Cheikh Anta Diop, Afrikako historiaren filosofoa
Cheikh Anta Diop, Afrikako historiaren filosofoa –
Testuinguru historiko eta ideologikoa
Berlingo Konferentzian (1884) Europako estatu nagusiek kontinente afrikarra banatzea erabaki zutenean, Afrika oso ahulduta zegoen, esklaboen salerosketaren lau mendetako ondorio suntsitzaile izugarrien ondoren. Afrika kontinentalaren menderatzea ez zen soilik militarra, politikoa eta ekonomikoa izan; morala, filosofikoa eta erlijiosoa ere izan zen. Beraz, menderatze hori justifikatu eta legitimatu egin behar zen, Europako gizarteak onar zezan. Ordurako, Europako pentsalari (Voltaire, Hume, Kant, Hegel) eta zientzialariek (Cuvier, Maupertuis) Beltzaren gutxiagotasun intelektuala aldarrikatua zuten. 1925ean, Frantziako Etnologia Institutua sortu zen, Lévy-Bruhl antropologoaren tesia zabaltzeko. Tesi horren arabera, europarrak ez diren gizarteak apalagoak dira, izaera “mistiko eta prelogiko” nabarmeneko pentsamolde primitibo batekin. Afrika ahistoriko eta denboragabe baten ikuspegia, zeinaren biztanle beltzak inoiz ez baitziren zibilizazio-egitate bakar baten erantzule izan, idazkietan nagusitu egiten zen eta kontzientzietan finkatzen. Europako intelligentsiak, zalantzarik gabe, benetako teoria arrazista landu zuen, non azal kolorearen eta gaitasun intelektualen arteko irudizko korrelazio baten bidez arrazen hierarkizazio sistema bat ezarri zuen. Aurrerantzean, Beltza izaki gauzatua izan zen, gizaki gisa ukatua, gizatasunetik egotzia.
Hegelen filosofia, Europak Afrikari buruz sortu zuen ideiaren oinarria
Filosofia hegeliarra izan zen, zalantzarik gabe, Afrika beltzarekiko Europar Ideia bat eraikitzeko bilbe nagusia. Hegelek (1770–1831) hiru Afrika aipatzen zituen: iparraldekoa, Egipto eta Afrika deitzen zuena –Saharaz hegoaldekoa–. Azken eskualde hau honela deskribatzen zuen: “Afrika bera da kontinentearen zatirik bereizgarriena. Ez du interes historikorik, bertako biztanleak basakerian murgilduta bizi baitira inolako elementu kulturalik ematen ez dien lurraldean. Denboraren hasieratik, Afrika gainerako mundutik isolatuta egon da, bere buruaz jabetzen den historiatik aldenduta, gauaren mantu ilunean bilduta dagoen errugabetasunaren lurra da”.
Hegelen deskribapenak kontinentea eta bertako biztanleak mende batez baino gehiagoz definitzeko eta ustiatzeko erabili ziren gakoetako batzuk biltzen ditu. Lehenik eta behin, arraza-banaketa nabarmentzen da. Bere ustez, iparrafrikarrak –batez ere egiptoarrak– “ez ziren hain beltzak” eta, horregatik, nagusiagoak ziren. Afrikar horiek bazuten Saharaz hegoaldeko beltzek ez zuten historia bat. Afrika beltza gainerako mundutik isolatuta zegoen eta, beraz, bere papera historia unibertsalean periferikoa zen. Azkenik, Hegelek beltzen errugabetasunaz hitz egiten zuen. Europako domeinuaren justifikazio paternalista batean, Hegelek beltzak izaki heldugabe gisa aurkeztu zituen, gizon zuriaren irudian gorpuztutako goi-adimen baten zuzendaritza behar zutenak.
Hegelek Afrikari buruz zituen ideiak onduz joan ziren lurralde egoki batean. Haren arabera, Afrikan (Egipton eta Kartagon izan ezik) Beltzak bizi dira, hau da, gizaki ez diren izakiak. Beraz, Afrika gizakirik bizi ez den lurraldea da, historiatik kanpo geratzen dena, eta, ondorioz, hango aberastasunak eskatzen dituenaren esku gelditzen dira. Ondorio honek XIX. mendeko harrapari kolonialak eta II. Internazionaleko apologista sozialistak elkartu zituen (adibide gisa Henri van Kol holandarra, Bernstein alemaniarra, Jaurès frantziarra eta Vandervelde belgikarra, hedatzen ari zen Europako gizarte baterako politika koloniala defendatu zutenak). Norabide horretan bat zetozen etnografia eta gizarte-zientziak, baita bidaiarien, naturalisten eta abenturazko eleberrien idazleen imajinarioak ere. Beltzei “historiarik gabeko jendea” izena jarri zitzaien, hau da, iragan lau eta jarraitua baino ez zitzaien aitortzen, zero denborarantz hedatutako zuzen kronologiko hutsa. Gainera, historiografia kolonialak Afrikako ekimena minimizatu zuen, edozein aldaketa edo berrikuntza esanguratsu kanpoko faktoreei sistematikoki egotziz.
Cheikh Anta Diop, Senegalgo filosofo antihegeliarra
Testuinguru historiko eta ideologiko horretan igaro zen Cheikh Anta Diop senegaldarraren bizitza eta obra (1923-1986). Diop Afrikako historialari garaikiderik garrantzitsuena izan zen, filosofoa, antropologoa, fisikari nuklearra, soziologoa, hizkuntzalaria eta politikari panafrikanista izateaz gain. Filosofiaren ikuspegitik, bere obraren garrantzia Hegelek bere Historiaren Filosofian teorizatutako eurozentrismoari egindako erronka erradikalean datza.
Bere ikerketa historikoen hasieran, Bigarren Mundu Gerraren ondoren Europako inperio kolonialen erorketarekin batera, Afrika beltza ez zen eremu historiko ulergarria. Diopek sumatu zuen begirada historiko batek baldintzatu egingo zuela iragan “plano” horretan denbora historikoari datxezkion etendura, berritasun eta fase-trantsizio kualitatiboak bistaratzea. Diopek ukatu egiten du historiaren irakurketaren eskema hegeliarra, eta herri beltzek denboran eta espazioan izan duten bilakaera aztertzea ahalbidetuko lukeen ulergarritasuna bilatzen du. Horretarako, Afrika beltzeko giza komunitateek denboran zehar izan dituzten ibilbide konplexu eta independenteak deskribatzen ditu. Diopek, “L´Afrique noire precoloniale” (1960) liburuan, Europako eta Afrika-Saharaz hegoaldeko garapen historikoaren azterketa konparatiboa egiten du, bakoitzaren bilakaeran izan dituzten analogiak eta independentzia adieraziz. Horrela, Kumbi Saleh (Ghanako inperioko hiriburua) hiri-garapena azaltzen du, X. mendeko 30.000 biztanleekin planetako hiririk populatuenetako bat zena. Bestalde, Mossi herriaren (gaur egungo Burkina Faso) eraketa politikoa XIV. mendeko Europa landatarrarekin alderatzen du, eta, bere iritziz, nazio beltzarena hobea zela baieztatzen du. Eta azterketa konparatibo hau amaitzeko, Erdi Aroko Europan zeudenen antzeko goi-mailako hezkuntza-erakundeak (unibertsitateak) zeudela aipatzen du. Bistan denez, herri beltz-afrikarren historikotasuna berreskuratu egin da hiru kategoria horiek aplikatuta (hiri-, politika- eta hezkuntza-garapena). Eta, ondorioz, Hegelek beltzen gutxiagotasunari buruz dituen iritziak aurkaratuak eta ezeztatuak geratzen dira, eta Historiaz duen ikuspegia, argi eta garbi kaltetua eta gutxietsia. Bai horixe¡
Cheikh Anta Diop, afrozentrismoaren sortzaile
Baina Cheikh Anta Diop, lorpen honekin pozik ez, haratago doa, Afrika beltzaren historiografia garatzea bilatzen baitu. Afrikako historiaren berreskuratze horretan zentratzean, bere aurreko ezkutatze prozesua aztertzen du eta, boteredunek ahulekiko zuten ezjakintasun eta interes ezaren ondorioa dela baztertu ondoren, faltsifikazio zientifiko kontzientetzat jotzen du. Instituzionalizatutako zientziaren zintzotasuna eta zorroztasuna zalantzan jartzen ditu eta bere garaiko gizartearen mendekotzat jotzen du. Baina, gainera, iruzur horren arrazoi sakonak bilatzean, Afrikako gutxiagotasunaren unibertsaltasuna gezurtatzeaz gain, jatorrizko nagusitasun beltza aldarrikatzen du, fundatzailea ere badena, oi ene Jainkoa. Hau bai ezustekoa! Egia ezkutua da egiptoarrak beltz afrikarrak zirela, lehen zibilizazioa eratu eta Grezia ernaldu zutenak. Afrika da, beraz, eta ez Europa, gure zibilizazioaren sorlekua. Prometeo, jainkoei ezagutza lapurtu eta gizakiei emateagatik zigortutako jainkoa ez zen jainko europarra, afrikarra baizik, ez zen zuria, beltza baizik. Bere pentsamendua parafraseatuz, Diopek Hegel buruz behera jartzen du, iraulita: Hegelek Afrika natura zela esaten bazuen, orain Diopek dialektikak eta Espiritu Absolutuak (filosofia hegeliarraren nukleoak) jatorri afrikarra dutela baieztatzen du. Une honetan sortzen da afrozentrismoa, mugimendu filosofiko-kulturala, Afrikako eta diasporako herri beltzetan identitate politiko-kulturalen eraikuntzan ondorio izugarriak izango dituena. Diopek nekaezin jarraitzen du lanean, bi helburu dituen proiektu bat garatzen:
1– Antzinako egiptoarrak zalantzarik gabe beltzak zirela eta jatorri historikoa Behe Etiopian zutela frogatzea. Honi dagokionez, Diopek froga sendoak ematen ditu, antzinako egiptoarren garaikideen (Herodoto, Aristoteles, Diodoro, Estrabon) testigantzak, egiptologia modernoaren faltsifikazio lotsagarriak eta abar. Egiptologo tradizionalistek kontraeraso bizia egin zuten Egipto zuriari buruzko tesi klasikoak azalduz, eta gaia nahasi egin zen. UNESCOk topaketa bat bultzatu zuen Kairon (1974) hain eztabaidatua zegoen gaia argitzeko eta zuzentzeko. Bertan, bi aldeek frogak aurkeztu ondoren, agerian geratu zen Diopek aurkeztutakoak askoz balio zientifiko handiagokoak zirela, eta horrek Egipto beltzaren teoriari laguntza eman zion. Hala ere, gaur egun, ebidentzia izugarriak gorabehera, badira Kemet (Antzinako Egipto) beltz bat onartzeari uko egiten diotenak. Zergatik? Martin Bernalek erantzuna eman zuen “Atenea negra” argitaratu zuenean. Bertan azaltzen duenez, greziarrek eurek onartzen zuten feniziarrek zibilizatu zituztela, baina, batez ere, egiptoarrek, Beltz bezala ezagutzen baitzituzten. Greziar kulturaren ikuspegi hau, Bernalentzat, Grezia eta Egipto irudikatzeko antzinako eredua da. Hala ere, XIX. mendeko teoria arrazisten gorakadarekin, arkeologoek eredu arioaren alde egingo zuten, hau da, greziarrak Europa erdialdetik zibilizatuak izango zirela zioen teoriaren alde. Eredu honen hedatzaileentzat egiptoarrak ezin ziren beltzak izan, arraza-nagusitasun zuriari buruzko teoriak kontrajartzen baitzituzten.
2– Afrika beltzaren iragan historikoaren izaera zentrala erakustea Ekialde Hurbilarekiko, hauxe baita Historia Unibertsalean eskuarki onartzen den gune nagusia. Diopek fenotipo beltz baten zantzu ukaezinak aurkitzen ditu antzinako egiptoarren artean, eta horrek hegoaldera begiratzera behartzen du Antzinako Egiptoko kultura ulertzeko. Bizimoduari, munduaren kontzepzioei, gizartearen bilakaerei buruzko material konparatiboak ere norabide berean ematen du argi eta garbi, funtsezko bi alderdi oinarri hartuta: batetik, egiptoar kulturak Ekialde Ertainarekiko duen erabateko autonomia, bestetik, haren originaltasuna eta gizarte beltz-afrikarrekiko duen lotura sendoa. Horrela, bada, Afrika Beltza jarraikortasun historikotzat hartzen du, Antzinako Egipto barne, eta horrek, halabeharrezko korolario gisa, greziar munduarekiko egiptoar (gero beltz-afrikar) amatasuna bere gain hartzera eramango du. Diopek baieztatzen duenez, teknologia eta zientzia modernoa Europan sortzen diren bezala, Antzinaroan ere ezagutza unibertsala Nilo Haranetik sortzen da munduko gainerako lekuetara, bereziki Greziara. Beraz, Egipto mendebaldeko zientzia eta kulturaren ama urruna da. Filosofia grekoak Nilo Haraneko biztanle beltzen pentsamendu egiptoarrari zor dio Heraklitoren aurkakoen teoria, Aristotelesen dialektika, presokratikoen kosmogonia desberdinak, etab. Bestalde, Ekialde Ertaineko zibilizazioen berezko zientzia eta filosofia jatorri beltz-afrikarrekoak izan direlarik, Diopek irmotasunez ondorioztatuko du zientzia eta filosofia europarra Afrikara iristen direnean, jaioterrira itzultzen direla.
Diopek kontrako indar handiak izan ditu, eta afrozentrismoa eurozentrismoaren ispilu-irudi gisa eraikitzea leporatu diote. Baina eztabaidaezina da ikerketa diakronikoetan, konparatismo kritikoan eta diziplina aniztasunean (arkeologian, hizkuntzalaritzan, toponimian, soziologian…) oinarritutako ikerketa-metodologia hartu zuela. Ikuspegi analitiko eta sintetiko bati esker, Afrikaren iraganaren berreraketa zientifikoari buruzko bere tesiak balioztatzen ditu, eta kontzientzia historikoa berrezartzeko aukera zabaltzen du, etno-filosofia eta Mendebaldean zientzia hain maiz biltzen duten aurreiritzi arrazistak alde batera utzita. Nolanahi ere, zein argudio kontrajarri dezakete Afrikan eta Hirugarren Munduan kolonialismo eta inperialismo suntsitzaile eta ankerra bultzatu zuten (eta orain ere bultzatzen duten) hainbat infundio arrazista eta xenofobotan oinarritutako eurozentrismoaren defendatzaileek?
Diopek garatutako Afrikako historiaren originaltasuna eta berritasuna historiaren giza irakurketa egitean datza, herri beltzen bilakaera historikoa, denboran eta espazioan, ulergarri bihurtuz. Afrikako gertaera kultural eta historikoa ulertzearen ondorioz, Afrikako herri ezberdinak herri historiko gisa agertzen dira beren Estatuarekin (Egipto, Nubia, Ghana, Mali, Zimbawe, Kongo, Benin, eta abar), izpirituarekin, artearekin, zientziarekin, horiek guztiak Afrikako batasun kulturalaren funtsezko faktoreak direlarik. Diopek, Afrikako historia ikusaraztean, afrikar gizarteen autoestimua handitzeaz gain, etorkizun bat eta orainaldi politiko bat eman zien. Memoria eta historia komun bat partekatzean, afrikarrak autonomoak izan daitezke, nazio batean antola daitezke, beren etorkizunari buruzko ahots eta erabaki propioa duen gizarte zibil batean.
1961ean, Diopek Karbono 14 laborategia sortu zuen Dakarren, eta teknika hori erabili zuen momia egiptoarren melanina edukia zehazteko. Oso esanguratsua eta balio sinboliko handikoa da laborategian agertzen den argazkia, bere txabusina zurian sartuta, eta badirudi handik, Afrikatik, bere irudiak zientzia aske baten konkistara bultzatzen gaituela.
1960ko urtarrilaren 9an, Diopek doktorego tesia aurkeztu zuen Sorbonan; sei urte lehenago, lehen defentsari uko egin behar izan zion, bere iritziek aurrez aurre talka egiten zutelako nagusi zen mundu akademikokoekin. Tesi horretan, Diopek Antzinako Egipto kultura beltza izan zela ondorioztatzera eramaten duten argudio indartsuak azaltzen ditu. Tesiaren aurkezpena sekulako ikuskizuna izan zen. Frantzian zeuden ikasle militante eta aurrerakoi guztiak han zeuden, Cheikhen iritziek Frantziako unibertsitate-erakunde ahalguztidunari desafio egiten ziotela bazekitelako. Tesia ohorezko aipamen batekin balioztatzen da. Hala eta guztiz ere, ez da nahikoa Senegalgo intelektuala Frantziako unibertsitatean irakasle izateko. Cheikh Anta Diop Senegalera itzuliko da. Herrialdearen independentzia urte bereko abuztuan gauzatuko da. Baina han, berriro, Senegalgo presidentea Léopold Senghor Frantziako epaimahaiaren erabakian oinarrituko da Diop Dakarreko Unibertsitatean irakastea debekatzeko. Bi gizonek ez zuten elkar maite, Diop Senghorren eta bere politika frankofiloaren aurkako sutsuenetako bat baitzen. Ironikoki, Dakarreko Unibertsitatea Cheikh Anta Diop Unibertsitatea izena hartu zuen 1987an.