[Erroztamendua] Arimaren premiak III
Arimaren premiak III –
Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa
Gizakiak patu betierekoa edukitzeak obligazio bakar bat inposatzen digu: errespetua da. Errespetuaren obligazioa burutua da baldin, eta soilik baldin errespetua benetan adierazia bada, hau da, modu errealean ez eta modu alegiazkoan. Bestela esan da, errespetuaren obligazioa ez daiteke adierazia eta burutua izan baizik eta gizakiaren lurreko premien asetzearen medioz[1].
Egundaino, kontzientzia unibertsala ez da horretan sekulan aldatu. Duela mila batzu urte jada, egiptarrek pentsatzen zuten, heriotzaren ondoren, arima bat ez zitekeela justutzat joa izan ez baldinbazuen erraiten ahal: «ez dut nehor gosez sofritzen utzi». Kristau guziek badakite arriskatzen dutela egunen batean Jesu Kristo bera entzutea beraiei horrela gogorarazten: «gose nintzen eta jatera ez didazu eman». Jende guziak progresoa irudikatzen du lehen-lehenik inork gehiago goseagatik sofrituko ez lukeen gizartearen egoera bera balitz bezala. Hitz sinpletan, nehork ez du errugabetzat jujatuko janari ausarki duen gizakia, bortaren aintzinean norbait gosez erdi-hil ikusi ondoren, hari deus eman gabe ondotik pasako litzatekeena Izan ere, gizakiaren alderako betiereko obligazioa da berau ez uztea gosez sofritzen sokorritzeko aukera dugunean. Obligazio hau ebidenteena izanki, eredutzat hartu beharra daukagu edozein gizakiren alderako betebehar betierekoen[2] zerrenda osatzeko. Ahalik eta zorrotzen osatua izaiteko, zerrenda hau oinarrizko gosearen etsenplu honetatik abiatuz ondorioztatu behar dugu analogiaren bitartez.
Horregatik, gizakiaren alderako obligazioen zerrendak kointziditu behar du, gosea bezala, hil ala bizikoak diren gizakiaren premien zerrendarekin.[3]
Behar premia horien artean batzuk fisikoak dira, gosea bera bezala, eta hauek zerrendatzeko aski erraz dira. Janariaz gain, premia fisikoek hunkitzen dituzte adibidez, indarkeriaren kontrako babesa, teilatua, soinekoak, berotasuna, higienea, erialdientzako artamenduak…
Baina, behar-premia horien artean, beste batzuek ez dute zer ikusirik zuzenki gizakiaren bizitza fisikoarekin, baizik eta bizitza moralarekin. Halaere, hauek ere lehenbizikoak bezala lurtarrak dira, eta ez dute gizakiaren betiereko patuarekin gure inteligentziari ulergarria izango litzaiokeen erlazio zuzenik. Baina premia fisikoak bezala, lur-behere honetako bizitzaren premiak ere badira. Horrek erran nahi du, premia horiek ez badira asetuak, gizakia erortzen dela guti edo aski heriotza bezalako estatu batean, landare bizitza hutsetik hurbil samar den estatu batean.
Askoz zailagoa da bizi-moralaren premia horiek errekonozitu eta zerrendatzea gorputzarenak baino. Baina jende orok aitortzen du horiek ere existitzen direla. Konkistatzaile batek populu menperatu bati egin diezazkiokeen krudeltasun guziak, dela sarraski, mutilazio, antolaturiko gosete, esklaboratze edo deportazio orokor, horiek guziak mota bereko krimentzat hartzen ditugu, libertatea edo sorterria premia fisikoak ez diren arren.[4] Jende orok badaki badirela krudelkeriak gizakiaren bizitzari kalte egiten diotenak haren gorputzari hunkitu gabe. Horiek dira gizakiaren arimaren bizitzarako elikagai premiazko jakin bat kentzen diotenak.
Giza-arazoei buruzko obligazioak, baldintzagabeak[5] ala erlatiboak, betierekoak ala aldakorrak[6], zuzenak ala zeharkakoak, denak, gizakiaren hil ala biziko premietarik datoz, salbuespenik gabe. Gizaki zehatz hau ala bestea zuzenean hunkitzen ez dituzten obligazioek beti erantzuten diete gizakiarentzat janaria bezalakoak diren premiei.
[1] Bestela esanda, gosetua denaren alderako lehen obligazioa ogia emaitean datza eta kito !
[2] Hemen, ene iduriko, betiereko betebeharra eta obligazioa sinonimoak izango dira.
[3] Ene ustez esaldi honetan SWek etika oinarritu nahi du obligazioaren gainean ez eta eskubidearen gainean 1789ko iraultzalariek bere iritziz erruz egin zuten bezala.
[4] Hona jatorrizko esaldia: «Toutes les cruautés qu’un conquerant peut exercer sur des populations soumises, massacres, mutilations, famines organisées sont generalement considerées comme des mesures de même espece, quoique la liberté et le pays natal ne soient pas des nécessités physiques» Erran nahi du herri konkistatu edo menderatu baten kontrako gaizkeria asko sailkatzen dituela herri horren herritarren arimaren premien kontrako kategorian.
[5] Iduriz hemen, ez banaiz oker, jadanik erranarekin kontraesan bat dago, izan ere obligazioa badintzagabea da eta. Ez ote zuen betebehar erran nahi hemen ?
[6] Idem, berak erranik, obligazioa betierekoa da eta.
Berrikitan adiskide gazte argi, eta filosofian ikasi batek idazten zidan:
“Gaiari gagozkionez, arrunt interesgarria baina nahiko “ezgaraikoa” eta euskal testuingurutik lokatua dirudi. Ez zait afera bitala denik iruditzen”.
Alta, adibidez, pasarte honetan irakurtzen dugu:
“Jende orok badaki badirela krudelkeriak gizakiaren bizitzari kalte egiten diotenak haren gorputzari hunkitu gabe. Horiek dira gizakiaren arimaren bizitzarako elikagai premiazko jakin bat kentzen diotenak.”
“Horrek erran nahi du, premia horiek ez badira asetuak, gizakia erortzen dela guti edo aski heriotza bezalako estatu batean, landare bizitza hutsetik hurbil samar den estatu batean”.
Zer zuen Swek buruan hau idazterakoan? Seguraz ere gerla aintzineko langileen eta laborarien egoera, edo okupazio garaiko frantsesen morala, edo beharbada populu kolonisatu batzuena, oso antikolonialista zen eta!
Baina ez eiki zuen gure herriari pentsatuko.
Alabaina baina guretako esaldi hauek egia hutsa dira eta egunero ikusten dugunarekin egiaztatzen ahal ditugunak. Izan ere, lerro hauek irakurrita nola ez pentsatu gauko gure populuaren arrastoen egoera material eta morala detoragarrari?
Egia da SWen testu hau duela laurogei urtekoa dela, frantses filosofo batek 2.mundu gerlaren garaian idatzia eta bortxatzen gaituela esfortzu intelektual bat egitera. Baina Herri sobera luzaz zapaldu honetan esfortzu intelektual baten egiteko gai gara oraindik? gazteak eta zaharrak?
Orduan, ulertzen baldin badugu ezen gizakiari pairarazten zaizkion krudelkeria horiek “arimaren bizitzarako elikagai premiazko jakin bat kentzen” diotela, halako moldez non gizakia erortzen baita “guti edo aski heriotza bezalako estatu batean”, orduan ez litzateke logikoa batzuek ondorioztatzea zilegi dela krudelkerion aurrean erantzun biolentoa ematea?
Gilen, ene ustez, zure galdera funtseskoa da eta, dudarik gabe, gainera Swen testu honen kezka funtseskoenetariko bat da.
Lehenik, goazen fite fitea ikustera Swek berak pratikan zer pentsatu eta egin zuen
Espainiako gerla zibilean, Aragoian ikusita bueltatzerakoan, bere jatorrizko pazifismoa konfirmatu zen. Aldiz gerora pazifismoagatik Hitleren alderako ahuleziak eragin zuen desastrea ikusi zuelarik, bere pasifismoaz saminki dolutu zen, eta onartu zuen biolentzia militarra erabili behar zela naziak garaitzeko. Horregatik joan zen Inglaterrera De gaullen CNRarekin gerlan parte hartzeko. Beraz gerla egin du, bai nazkarekin eta erreserba askorekin, baina gerla hala ere.
Atrebituko naiz aurreko ataletan jadanik entzundakotik zerbait ondorioztatzen.
Nehor sofriaraztea ( fisikoki edo ezpiritualki) obligazioa da. Alabaina besteak sofriarazten eragoztea obligazioa da ere bai eta hori askotan ezin duzu egin biolentzia erabili gabe. Gertatzen gara justu aipatzen duen kasu horretan nun, nahi edo ez, injustizia egoeragatik, elkar kontraesaten duten bi obligazio ditugun aurrean eta bietarik bat lehenetsi behar dugun. Beraz “krimenik gabe” erantzun biolentoa eman dezakegu baldin eta, berak dioenez, aitortzen badugu gure buruari beste obligazio bat ukatzen ari garela.
Baina zilegitasun horrek ez du kentzen beti neurtu behat ditugula onurak eta kalteak, fisikoak eta moralak gure komunitearentzat. Gure buruari galdegin behar diogu bide onena den. Urruti egon behar gara biolentziaren erabilerak gure baitan sor lezakeen guziahalduntasunaren ubrismo beti posibletik.
Erran behar da ere SW platonista zela eta harentzat, komunitatea edo patria edo nazioa gizakiaren premia lurtarrak ziren eta beraz ugatuak eta mugatu beharrekoak ziren. Izan ere, horien gainean goi mailako ontasunak baziren, Egia, Ederra eta Justizia alegia.
Horregatik ez zuen inoiz bonba bat ezarriko supermerkatu batean.
Gilen, barkatu ene esplikazio konplikatuengatik baina segitu behar dugu ildo horretan, hasiera eta bukaerarik gabekoa da. Beti buruan euki behar dugu.
.
Pentsatzea, hau da zinez eta egiazki pentsatzea, ez da lasai eta arriskurik gabe gure alderdian edo orotan pentsatzen den bezala pentsatzea.
Aitzitik pentsatzea da bururik gabeko mendi lerro zorrotz eta luze baten gainean baleki bale aurreratzea. Berriz eta berriz lerratzen gara leizealdeari beheiti, alde batera ala bestera, eta ahal bezala hegi zorrotzaren gainera berriz igotzen entseiatzen gara.
Filosofo honek ez du gibeleko bortarik. Erakusten digu pentsaketa ariketaren etsenplu bat.
Harentzat, pentsaketa ez da ekintzatik bereizi behar, ekintza onaren baldintza da, lehen urratsa da, preparakuntza da, eta zentzu horretan bera ere ekintza da.