Euskal Herrian talka birtualak ez dira hain birtualak
Euskal Herrian talka birtualak ez dira hain birtualak –
Twitterreko giroa gordina da tarteka, eta ez, maiz pentsatzen den bezala, anonimoengatik bakarrik. Ezezagun batek izena eta abizenak dauzkan norbait txarrerako kritikatzen duenean botere postu batetik ari da, eta ez zaio, nire ustez, aparteko garrantzirik ematen. Tentsio handiena nortasuna agerian daukaten erabiltzaileen artean eman ohi da.
Lehenik eta behin, “etsai” kontzeptuaren definizioa argitu beharko litzateke. Badaude gauza askotan ados eta beste batzuetan desados dauden “burkideak”; topaguneak haina desadostasun izan ditzateken “adiskideak”; iritzi politiko ezberdinak izan arren, elkarrekin bizi ahal diren “arerioak”… eta gero “etsaiak” daude. Etsaiak elkarri min handiena egiten saiatzen diren bi pertsona edo komunitate dira, unean uneko koiunturak baimentzen dien aukeren arabera. Etsaia hitz serioa da, eta merezi duen pisua eta zentzua eman behar zaizkio. Zorrotz kritikatu bai, baina ezin da etsai gisa tratatu norberarekin desadostasun eztabaidagarri bat daukan edonor, horrek zuzenean elkar aditzeko aukera oro dinamitatzen duelako.
Adierazi nahi dudana laburrago eta hobeto esaten dute bi lagun hauek (batek, kasualitatea, atzo bertan twitterretik oporrak hartzea erabaki zuen):
inoiz izan baziren, agur ñabardurak… geroz eta zuribeltzago, lubakiago oro
— Gorkaerostarbe (@gerostarbe1) June 24, 2019
Esaten da sare sozialetan errazagoa dela errespetu faltan erortzea, pantaila batean aise(ago) idazten baitira aurpegira esango ez liratekenak. Kontua da oihan birtual basati hori ez dela hain birtuala euskal komunitateari dagokionez.
Ingelera hiztunak milioika dira, eta sare sozialetan haien artean ematen diren saretze ekonomiko, kultural eta politikoak zenbaezinak dira; gaztelaniarekin berdin, frantsez hiztunekin igual. Komunitate erraldoiak dira, eta hika-mika digitalak horretan geratzen dira gehienetan, pantailatik jauzi egiten ez duten istiluetan.
Baina agerikoa den bezala, ez da hori euskal komunitatearen kasua. Ez gara hainbeste, eta Euskal Herria txikia da oso. Lehentxiago edo beranduxiago twiterren erasokor, aitakeriaz edo larderiaz hitz egin zizun horrekin egingo duzu topo kale, lagun koadrila edo proiekturen batean; oso probablea da egun baten gaizki tratatu zenuen pertsona horren laguntza behar izatea ideia bat aurrera ateratzeko, eta ekarpen kolektibo eta aberasgarri bat kaltetua izatea bi norbanakoren arteko eztabaida itsusi batengatik. Euskal komunitatearen barneko talka birtualek ezinikusi lurtarrak sor ditzakete.
Twitterren aktiboak diren euskaldun asko saltsa ugaritan inplikatuta dabiltza. Txioerriak potentzial oso positiboa izan dezake jende mota ezberdinaren artean harremanak (kulturalak, ekonomikoak, politikoak…) garatzeko garaian; hein berea, gaizki erabiliz gero, alderantzizkoa suerta daiteke.