Doluan dagoen ama ote naiz?

Doluan dagoen ama ote naiz? –

Eunate Guarrotxena Arzubiaga, NAIZen.


Hernaniko hilerrian heriotza eta dolu perinatalaren txokoa sortu zutenean, lehenengo zartakoa jaso nuen. Orduan pentsatzen hasi nintzen galdutako ume hori non ote zegoen. Han utzi nuen beste batzuen eskuetan, arduratu zitezen. Zergatik ez nuen zerbait egin? Denbora azkar doa eta, egunerokotasunean murgilduta, disko gogorrean geratzen da gordeta, atzeko partean, oso atzean ahal bada. Oraintsu “Berria” egunkarian Auri Lizundiaren liburu berriaren albiste izan nuen: “Madre en duelo”. Bere elkarrizketa irakurrita, beste zartako bat. Disko gogor horretan atzean gordeta neukan hori berriro azaldu da. Horregatik uste dut doluan dagoen ama bat naizela. Zauria ez dago guztiz osatuta. Hainbat galdera eta sentipen argitu barik daude. Nire defentsa beti izan da: gure amamak nik baino egoera gogorragoak bizi izan ditu, eta gure amak ere bai. Neuk ere aurrera egingo dut. Ze inozoa. Agian horrela irakatsi digute emakumezkoei.

Doluan dagoen ama ote naiz?

Liburua erosi eta irakurtzen hasi naiz. Denarekin ez dut bat egiten edo ez dut bat egingo, eta, hain ordenatua naizenez, pentsatu dut «irakurri behar dut liburua eta gero nire iritzia eman». Baina ez, berdin zait gauza batzuetan ados egon ala ez. Berdin zait esperientzia desberdinak izatea. Inportantea da zartako bat eman didala. Eta emozioak eta pentsamenduak martxan jarri dizkidala. Lehengoan irakurri nion Xabier Amurizari eta ados nago: «Pentsatzen dut sentitzen dudalako eta pentsatzen dudanean sentitzen dut». Biak doaz batera.

Ama izan nintzen 27 urterekin lehenengoz. Haurdunaldi zoragarria. Hasi-hasieratik lau haizeetara nire ilusioa. Kattalin. Jaio zen egunean, lehenengo kontrakzioak sentitu nituenean, dutxatxo bat hartu, poltsa prestatu eta Basurtura. Hara heldu nintzenean, ia guztiz dilatatuta nengoen. Tratua izan zen oso gozoa. Argi neukan sentitu nahi nuela erditze hori, eta postura egokia aukeratzeko arazorik ez zidaten jarri. Guztiz dilatatu arte lagun batek oparitutako liburuxka bat irakurri nuen: “Matilda”. Eskuarekin agurtzen zegoenean, paritoriora joan eta braust urten zen bultzada batzuk egin eta gero. Nire gainean jarri zuten, eta negar egin nuen pozaren pozaz.

Oso momentu gozoak ere bizi izan ditut titia ematen. Bi urtera arte edo. Gozatu genuen biok uste dut, nik behintzat bai. Berriro ama izateko gogoa nuen eta haurdun geratu nintzen, erraz. Berriro pozaren pozez lau haizeetara iragarri nuen. Zalantza bat nuen ordea: ahal izango nuen horrenbeste maite? Gerora ikusi dut baietz, horrela dela, baina kezka hori baneukan.

Ginekologoak esan zidan oso txikia zela, agian ez zuela aurrera egingo. Ez nintzen arduratu. Aurrera nire ilusioarekin. Haurdunaldi gehiena AEBetan igaro nuen. Printzipioz arazorik ez, agian txikia zela, baina beste arazorik ez. Euskal Herrira bueltatu eta dena berdin, ondo. Hamabost egun jaiotzeko zirela eta Basurtura joan nintzen gerrikoaren froga egitera. Joan aurretik min desberdin bat sentitu nuen, ez dakit zerikusirik izango zuen. Etzanda nengoela erizainek ez zuten taupadarik antzematen. Larritu ziren eta ginekologoari deitu zioten. Ekografia bat egin eta… umea hilda dago. Jokin izena zuen. Ezin nuen sinistu. Hau gerta daiteke? Zer egin dut txarto? Zigorra ote da? Ama galdu nuen 15 urterekin, eta pentsatu nuen hortik dagoen kalamidade santu hori zigortzen zegoela berriro ere zeozerengatik.

Orduan mina zer den berriro sentitu nuen. Erraietatik sortzen dena. A. Lizundiaren liburuaren azalean agertzen den sua amaren sabelean. Erretzen duena, sufriarazten duena. Estatistika hotza da. Hainbat kasu gertatzen dira, eta tokatu zaizu. Eta horren berri? Ez ninduen lasaitu horrek.

Ez nuen joan nahi etxera. Atera nahi nuen nire semearen gorpuzkia. Profesionalen tratua itzela izan zen. Anestesia eman eta kontrakzioak eragin zizkidaten. Mina ez zen desagertzen, ez zegoen botikarik min hori desagerrarazteko. Oraindino entzuten ditut nire aieneak.

Atera zen, eta ezin nuen gehiago. Emaginak esan zidan komenigarria zela umea ikustea, dolua hobeto egiteko. Ezin nuen. Orain damututa sentitzen naiz. Beste karga bat.

Non ote dago?

Gerora beste ume bi izan ditut: Ane eta Martin. Ilusioarekin beti, eta beldur pitin batekin ere bai.

Eskerrik asko, hona ailegatzen lagundu didaten ama guztiei.

Doluan dagoen ama ote naiz? Doluan dagoen ama ote naiz? Doluan dagoen ama ote naiz? Doluan dagoen ama ote naiz?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude