Kritika Zinematografikoa: “Le otto montagne”

Kritika Zinematografikoa: “Le otto montagne” –
Kritika Zinematografikoa: "Le otto montagne"

Zuzendaria: Felix Van Groeningen, Charlotte Vandermeersch
Urtea: 2022
Herrialdea: Italia

Kritika Zinematografikoa: "Le otto montagne"-Lagunak mendian gora-

Bizitza oso bat laguntasunaren ardatzaren bitartez kontatzea ez da inolaz ere erraza. Zinemak eta oro har narrazio estandarren alorrak maitasunera egokitzen diren kontaketak plazaratu ohi ditu, pasio eta barne bulkada helarazteko egokiagoak. Lagun(ar)en bitartez zoriontasuna lortzea, edo dramatikoki interesgarri den sufrimendua pairatzea zinez konplikatu suerta daiteke. Le Otto Montagne-k hausten duen lehenengo faktorea dela esan genezake, pertsonaien zoriontasun edo zorigaitza bigarren mailako faktore bezala adieraziko zaigu pelikulan, eta trukean bi gizonen arteko laguntasuna izango dugu erdigunean. Lagunak ez dira akaso gure patuaren arduradun, baina haiekin dugun hartu-emanak izan daitezke gure bizitzaren iparrorratzaren zeinurik berezkoena. Laguntasuna ez da, kasu honetan, pertsonaien bizitzen ardatza, bizitzok aztertzeko ikuspegia baizik.

Pietro eta Bruno elkarren artean ezberdinak dira, umetatik bertatik. Pietro (pelikularen protagonista, narratzailea den heinean) Turinen bizi den klase ertaineko haurra da, formazio akademikoa duten gurasoen semea. Alpeetako herrixka bateko mendi inguruetan uda pasatzen du, eta bertan ezagutuko du Bruno, inguruko ume bakarra. Azken hau mendira lotuta dago erabat, zuhaitz, abere eta harri bortitzei. Edonola, elkarrenganako miresmen eta laguntasuna tarteko, bizitza osagarri zintzo eta leial izango dira.

Urte asko hartzen dituen filma da, elipsi handien bitartez eraikitzen dena, hiru aktore izango ditu pertsonaia bakoitzak kontatzen diren hiru hamarkada baino gehiagoko tartea irudikatzeko. Eta elipsi honek hain zuzen ere kontatze erritmoa izugarri baldintzatuko du, izan ere, Pietro uda garaian baino ez da mendira joango (neguak erabat izozten du zonaldea), eta nolabait uda garaiko bizitza parentesi horiek izango dira ikusiko ditugunak. Berez urtean zehar gertatzen diren gertakariak (lana, maitasuna, arrakasta, familia…) eremuz kanpo interesgarrian geldituko dira, eta ikusleok, proposatzen zaizkigun elkarrizketa apurren bitartez (bi mutilek ez dute esplizituki hitz egiten haien bizipen edo sentipenetaz) eta susma dezakegun aldarte keinuen bitartez ulertuko dugu bi lagun hauek zein egoeratan dauden. Eta ezustean, kontatuko zaiguna sinesgarri eta koherentea da berez, ondorioa eder bezain hunkigarria da. Lastima da hala, etengabe Pietroren voice over-ak irudiek sortzen duten magia zapuztea, berez ikusten ari garena era traketsean azpimarratuz.

Eta jakina, pelikularen beste poloa, izatasun bisuala ematen diona, mendia bera da. Alpeetako gailur basati eta ederrak erlazioaren eszenatoki izango dira, nolabait gertatzen den ororen lekuko erraldoia, pertsonaia ixil baina etengabea. Plano estetiko hutsean erabateko gozamena da Pietro eta Bruno kasik zeruan galtzen diren bidezidor estuetatik aurrera egiten (ume direla, Pietroren aitarekin glaziarraren amildegiaren inguruan ematen den eszena zoragarria da), edo plano pikatua geroz eta gehiago irekitzen doan heinean pertsonaiak geroz eta txikiagotuta dauden uneak, elurtearen erdian. Pelikulak baitan duen barne tentsio ederra da, hain zuzen, honakoa: pertsonaiak etengabeko bilakaeran ikusiko ditugu, bizitzaren gurpilak ematen dituen aldaketen erritmora; eta aldi berean, mendia, bere adierazpen irmo eta basatian, betiereko eta aldaezin aurkeztuko zaigu, urtaroek eragiten dituzten bariantza apurrak, pendulua bezala, ziklikotasunaren barnean dituela.

(…)

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Kritika Zinematografikoa: "Le otto montagne"

Kritika Zinematografikoa: “Le otto montagne”

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude