Estilo ariketa
Estilo ariketa
Amaitua, Ezin Amaitua doktorea pazientearen hortzak eta hortzoiak ari zen artatzen, eta, labur izan bazen ere, ezin izan zuen saihestu pentsatzea zeinen hortzeria perfektua zuen ahoa zabal-zabal irekia zuela kontsultako aulkian etzanda zegoen bere bezeroa zen emakume hark, eta bere buruarekin gogoeta egin zuen, azken bolada honetan mota guztietako gogoetak egiten baitzituen, erabakia zuenez etor lekiokeen edozein burutaziori behar zituen minutu guztiak eskainiko zizkiola, azken batean –justifikatzen edo kontsolatzen zuen bere burua, ez zekien seguru zein– etor lekizkiokeen eta de facto, in fact, eventually etortzen zitzaizkion pentsamenduak askoz gutxiago zirela, estatistikoki begiratuta, etor zitzaizkiokeenak baina azkenean etortzen ez zitzaizkionak baino, eta horrela zernahi gogoeta egin zezakeen bere burua, oroitzapenez betea zegoena, gehiegi zamatu gabe –zaharreriari egotzi ohi zion Flora Ugari bere emazteak gauzak gehiegi hausnartzeko bere joera hori, eta, horrelakoetan, emazteak horrelako komentarioak egiten zizkionetan alegia, berak, jostakin, Flora B. deitzen zion, ez beti, baina bai askotan, haren ginekologoarekin behin gertatu zitzaion anekdota batean oinarrituta, Flora B. deitzen zion, Flora Baginal Ugari alegia, nahiz eta egia zen aspaldi hartan ez zela berea baino sentiberatasun finagoko norbaitek gustu txarrekotzat jo zezakeen txiste inozo hura, broma xalo hura egitera ausartu, ez bakarrik bien arteko harremana nabarmenki hoztu zelako, baita feminismoa hartzen ari zen indarraren aurrean bere burua makurtzera behartua ikusi zuelako ere–; nolanahi ere, ez zuen uste kalte handiegirik egiten zionik pentsaketan edo, batzuetan, ameskerietan ibiltzea, eta horregatik pazienteak ezpain artean zeukan nakar bilduma hura ikusita, esamoldea kurtsiegitzat jotzen bazuen ere, ezinbestean galdetu zion bere buruari horrek zerikusirik ote zuen bikotearekin zoriontsua izatearekin, zeren ezin esan zuen Floraren palak eta letaginak eta haginak ederregiak zirenik, oreka zuten falta, eta gizakiak oreka maite du gauza ororen gainetik, berak bai behintzat, eta, bestalde, berak zeritzon berarekin zoriontsua ez zelako zituela horren hortz itsusiak, eta, beraz, logikoa zen orain serios duda egitea ezpain ertzetik lerdea zerion emakume horren hortzen ederra senarrarekin satisfos sentitzearen ondorioa ote zen, zilegi zen galdetzea gure harremanen gogobetetze mailak gure mastekatzeko tresnerian islarik ote daukan, baina bat-batean oroitu da pazienteak kontsultara sartu bezain laster egin dion galderaz, komiki baten gainekoa, semeari edo alabari edo iloba bati erosi nahi zion komikiaz, superheroi bati buruzkoa omen zena, eta azala deskribatu dio, superman itxura duen sudur-luzea da bilatzen ari zen superheroia, hala esan zuen, bilatzen ari naizen superheroia, ez bilatzen ari naizen komikia, eta Amaituak ez daki biboterik aipatu dion, baina orain, hortzei buruzko hausnarketan murgilduta zegoela argia ikusi du, eta oh my God, it’s Superlopez pentsatu du, pentsa zezakeen bezala O mein Gott, es handelt sich um Superlopez, eta hala egingo zukeen momentu hartan Suitzan ikasten eman zituen urteak akordura etorri izan balitzaizkio, baina ez zaizkio etorri, eta orduan oh my God, it’s Superlopez pentsatu du, baina nahiago izan du isilik jarraitu, ez baitaki zein den emakume horren egiazko asmoa, superheroi bat bilatzen ari zen emakume horrena, ez ote zion, zeharka bada ere, seinale erotikoren bat igorri nahi izan, haatik ez dago kezkatua horrelako seinale bati gaizki leritzokeelako, baizik eta ez dakielako emakume horrek berarengandik espero lezakeen maila emateko gai izango ote litzatekeen, eta, ia nahi gabe, haren ezpainei erreparatu die, mamitsuak, sentsualak, une vraie bouche à pipes pentsatu du, lizunkeriarik gabe pentsatu ere, eta ondoren susmoa hartu dio sudur-luzearen erreferentziari, ezaguna baita euskaldunen ezaugarria dela hori, ezaugarritzat jo ohi izan dela, nahiz gaur egun horrelako topikoak baztertzen diren, batez ere zenbait zirkulu ilustratutan, baina halere maiz horrelako korrelazioak egiten direla sudurraren tamainaren eta gorputzeko beste atal batzuen tamainaren artean, eta zenbat buru, hainbat aburu esaten den bezala, zenbateko sudurra, hainbateko zakila esan zitekeela, esan zezakeela bera baino lizunagoa litekeen norbaitek, berea, bere zakila alegia, ez delako bere sudurraren mailara iristen, kontu horri inportantzia gutxiko baderitzo ere, maiz pentsatzen duelako nahi izan balu balentria ederrak, balentria sexual ederrak alegia, miaketa ausartak, azterketa fingabeak, behaketa sakonak egin zitzakeela bere sudur euskaldun horrekin, baina kontua da ez duela horrelakorik egin nahi izan, eta, dena aitortzeko, bere emazteak, Florak, Flora B.-k batzuetan jostakin deitzen dion bezala, lehen orain baino maizago egia aitortzeko, beren harremana, denboraren iragateak ekarri ohi duen higaduaren ondorioz, ez dagoelako bere momenturik gorenean, Florak ez diola horretarako bide gehiegirik eman, eta horregatik… [ad infinitum]
Estilo ariketa
Glosarioa
De facto
Latina da
In fact, eventually
Hitz betegarriak
Oh my God, it’s Superlopez
Tutatisengatik, Superlopez da!
O mein Gott, es handelt sich um Superlopez
Batek daki zer erran nahi duen horrek
Une vraie bouche à pipes
Magrittek zioen bezala, hau ez da pipa bat
Ad infinitum
Gogaitu arte
Leoné,
beste edozein bazina, Quenneau imitatu nahian dabilen burugaldu bat dirudizula nioke, baina berorren eminentzia izaki eskribau, gero eta kriptikoago zabiltzala behar dut esan eta gero eta zaitudala nekezago entelegatzen.
Manitúk kantuak banatu zituenean hegaztien artean, jakinekoa da birigarroak ezkutaturik egin zuela bidaia arranoaren luma artean, bera izan zedin goraino iritsitakoan apurtxo bat gorago salto egin eta kantu ederrena irabaziko zuena. Tranpa egin izanaren ordainetan, ordea, inork ez du izan nahi birigarroaren lagun.
Ba hala, Tutatisen laguntzarekin (eta Esus eta Taranisenarekin, seguruenez) zeuk ere lortuko duzu bideak dakien bakardadea, akaso beste birigarro bakartiren baten konpainiak bakarrik apurtuko duena, izatekotan, berak bakarrik uler baitezake zure kantu ederretan eder dena.