Pertsona bat erreskatatzeak ez du preziorik…edo bai??

Erreskateak burutzeagatik kobratzen hasiko direla irakurri dut duela gutxi, irakurri eta baita berrirakurri ere ikusmena galtzen ari nintzelakoan. Baina ondo irakurri nuen, Jaurlaritzak hartutako erabaki bat da eta onartua izan da PSE-EE eta PPren botoei esker. Oposizioko talde guztiek neurri horren aurka egin duten arren, lortutako indarra nahikoa izan da aplikatzerako orduan.

Kirol arriskutsuetan ezarri dute neurria oraingoz, baina istripua izan duena arduragabea izatekotan,  beste kirol batzuetara ere zabalduko da. Kirol arriskutsu horien artean daude, besteak beste, eskalada, espeologia, surfa, ur azpiko edozein jarduera, eskia, mendiko bizikleta –kaskorik gabe egitekotan bakarrik-, motokrosa eta beste hainbeste kirol arriskutsu.

Gainera, erreskateak beregain hartzen dituen beharrizanen arabera kobratuko dute, harategian egiten denaren antzera, zenbat eta pisu gehiago, garestiago. Erreskatean parte hartzen duen pertsona bakoitzeko 36 euro kobratuko dituzte, horretarako erabilitako ibilgailu bakoitzeko 38 euro, helikoptero bakoitzeko 2.093 euro eta, erabiltzekotan, erabilitako itsasontzi  bakoitzagatik 383 eta 2.017 euro bitartean -tamainaren arabera-  kobratuko diote erreskatatua izan denari.

Hori gainera! Gastu horiek ez ditu gobernuak berak ordainduko, erreskatatua izan denak baizik. Ez al du nahikoa koitaduak istripu bat jasan izanarekin? Nahiz eta istripua arduragabea izan, ez dut uste norbait kirol istripu bat nahita egiteraino iritsiko litzatekeenik… Arduragabetasun horien mugak ere definitu beharko lituzkete, ez al da hala?

Arduragabekeria gutxitzea omen da neurri honen helburua, horrek baino arduragabekeria arduragabeagoak ere badaude, guztiak kobratzen hasiko baginateke ez dakit norek eramango lukeen diru guztia etxera…Espiral amaigabe bat bilakatuko litzateke.

Zergatik erreskatatu erreskatatze hutsagatik? Argi daukadan gauza bakarra, mundu honetan inortxok ere ez duela ezerengatik
zerbait ematen da, eta oso tristea dela deritzot. Ibili zaitezte kontuz, beraz, istripu bat izatekotan. Erori orduko kalkulatu ondo nola erori eta zu jasotzeko hartu beharko dituzten neurriak eta erabili beharreko materiala, ez gaude diru
kopuru handiak xahutzeko garaietan eta!

 

Mutila patinekin
Foto Pamp-i flickerretik hartua

Ahantzi edadeak - Kazetaria eta sare sozialetan aditua. Hara eta hona bideak egiten. Batzutan geldi, baina ez gehiegi. #Umorea #Blogak #Euskara