Mon dieu!

img_2736.jpg
Sin fin, islaren isla jarri dio izena azkenean. Ondo jarritakoa, arraioa. Hemendik ordu pare batera zabalduko dute Koldo Mitxelenan Jose Ramon Amondarainen erakusketa, Ekainaren 16a arte. Lehenago ere esan nuen zerbait honetaz alua.munduan. Baina, egia esan, hobe nuke isilik egonda, hitzek ez baitute, askotan, sentitutako zirrara urrutitik ere adierazten jakiten. Xantza paregabea izan dut gaur eguerdian JR berarekin erakusketa ikusi dudanean. Mekauen zotz, hau da hau maisua! Jolas egiten du, behin eta berriz. Lan bakoitza zeuk amaitu behar duzu: argazki zuri-beltzeko batetik, pintura bat, haren argazkia gero, eta ondoren, deskuidantzen bazara, haren fotokopiaren pintura erraldoi bat… Mila munduren oihartzuna, behin eta berriz errepikatua. Beltz bat egurrezko kaxa baten azalean. Zer egiten du hor? Kristalean margotutako koadro beltz eta hori bat, nik sekula ikusi dudan dotoreena. La Virgen! Hobe nuke, bai, isilik, hitzik aurkitu ezin denean. Oteizaren lanak, Saphirorenak, Shermanenak, Wallenak, Badiolarenak… denak jolasaren aitzaki. Lekutan geratzen da Warhol! Ez dut nehoiz kausitu pintatzeko halako abildadea daukan pertsonarik, zer pintatuak baizik ez baitu kezkatzen JR. Hormatzar itzelak pintatuko baditu ere, lanak ez du batere kezkatzen. Hori erraza da oso (berarentzat, jakina). Birtuosoa da. Gaiak du erakartzen, eta ni ere bai: kopiatzean bakarrik erakus dezakezu benetan zer zaren (nola ikusten dituzun gauzak, teknika menperatzen duzun ala ez, nola asmatzen duzun erreproduzitzen, zer den artelan bat zuretzat, zerk daukan garrantzia, zein kezka plastiko interesatzen zaizun…). Ez galdu, otoi. Berdin dio azaleratutako teknikak (pintura, pintura eta pintura, eskultura, argazkia, instalazioa… denak menpe Amondarainek). Zoaz azkar eta gero esan erratua nabilen ala, aitzitik, gaur eta hemengo artista handienetako baten aurrean ez ote gauden. Pintoreetan pintore Amondarain. Bai jauna. Artista jendea, ezbairik gabe.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Mon dieu!”-ri buruz

  • Erakusketa bikaina da: zer pentsatu franko ematen du hala arteaz nola bizitzaz, jolasa dago baina ez epatatzeko asmorik, ea alde teknikotik izugarri abila dela erakusten du Amondarainek (eta hori oso ezaugarri bereizgarria duela esango nuke, bere belaunaldiko eta batez ere hurrengo belaunaldietako kideekin konparatuz).

    Ez dakit zuri, Hasier, baina niri oso erakusketa literarioa iruditu zitzaidan, behin baino gehiagotan bisitatzeko modukoa.