Egian badugu txertoa!

Egian badugu txertoa! – 

Gure osasun indibiduala eta kolektiboa bete-betean jo dituen pandemia bat(zuen) erdian gaude. Ezagunak dira COVID-19ak eragiten dituen arazoak, ez dira hain ezagunak ordea, pandemia hau(en) kontra gure herrietan eta auzoetan garatzen ari diren proposamen praktikoak. Egian, adibidez, txerto bat garatu dugu.

Agian ez duzu jakingo, baina EAE-n kontsumitzen den elikagaien %5a besterik ez da bertan ekoitzia; hau da, gainontzeko %95aren ekoizpena, banaketa eta kontsumoa nazioarteko zirkuituen arabera antolatzen da, eredu kapitalista, kolonial eta tekno-industrialaren baitan, alegia. Honek egiturazko ondorioak dauzka, bai ekoizpena egiten den lurraldeetan zein gure lurraldean ere. Batetik, pobretutako herrialdeak elikagaien esportaziorako ekoizpen industrialera kondenatzen ditu, dependentzia sakontzen duen eredua sustatuz. Bestetik, gure nekazaritza-sektorearen desagerpen teknikoa eragiten du, eta elikadura-segurtasuna nazioarteko fluxuen menpe uzten du; gure osasunaren degradazioa eta gure gizartearen akulturazioa dakartzalarik.

Ikusten den bezala, COVID-19a ez da gure lurraldea zeharkatzen duen izurrite bakarra, are gehiago, konbentzituta gaude goian aipatutako egoera dela birus hau (eta beste batzuk) zabaltzea ahalbidetu duen ezinbesteko testuingurua; kapitalismo globalaren markoa, alegia.

Azken urteotan, baina, ugariak dira eredu honi aurre eginez, tokian tokiko proposamenak eraikitzen dihardutenak. Ekoizleek, nekazarien sindikatuek, eragile sozialek eta kontsumitzaileek sortutako antolamendu eredu berrien bidez lurraldearekiko, tokiko ekonomiarekiko, osasunarekiko eta tokian tokiko kulturarekiko elkar-erantzulea den eredua eraikitzen ari da. Proposamen hauek herrien burujabetza aldarrikatu, eta eredu sozial, ekonomiko, eta anbiental berri bat ari dira gauzatzen; nazioartean gero eta indartsuagoa den mugimendu sozial anitz eta emankorra sortuz.

Egian pandemia hauei aurre egiteko txertaketa herritar batekin hasiak gara; itxialdiaren ondoren, elikadura burujabetzan sakondu, eta, harreman soziala ehuntzeko helburua duen Azoka Txikiaren bidez.

Azoka Txikia itxialdi garaian hasi zen ernaltzen. Egiara ere iritsi zen itxialdiak gure nekazariengan eragin zuen ezinegona; egun batetik bestera merkaturatze puntu gehienak bertan behera gelditu ziren eta nekazarien ekoizpena non kokatu jakin gabe gelditu zenean hasi baitzen auzoko kontsumitzaileen antolakuntza prozesua. Hasieran, kontsumo taldeen bidez ahoz-aho eskaera kolektiboak egin ziren. Gero, ekoizle batzuk astelehenero etortzen hasi ziren: esnea eta esnekiak, gero arrautzak, gero ogia, eta gutxika-gutxika ohitura bihurtzen ari da astelehen arratsaldero auzokideekin topatzea asteroko erosketa egiten den bitartean; erdi hutsik egoten den plaza, gurea eginez eta auzoari kolorea eta bizitza emanez. Bide batez, ekoizleen ahotik, kontsumitzen ditugun produktuen ekoizpenaren gorabeherak gertutik ezagutzeko aukera dugu. Produktuaren atzean dagoen lan gogorra ezagutu eta honek duen benetako baloreaz jabetzen laguntzen digu.

Azoka honek baina, ez dio larrialdi egoera bati bakarrik erantzuten, egiturazkoak diren arazoen kontrako hats luzeko prozesua da Egian sustatzen ari garena. Azoka auzo mailan ehuntzen den burujabetza prozesu baten ernamuina da; elikaduratik hasi arren, gure beharrak kolektiboki asebete arte hedatzea espero duguna. Gure egunerokoaren jabe izan, eta, gure etorkizuna eskuetan hartzeko gai izango den komunitatea harilkatzea baita jasaten ditugun izurriteen aurrean txertorik eraginkorrena.

Animatu eta jar ezazu gure txertoa! Astero dosi bat hartu behar da eta lehenengo egunetik igartzen da hobekuntza. Eredu kapitalistak ezartzen digun ‘erosotasun’ horretatik ateratzeko ahalegin txikia eskatzen du, baina albo-ondorio positiboak ditu. Ez zara damutuko!

Andoni Egia Olaizola, Mari Susperregi Indakoetxea, Alaitz Tolosa Irazusta, Alain Urizar Oleaga
Txertatzaileak

Egian badugu txertoa!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude