Elkar ulertu

Elkar ulertu –

 Aintzane Urrutiak Arabako Alea agerkarian.

Elkar ulertuLotsaz sartzen da oraindik argitasuna gelan, goiz da. Kilimak nabaritu ditut besoan, leuntasunez ferekatzen duzu, eta poliki-poliki, esnatu egin naiz. Begiak ireki, zureak bilatu, egun on esan, irribarre egin eta muxu luzea eman diogu elkarri. Laztantzeari utzi gabe, norabide berria hartu du zure eskuak; nire klitoriaren bila joan da. Nik gozamen bera bueltatu nahian zure zakila bilatu dut; gorputza kiribildu eta oihu egin duzu. Bada, euri tanten erritmora, plazerean murgildu gara elkarrekin.

Sexua izan da bai, baina desiotik, irrikatik, grinatik, leratik, desiratik eta irritsetik eratorritakoa ez ezik, borondatea, errespetua, oreka eta maitasuna nabarmendu dira bertan. Mundu desberdinetakoak gara bai, ezberdintasun ugari dugu bai, baina primeran ulertzen dugu elkar. Aspaldi egin genuen horretarako hautua, beti izan dugu borondatea, horixe izan da gure jomuga beti; elkar ulertzea. Politikan, sexuan bezala, ezinbestekoa da elkar ulertzea, baina zaila izaten da horretarako borondaterik ez dagoenean. Aukeratua izateak dakarren erantzukizunari muzin egin eta gizartearen beharrak eta arazoak konpontzea lehenetsi beharrean, norberaren edota laguntxoen nahi propioak lehenesten ditugunean gainera, ezinezkoa. Eta nago, horrelaxe jokatzen dela gaur egungo politikan. Tamalez, aurrekaririk ez duen gizarte eta kultura noraezean goaz eta herria hondora doan bitartean, eroso ikusten ditut politikariak beraien jauregietan.

Aristoteles filosofoak zioenez, gizakia berez da izaki soziala, bizirauteko besteen beharra dauka, ezaugarri horrekin jaio eta bizitzan zehar garatu egiten du. Batek daki Sanchez eta Iglesiasek bata bestearen behar hori non ikusi duten orain. Azken hauteskundeek ekarri duten kolore dantzak, egoera okertu besterik ez du egin. Gainera, beldurra diodan indar ultraeskuindarrak lehen baino botere gehiago dauka orain. Hori da lortu dena, a por ellos kantu egiten duten horiek, ellos ez den ororen aurka egiteko lehen baino legitimoago sentitzea. 

Igandeaz gero elkar ulertzeko zioak asko dira, baina lehen ere baziren. Jendarteak behar hori badauka, baina apirilean ere bazuen. Ez naiz politikan aditua, eta beste batzuk ba ote diren ez dakit, baina gizarteak aurrera egiteko galdu duen denbora eta dirua ez direla bueltan etorriko badakit. Tamalez baina, bueltatuko den ez dakidana eta beldurtzen nauena, entzunez eta irakurriz bakarrik ezaguna dudan hori da.

Elkar ulertu

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude