DOLOS II

Dolos

Zabaldu nituen begiak. Odoleztatuta nituen eskuak… anaiak espagetiak jaten dituenean edo aitak bizarra mozten zituenean bezala. Torreoian negoen; botata, kamiseta soil bat eta bakero zahar batzuk jantzita. Ez nuen gau hura gogoratzen, han, zuhaitz exotiko eta autoktonoen artean, larreari so. “Nun negok.”

Segituan begiratu nien gorputz atal guztiei. Ubelduta nengoen, ahituta eta pare bat arrastada nituen, baina inolako zauri larririk gabe. Urduritzen hasia nintzen. Orbela dantzan zebilen, balet dantzari onenen antzera torreoiko zoruan. Tartean-tartean, zerbait mugitzen zela zirudien. Iluntasunak ez zidan ikusten uzten. Kostata eseri, eta mugitzen ziren zera horiengana hurbiltzeari ekin nion. Belaunetan mina, besoak urtuta. Zaila zitzaidan zentimetro bat aurrera egitea. Orbela esku artetik pasatzen zen eta geroz eta argiago zegoen…. Arratoiak. Arratoi handi eta beltzak.

“Nun negok!”

Arratoiari begira, zuzen. Begietara. “Zer begiratzen duk!” “Esan nian ez huala erraza izango!” “Dolos…”

Arratoiek berean jarraitzen zuten. Zerbait gogoratzen hasia nintzen… “Dolos, hik esango didak ezta? Zer gertatu duk?” “Esan nian, ez huala erraza izango!” “Dolos!” Arratoiek, aldiz berean jarraitzen zuten. Nik begiak infinitura begira nituen eta ahoa, lerdea zeriola. “DOLOS!”

Halako batean, arratoien inguruan odol tantak zeudela ikusi nuen. Hanka-markak, arratoi hanka-marka txikiak. Arrasto gorriztak, jarraitu nituen, desesperazioan jausita. Torreoia alde batetik bestera zeharkatu nuen, orbela erropan itsatsita, arratoi artetik. Azken eskailera mailara iritsitakoan, zurbil, geratu egin nintzen. Eskaileran behera begiratu eta…

“Esan nian ez huala erraza izango!!” “Dolos…” “DOLOS!”

Oier

Ekaitza bainuontzi batean