Faktoreen ordenak inporta du!

Faktoreen ordenak inporta du! –

Faktoreen ordenak inporta du

Bizitzako gauza inportanteetan ordenak inporta du. Lanerako, konparazio batera, ordenak asko inporta du. Izan ere, inporta du, ondo inporta ere, lanean jardun aurretik, lanpostu bat lortu aurretik, lanpostu delako huraxe zer-nola edota zerk bultzatuta lortu duzun. Ez da gauza bera lana bilatu nahi izatea edo lana bilatu behar izatea, ezta hurrik eman ere. Ez da gauza bera. Ze… lanerako, askotan, gehienetan ez bada, nork, erlaxatua bizi den nork, izan dezake gogorik? Bego, dena den, lana gustuko izan dezaketen rara avis horiei nire guztizko errespetua, beren gustu arraro hori “bokazio” hitz polit, borobil, eta hortera horrez apaintzen duten rarito horiei!

Baina, gainerakoan, ugaztun hanka biko gehienei zuzentzen natzaien aldetik, gauza hauetarako, lanerako kasu, ordenaren garrantzia nahi dut azpimarratu. Lan egin behar duzu, hain justu ere, inondik inora nahi ez duzulako, horregatik behar duzu. Eta… “lana lortu nahi dut” badiozu, horrelakorik hortik esaka bazabiltza, izan kontuan, ondo izan ere, nahi duzula “nahi behar” duzulako, eta ez, aldiz, nahi edota “behar nahi” duzulako. Ordenak inporta du, motel! Eta…nahi baduzu, jakizu, nahi gabe nahi duzula, horretarako behartu zaituztelako hain justu. Aipatu sentipenak, egia esatera, arrunt bestelakoak dira, elkarren kontra-kontrakoak ere esango nuke nik; “behar nahi” izatea eta “nahi behar” izatea guztiz desberdinak dira eta ez da gauza bera “beharra nahi izatea” eta “nahia behar izatea”.

Eta zintzotasun gutxieneko, minimo, batetik arituta, gure homo sapiens sapiens honek ez du inongo nahiren beharrik. Jada badu-eta, aurrez, eta ezer egin aurretik, ondo ere ondo barneratua du-eta, hastapenetako, jatorrizko, nahi bat, batere beharrik eskatzen ez duena, eta batere beharrik ez duena, beharrik ez izateko nahi ez behartu bat alegia. Hau da ugaztun hanka biko 2.0-arentzako ezinbesteko argitzapen espiritual aurrena eta inportanteena. Gerora etorriko zaio, etorri, txukun eta egoki hitz egitea lanarekikoan, oso bestela aritzea hari buruz, eta, kasurako, segidako honako hauxe botatzea: “Lana aurkitu behar ez izatea nahiko nuke”!

Igor Goitia

Faktoreen ordenak inporta du!

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude