipenak.

Agian horrek ernarazten gaitu (zakila dugunoi batezbe) eta gure mundua gauza txikiekin ere aldatu daitekela ulertzeko baliogarria egiten zaigun. Adibidez aurtengo gabonetan, erritual erligioso eta fetitxistetik haratago, geure familia gehienetan hitzordu horiek oparoak eta zoriontsuak izateko asmoz, gure arrebek, ama, amamek eta emakumeek orokorrean egiten duten lanari aitortza adieraziz, eta mendeetan zehar emakumeei eragindako kalteei erreparatuz, guztiontzat juxtuago izango den bizikidetza berri bat sortzen eta berasmatzen. Bai badakit ere, arlo pribatu domestikoetan lortutako garaipen horiek ez direla inoiz letra larriekin idatziko. Seguraski egunkarietako azaleetan eta historia liburuetan agertuko ez direla ere. Baino oraindik ere pesimismoaz jota nagoela pentsatzen badezute, aitortuko dizuet bizitza honetan egia bezain borobila den dogma politiko eta filosofiko bakar batean sinisten dudala: tximeleta baten hegaldi baten instant batean kabitzen dela humanitatearen existentzia iheskorra osoa. Zoriontsuak izan egun hauetan eta zuen bizitzetan nahi edo ahal izan ezkero (kerer es poder)…irabazi, edo galdu arte.

Gabon aurreko ametsgaiztoa