Erretzen dugu eta erreko gara
Mundu guztiari buruan sartu zaio erretzea gaizki dagoela. Gurasoei, bikotekideei, lagun minei, medikuei eta gobernuari. Buruan sartu zaie kaltegarria dela osasunarentzat eta ekidin behar dela. Ekidin eta, bai, debekatu beharreko ekintza dela, gure bizitza ez ezik, inguruan daudenenak arriskuan jartzen baititu. Edo hala adierazten digu tabako-kaxa erosi berrian agertzen den irudi sentikortzaileak.
Usteldutako birikak, bihotzak eta laringeak ikusteak pentsarazten digu guri ere gerta dakigukela, gaitz horiek jasan behar izango ditugula noizbait. Orduan, kaxa amaitutakoan berriz erosiko ez dugula erabakitzen dugu. Are gehiago, batzuetan, argazkia ikusi bezain laster kaxa zapaldu eta zakarretara bota ohi dugu, hori ez bailuke inork kontsumitu beharko.
Eta primeran sentitzen gara, benetan errebeldeak izaten ari baikara: gure inguruko guztiek jarraitzen duten modari mespretxua egin eta alde batera utzi dugulako. Heroiak gara. Bereziak eta guaiak. Erretzeari utzi diogu guk geuk hala erabaki dugulako, indartsuak garelako eta kaka horrek ez duelako menpekotasunik sortu gugan.
Baina, arranopola! Nikotina eta mundrun gutxiago dituen zigarroak atera ditu Camelek, menta-zaporea dutenak Lucky Strikek, ziur horrek ez duela osasuna kaltetzen. Gainera, tabernetan erretzea debekaturik dagoenez gero, kanpora atera behar izateak ligatzeko aukera paregabea ematen du. Funtsean, erretzea abantailaz josita dago eta! Azken finean, erre ala ez erre, erreta amaituko dugu.