Kanpion, 51 urte euskal murgilketan

Kanpion –

Arturo Kanpion Akademia izeneko ikastetxea 1969/70 ikasturtean antolatu eta sortu zen Iruñean; aurten 51 urte betetzen ditu. Eginkizun haren xedea, garai hartan toki askotan eta ekimen anitzez —ikasleak, langileak, gazte-mugimenduak, talde politikoak eta abar— sortutako euskalduntze eta alfabetatze saioei koordinaketa bat ematea izan zen. Eta, aldi berean, jakina, irakasleak prestatzea, animatzea edo… gutxienez, beldurra kentzea.

Kanpion
Arturo Kanpion euskaltegiko irudi bat (ARGIA)

Garai hartan gau-eskolak izena ematen zitzaien euskalduntzea eta alfabetatzea xedetzat zuten ahaleginezko ariketa haiei. Izenak berak eta aipatutako helburuak beren izaera adierazten dute. Gauez hobeki esateko, ilunabarretan- emandako irakaskuntzak ziren; lan eta ikasketako ordu arrunt eta arautuetatik at. Euskalduntzea euskaraz ez zekitenentzako zen; alfabetatzea, berriz, euskaraz hitz egiten jakinda ere, erdaraz ikasi, idatzi eta irakurtzen zutenentzako behar zen.

Koordinaketa bilerak lehenik Labrit frontoian hasi genituen; Oberena elkarteak tokia utzita eta peñen babesarekin. Gero, Iruñeko parrokia bateko Xabier zentrora, eta hurrena, eskolapioen eskolara igaro ginen. Azkenik, Konpainia kaleko etxebizitza bat alokatu eta han antolatu ginen, izena jarri genion antolakuntzari eta han aritu ginen, urte franko beranduago Pozoblanko kaleko lokalak, iruindarrek egindako diru-ekarpenekin, erosi eta prestatu ziren arte.

Gakoa da XX. mende bukaerako historiaren olatuetan jauzi kualitatibo baten txanpa harrapatzeko zoria izan genuela; hizkuntza murgilketaren txanpa zientifikoa, alegia. Ez zen gure meritua izan, jakina; aroaren, jendearen eta kulturaren aukera zen. Ez zen ezta ere, euskararen eremuan lortutako aurkikuntza edo aurrerapena izan, inozoren batek hala nahi izan badu ere… Hizkuntza murgilketa nazioarteko kultura unibertsalaren aurrerapen garrantzitsua da; eta, beraz, hizkuntza guztientzat balio ez-ezik, oinarri zientifiko xume bezain tinkoa eta sakona daukana; zera alegia, haurren hizkuntza ikasketa modua. Mende eta mendeetako gramatika ikasi beharra alde batera utzi eta murgilketako metodoen bidea lehenetsi zelarik, euskaldun berrien fenomeno soziala agertu zen. Izan ere, ordura arte izaten ziren bizitza osoa gramatikaren bitartez euskaraz ikasi nahian emandakoak, inoiz ongi ikastez bukatu ezinik.

Garai hartan bertan, gainera, gizarteak ikastolak sortu eta sustatu zituen aroa gertatu zen. Ekintza eta emaitza erraldoi hura ere —behintzat Nafarroan eta hiriguneetan edo euskaldunduak ez zeuden lurraldeetan— soilik bideragarria izan zitekeen, besteak beste, murgiltze ereduaren erabilpenari esker.

Adibidez, 1969. urtean Tafallako ikastolari ezin izango zitzaion hasierarik eman, egiazki eman zitzaion bezala, baldin eta murgiltze ereduaren teoria zientifikoa, erabilpen edo praxi unibertsala eta aro berezi hartako ausardi soziala eduki eta egon izan ez balira. Arturo Kanpion ikastetxearen sorrera Nafarroako ikastolen sustapenarekin lotuta gertatu zen alde bat baino gehiagotik.

Gaur egun Frantziako Errepublikaren Asanbladan 2021-04-08an onartutako Molac legeak murgiltze ereduaren garaipen ideologikoa irudikatzen du; nahiz eta Jakobinismoaren helegiteak ipini. Izan ere, mundu guztian hizkuntzak irakatsi eta ikasteko ereduak sakonki aldatzen ari dira eta hori zientziaren eta kultura unibertsalaren ezaugarria bilakatu da. Murgiltze ereduaren kontra saiatzen direnek egiazki kulturaren eta zientziaren kontra jokatzen dute; eta maiz, euskararen edo beste hizkuntza gutxituen aurkako gorrotoaren edo inperialismo zaharkituen adierazpen lotsagarri eta nardagarriak baizik ez dira.

Denborarekin Arturo Kanpion ikastetxeak eragin sakona eduki zuen eta eduki du Iruñeko eta Nafarroa osoko euskalgintzan. Ez bakarrik kulturaren arloan, baizik eta baita ere, gizarte mailan. Adibidez, AEK Nafarroan ezartzeari dagokionez, edo beranduago IKAren sorreran zutabe izanik; gainera, 1980 aldera, ezaguna egin zen Arturo Kanpionek eta Iruñeko Peñek San Fermin bezperan antolatzen zuten jaialdia.

Gauza da, halere, Arturo Kanpion Akademiaren 50. urteurrena ospakizun edo oroitzapen sozialik gabe igaroa zaigula, baina euskararen irakaskuntzari buruz gogoeta berezia egitea merezi duen eta aukera ematen duen efemeridea dela uste dugu.

Arturo Kanpion ikastetxea hasi eta urteak geroago, Iruñeko eta Nafarroako gizarteari AEK, Hizkuntza Eskola Ofiziala, irakaspen publikoko eskaintzak eta beste mahairatu zitzaizkion. Edonola ere, Arturo Kanpionen eragina ezin da ikastetxe horren antolakundeak berak zuzenki egindakoari mugatu; esate baterako, zuzena ez litzatekeen bezala ikastolen eragina, adibidez, gaur egungo ikastola kontzertatuen izaerara mugatzea; zeren eta, irakaskuntza publikoan eraikitako euskarazko lerro eta ereduak ere, hein batean —ez osotasunean, jakina— aspaldiko ikastolen lehen ekimen hari zor baitzaizkio.

Arturo Kanpion Akademiaren sorrera-sorreran eta lehen urteetako antolakuntzan eta lokalen erosketan ibili ginenok egiaz aitortzen dugu ondorengo urte luze, zail eta maiz neketsuetan bertan aritu, saiatu eta jarraitu dutenen lana; Sagrario Aleman, Mattin Manterola, Arrosa, Bittorio, Asisko, Luzio, Nekane, Jone, Mikel, Xabi… Ezinezkoa da guztiak aipatzea, ezinezkoa litzatekeen bezala hainbeste urtetan egindako eta gertatutako zertzelada guztiak zenbatzea.

Garaiak, egoerak eta jarrerak aldatu egin dira. Gaur egungo nafar gazteek ezin dute alfabetatzeari orain dela berrogeita hamar urte ematen zitzaion garrantzia ulertu edo sinetsi. Baina, era berean, guk ez genuen orduan sinetsiko, inork esan izan baligu, XXI. mendean, ustezko berrogei urteko demokraziaren ondoren eta indar politiko abertzaleak agintean egon eta daudelarik, Nafarroa osoan euskara ofiziala eta librea ez izatea oraindik.

Aldatu ez dena da euskarak nafarren eta nafar bakoitzaren eskubidea izaten jarraitzen duela; eta horrek etorkizunera so jartzen gaitu. Murgilketaren gogoetarekin hasi gara; eta helduentzako euskarazko irakaskuntzaren diru-laguntza premia gogoratuz amaitu nahi dugu. EAEko gobernuak sinatu berria du AEKrekin finantzaketa akordio bat; Nafarroako Gobernuak antzeko zerbait egin beharko luke berehala.

Eta bitartean, bejondeiola Arturo Kanpion ikastetxeari azken 51 urte hauengatik! Bejondeiola Iruñeari eta euskarari datozen ehunka urte eta mendeengatik!

 

Patxi Zabaleta Zabaleta, Iñaki Zabaleta Urkiola

Hurrenez hurren, Euskaltzaina eta EHUko katedraduna

Kanpion
Kanpion
Kanpion

Idazlea eta euskaltzaina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude