Etsipen beltzetik etsipen gozagarrira

Etsipen beltzetik etsipen gozagarrira –

Euskara asko eta sakon homologatu da, ez soilki ad intra edo barrura begira, baita ad extra edo kanpora begira ere, hau da, auzo dituen gainontzeko hizkuntzen baldintzapen, eskakizun, zein, batez ere, jazarpen komunikatiboen ondorenez. Gure euskaran gertakari hau harago doa, gaztelania eta frantsesarekiko egoera arrunt subalternoa tarteko. Euskarak, tresna komunikatibo gisa, bazuen barne logika semantiko osatuxe bat, denboraren poderioz-edo higatuz joan dena, eta horren arabera, egungo hainbat hitzi euren jatorrizko nondik-norako semantikoa estutu zaie, guztiz bestelakotu ez bazaie. Horren harira, oso intereseko deritzot Iñaki Segurolak bere Sed quia sua liburuan egiten duen lanari, non, bere hitzekin esanda, zera adierazi beharko litzatekeen: “euskal gogo zaharraren berrasmatze/berreraikitze bat egikaritzen den… hizkuntzari bere horretan aditzen zaio esateko daukana, hura uste/ideia potolo zihatuz egindako hitzespil (hitzezko harrespil gurtzekoa) bihurtu gabe” (Sed quia sua, 201).

Tresna dugu hizkuntza, baina, horrez gain, lekuko eta aztarna ere badugu, eta hitzei, ganoraz eta behar bezala xaxatuz gero, entzun dakieke oihartzun bat, agian lauso-lausoa eta jada guztiz higatua, baina, behin aditzea lortuz gero, oso iraganeko mundu baten testigantza luza diezagukeena. Horretan ibili zen Segurola artez. Oraingo honetan eta lerro hauetarako, berak hausnargai edo jorragai hartutako “etsi” hitza ekarri nahi dut hizpidera.

Etsi” hitzaren egungo eguneko adiera, esanahia, murriztuxe geratu zaigu, hainbesteraino non bere hedadura semantikoa estutua geratu izana bainoago, kasu honetan, hanka bakarreko ere geratu zaigun. Segurolarekin esanda, erdal-euskarak lekualdatu eta birkokatu jada aspaldi zaharrean galdutako geure euskara soil eta hutsa. “Etsi” hitza dugu gertakari horren erakusgarrietariko bat. Berau, gure egungo adieran, erdarazko resignación zein batera desesperación ere adieraz ditzakegu. Gurean hitz batean gordetzen duguna gaztelaniaratuta bi bilakatzeak gure harridura piz lezake, eta halaxe izan ohi da filologoen artean, nahiz-eta berez erdarazko bi eleak, elkarrekiko nolabait edo besteko ukitua izanik ere, eta bi-biak negatibotasunaren osin beltzetik ezin aterata ere, larrimin berbera inolaz adierazi ez.

Aipatu harridura delakoa, baina, sasi-harridura geneukake edota harritzen hasita hastapenetan bestetan geratuko ez den harridura. Horren froga emango digu Segurolak. Euskaratik berehalako gaztelaniarako jauzi eman beharrean, edo, ohi dugunez, gure euskara erdaratik aztertu beharrean, euskararen mihisean maisukiro luze eta zabal nabigatzearen fruituak erakutsiko dizkigu. “Etsi” hitzaren jada kasik atzendutako adiera gogoraziko digu Segurolak, hau guztiz positiboa, guztiz gogobetegarria. Badagoela “etsitze” ona, esango digu, eta berau bizi berritu beharra dago:

“Etsi al duk Bilbon?”: gustua hartu, laketu, are konformatu ere…
“Tolosako yoan-etorrie ein dugu, ta etsie hartu”: gustura gelditu…
“Abereek behar dute bere etsigarria” (Axular).

“Etsi” eta berau bezalako beste zenbait eta zenbait hitzek askotan esanahi bat izan zezaketen alde positibotik hartuta, eta kontrakoa edo, gutxienez, kontrako balioko bat, negatibotik hartuta: “… ez zeudela gauza onak eta gauza txarrak, baizik-eta “gauzak” onetik eta/edo txarretik hartuta” (Sed quia sua, 201).

Erdaratik pentsatzeak itotzen bagaitu ere, eta hortaz erdal-euskaran etsiarazten, goazen etsitze hori negatibotik sentitzera eta euskaratik euskara pentsatzea lortu arte ez etsitzera!, bigarren hau positibotik sentitua.

Etsipen beltzetik etsipen gozagarrira

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude