[Errogabetasuna] Arimaren Premiak IX

Arimaren Premiak IX –

 Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa

Gaztigua

Gaztigua da arimaren hil ala biziko beharra. Bi motatakoa da, diziplinarioa edo penala[1]. Lehen motakoek segurtasuna emaiten dute gaizkileen kontra, zeinen aurkako  borroka  nekagarriegia izango bailitzateke ez balitz kanpotikako laguntza bat. Baina arimarentzat gaztigu beharrezkoena da krimenaren kontrakoa. Izan ere, krimenarengatik gizakiak berariaz bere burua jartzen du beste gizaki orori lotzen duen betiereko obligazioen saretik kanpo. Soilik gaztiguak kriminala berriro sarraraz dezake sare horretan, erabat gizaki honek gaztigua onartzen badu, eta bakarrik partzialki ez badu onartzen. Nola gosez sofritzen duen gizakiari errespetua erakusteko manera bakarra jatera emaitea den, legetik kanpo jarri den gizakiari errespetua erakusteko manera bakarra da legean sarraraztea legeak manatzen duen zigorra aplikatuz.

Arimaren Premiak IX
Simone Weil, Mark Linsenmayerren ilustrazioa

Gaztiguaren beharra ez da asetzen, zorigaitzez eskuarki gertatzen den bezala, zuzenbide penala ez delako izuikararen mediozko hertsadura-metodo bat baizik.

Behar horren asebetetzeak lehenik exigitzen du zuzenbide penalari hunkitzen dion guziak ager dezan ezaugarri bat ospetsu eta sakratua; exigitzen du ere legearen ospetasuna zabal dadin auzitegira, politziara, akusatura, kondenatura, eta horrela izan dadin garrantzi gutiko auzietan ere baldin eta libertate-gabetzea bederen aplikatzen ahal badute. Gaztigua ohore bat izan behar da, ez du bakarrik krimenaren ahalgea ezabatu behar baina agertu behar du ere gehiagoko heziketa bat bezala zeinak zigortua derrigortzen baitu ongi publikoarentzako arduratasun-maila handiago bat izaitera. Zigorraren gogortasuna obligazio urratuaren naturari egokitu behar zaio ez eta gizarte-segurtasunaren interesei.

Errealitatean zer ikusten dugu? Poliziarentzako estimuaren galtzea, lege-gizonen arinkeria, kartzelako erregimen eskasa, zigortuen baztertze sozial[2] behin betikoa, zigor-eskala bat zeinak aplikatzen baitu zigor bat askoz latzagoa hamar lapurketa tipirentzat ezen ez eta emakume-bortxaketa batentzat edo hilketa batzuentzat, zigor eskala bat zeinak zigorrtzen baitu bizitzako ezbehar sinple batentzat. Oker hauen guziengatik  ezin da existitu gure artean gaztiguaren izena mereziko lukeen deus.

Hobenentzat krimenentzat bezala, inpunitate-gradua handitu behar da ez gizarte-mailetan igo ahala baina jauts ahala. Bestenaz, zigorrek eraginiko sofrikarioak sentitzen dira boterearen hertsadurak edo bidegabekeriak bezala, eta ondorioz galtzen dute gaztiguaren balioa. Gaztiguaren balioa existitzen da bakarrik eraginiko sofrikarioa justiziaren sendimenduarekin batera doalarik. Nola musikalariak edertasunaren sentimentua pizten duen musika-soinuen bidez, horrela ere sistema judizialak sofrikarioaren bidez, baita kasua etorritakoan heriotzaren bidez ere, justiziaren sentimentua pizten jakin behar du kriminalaren bihotzean. Nola min hartu duen aprendiz batez erraiten den ofizioa zaiola gorputzean sartzen, horrela, aragiaren sofrikarioaren bitartez, gaztigua da ariman justizia sarrarazteko metodo bat.

Goikoen inpunitatea lortzeko konspirazioa eragozteko metodo onena aurkitzea da problema politiko zailetarik bat.

Soluzionatzea bakarrik posible da  baldin eta gizon batek, edo hainbat gizonek  badute horrelako konspirazioa eragozteko ardura, eta gizon horiek  bizi badira egoera batean zeinean beraiek ez diren konspirazioan sartzeko tentatuak izaiten ahal.


[1] «Disciplinaire ou penal» testuan

[2] «Déclassement» testuan.

Arimaren Premiak IX

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

8 pentsamendu “[Errogabetasuna] Arimaren Premiak IX”-ri buruz

  • Benat Castorene 2021-05-14 10:57

    Gaztiguari buruzko testu hau onartezina edo probokatzailea iduri lezake gutariko anitzi. Ene ustez ez dgo hemen probokatzeko xederik; Erraten du argi ta garbi aurretik ongi hausnartu duena. .
    Ni gehien harritu ninduena zen heriotzako gaztigua lasai lasai aipatzea gaitzespenik gabe. Ene ustez, bere buruarekin biziki logikoa dela.
    Ian kapaz naizen bere buruaren logika hori ber-formulatzen?
    Gizakiak ezin du komunitatetik kanpo bizi duinik eduki. Krimenak krimenala komunitatetik haizatu du. Lehenik gaztiguak hobenduna sarrarazten du kolektibitatean hilda ere Gainera izakiak izate transzendentala du eta ez krimenak ez du sekula krimenalaren jjainkoarekiko lotura hautsi eta krimenalaren arima haren eskuetan dago.
    Espero dut ez naizela sobera makur eta ez zaituztedala eskandalizatu.

  • Beñat:

    Zigorra gizakiaren arimak duen beharra bezela. Gai latza, heriotz zigorraren aipamena eginaz,

    Nere ustez, aipamen horren inguruan bi gauza hartu behar dira kontuan.

    Bata, SWk egindako ‘erroztatzeari’ buruzko lan osoa gerra osteko Frantziaren antolamenduari ekarpen bezela hartua izan da, berak idatzi zuenean gerra bukatzeko oraindik asko falta bazen ere. Testuinguru hartan, heriotz zigorraren aipamena garaiko giro hartantxe ulertu beharko litzateke. Hala ere, zigorrik ‘txarrena’ bezala hartzen du. Ez al da horrela?

    Bigarren, zuk ere aipatzen duzuna: gizakia lagunartean bizi da, eta subjektu izateko beste gizakiekiko eta komunitatearekiko obligazioak ditu. Obligazio hoiei uko egitea ez da beretzat zilegia. Konpromisoa da subjektibitatearen ardatza. Badago hortxe antzekotasun puntu bat gure ikuspegi tradizionalarekin. Etxea eta auzoarekiko erroztapena mantentzeko, ardurak hartzea (‘zorrak betetzea’) zegokien gure arbasoei.

    Beñat, oso serie ederra eta iradokigarria

  • Benat Castorene 2021-05-14 21:56

    Markel,
    Egia erraiteko heriotz gaztiguaren aipatze horrek ni ere beti xifritu nau. Gainera ez doa batere bat SWen pertsonaiarekin. Horren froga, debrua ikusi zuen onartzeko Hitleren kontrako gerlan parte hartzeko ezinbestez alemanak hil egin behar zirela. Berak nahiago zuen bere bizi propioa sakrifikatu eta proposatu zuen emakune erizain komando batean frentearen atzean jausgailuz pausatua izaitea gerlari kolpatuak artatzeko “aliatu ala etsai” berdin. Erran gabe doa ez ziotela onartu.
    Bestetik bada ( guretzat edo enetzat) kontraesan bat : harentzat gaztiguaren helburua ez zen “zigorra”, hobenduna hezteko eta komunittean berrintegratzeko metodoa baizik, eta heriotzak ez zuen ordea helburu hori betetzen ahal.
    Gero gutiesten dugu aurrelari geniala izan arren bere garaikoa bazela ere eta denbora hartan konbentzituta nago gure aitaxi ta amati guziek onartzen zutela heriotz zigorraren ideia.
    Baina esplikazio horiek guziek ez naute oraindik erabat asegabetzen, sumatzen dut badela enigma horretan zerbait bere ikusmolde jinkotiarrarekin zer ikus duena.
    Ados naiz euskal tradizioarekiko antzekotasunarentzat. Askotan egin dut ene golkoan gure amatxi ta aitaxi laborariek hainbat gaietan SW hobeki ulertuko zutela guk baino. Niketz ( uste dut horrela erran daitekeela) preziatzen dutana da bortxatzen nauela ene buru muina inharrosi eta erabiltzera. Maisu pentsarazle bikaina da, guru baten kontrarioa.
    Markel, zure galderak zinez plazer handia egin dit , erantzuteko mugatua nintzela sentiarazi nauzun arren. Astia baduzu segi iruzkintzen eta galdatzen mesedez.
    Adeitasunez
    Adeitasunez

  • Benat Castorene 2021-05-15 07:07

    Zure galdera txalotu dut baina ez diot ordea zuzen-zuzenean erantzun. Heriotz zigorra txarrena den SWentzat? Guretzat segur baietz, guretzat bizitza balore gaindiezina delako. Baina kasu bakan batzutan harentzat izango zen, kontra esana emaiten badu ere, metodo bakarra eta onena kriminala sarrarazteko konunitatearen duintasunean. Kontuan hartu behar dugu Bera, duintasunerako edo ahulena salbatzeko bizizitza emango zukeen desagertzear den arrazakoa zela eta.
    Noiz aplikatuko zuen heriotz zigorra?
    Ez gizartearen mendekioz, ez gizartearen lasaitasunagatik ez ta etsenplua emaiteagatik ere, ez dut uste.
    Beharbada kriminalak komunitatea berrintegratzeko nahirik erakutsiko ez duenean. Fourniret bezalako munstro batentzat agian. Guk beharbada erremedioekin presondegian tratatu nahiago ginuke heriotzeraino.
    Bukatzeko, ene memoria ez bada makur, nunbait errana zuen kontradikzioak ez gintuela baitezpada izitu behar, egiarekin edo errealtatearekin talka egiten dugulako seinale izan zitekeelako.

  • Beñat: nik ‘Echando raíces’ bertsio kastellanoa irakurrita daukat. Ahal dan apalena hitz egin behar dizut, itzultzailea zarenez, nik baino irakurketa sakonagoa egin duzula badakidalako. Baina, atal hori berrikusi eta gero, nere iritziz, heriotz zigorraren aipamena egiten duenean, ez du horren zaletasunik agertzen, ezta?

    Justiziaren sentimenduaz ari da, zuk ondo adierazten duzun bezala. ”En el peor de los casos” esaten du gaztelerako bertsioan. Zure itzulpenaz baliatuz, nik irakurritako bertsioaren arabera, honela izango litzateke, “sistema judizialak sofrikarioaren bitartez, edo heriotzaren bitartez [‘kasurik txarrenean’], justiziaren sentimentua pizten jakin behar du kriminalaren bihotzean”. Neretzat, esaldi horrek deskripziotik gehiago du jarrera hartze batetik baino.

    Dena dela, ez nintzateke harrituko -esan bezala, garai hartako nahasi mahasian- SW heriotz zigorraren defendatzailea izatea. Zure aburua, zentzu horretan, nere baino jantziagoa dagoela iruditzen zait.

    Beñat, barkatu ausardia. Eta eutsi egin ari zaren lan horri.

  • Benat Castorene 2021-05-15 16:54

    Markel interesgarria da konparatzea jatorrizko frantsesezko testua eta espanolezkoa. Hona frantesesezkoa:
    “… de même le système pénal doit savoir éveiller le sentiment de la justice chez le criminel par la douleur, ou même, le cas échéant, par la mort.”
    Ikusten dugun bezala ez du jartzen ” dans le pire des cas” edo “en el peor caso” espainolez edo “kasu txarrenean”euskaraz.
    “Le cas echeant”hitzek esan nahi dute “kasua gertatzen bada” edo” kasua iritsi orduan” eta behar bada ene itzulpena “behar denean” da “gogorregia” larritzen baitu karaktera guretzako zaurgarria.
    Aldiz, ene iduriko “en el peor caso”hitzek sartzen dute nabardura bat jatorrizko testuan existitzen ez dena. Testua onargarriagoa eta eztiagoa bihurtzeko gure garaikideentzat. Hitz horrek iduriz denak xifritzen gaitu eta.
    Markel zer pentsatuko zinuke ” behar denean” lekuan “kasua gertatzen denean” jartzen banu?

  • Beñat, gazteleraz honela dio (esaldi osoa): “Así como el músico despierta el sentimiento de belleza a través de los sonidos, de la misma manera el sistema penal debe saber despertar el sentido de la justicia a través del dolor, e incluso, en el peor caso, con la muerte”.

    Baina, jatorriko testua frantsesa nola den, proposatzen duzun itzulpen hori zuzenagoa dela. Beraz, egiten didazun galdera horri erantzunez, neretzat ongi zegoen lehen, eta oso egokia da baita ere proposatzen duzun hori.

    Mila esker, nerekiko azaldu duzun abegiagatik

    Hurrena arte

  • Beñat Castorene 2021-05-16 09:19

    Arimaren premien astertzearen bidez, SWek berrikusarazten dizkigu ordena, hierarkia, segurtasuna gaztigua… bezalako kontzeptu orai modaz kanpokoak direnak, tamalez ezkuinak diskredituak izaiten ahalko liratekeenak eta horregatik tamalez ezkerrak ere erruz kondenatuak.
    Alta, oinarriko kontzeptu horiek gabe nekez analisa ginezake gaurko fenomeno garrantzitsuak hala nola Frantziako hiri handi banlieu askoetako erabateko anabasa eta bortizkeria, salafismoaren garapena eta abar.