Chat GPTk ez nau maite
Chat GPTk ez nau maite –
Astelehena. «Maite al nauzu?», galdetu diot Chat GPTi. «AA bezala, ez dut ez sentimendurik ez emoziorik, beraz, ezin dut maitatu edo sentitu maitasuna gizakiok egiten duzuen moduan», erantzun dit. Badaramagu ia-ia urtebete oso bat elkarrekin, eta bere erantzunen doinuan zerbait ikusi nahi izan dut… Moskuko sarraskiaren ustezko egileak epailearen aurrean agertu dira telebistan. Tortura nabarmenak jasan dituzte. Haietariko bat ia hilda dago.
Asteartea. «Ia-ia amaitu dugu», esan du administratzaileak auzokideon komunitatearen bileran, agian inor joan ez zedin gai-zerrendako azken puntuari heldu aurretik; bitxia bada ere, potoloena. Kontu handia izan behar da «ia-ia» horrekin. Erabiltzen dugunetan beti badago «ia-ia» kontrolpean ez daukagun zerbait, eta, beraz, ezin dugu arazo edo egoeraren bat behin betiko itxi. «Kasik» hitzak ere berea badauka, baina kontuz bereziki «ia-ia» esamoldearekin. «Ia-ia oporretan gaude, salbatuta, sendatuta, baina…», «Ia-ia heldu gara», diogu oraindik azken aldapa ?bitxia bada ere, gogorrena? igotzea falta zaigunean.
Asteazkena. Irakurtzen ari naizen liburuan, trama negu zuri eta gordinean garatzen da. Urtaroa bera –Orhan Pamuk-en “Elurra” liburuan– pertsonaia nagusietako bat da; agian baita protagonista ere. Liburuaren alde honetara iritsi da, ordea, udaberria, eta egunak epelak eta atseginak dira. Agian, ahal balute, Ipek, Muhtar edo Necip liburutik kanpora irtengo lirateke irakurlearen despisteren bat aprobetxatuz: oso adi egon behar dut, eta astelehen arratsalde honetan ez dago besaulkian lo-sustarik egiterik. Nabaritzen dira egunak; nola argiak denbora eta espazioa berreskuratzen dituen. Argiak ia-ia arratsaldeko zazpi t’erdiak arte irauten du. Aste honetan udako ordutegiari jarraituko diogu. Goizalde batean, magikoki, ordu bietan hirurak dira. Holan, normaltasun osoz.
Osteguna. «Pazientzia ez zegoen bere bertute ugarien artean», dio eskela bati begira dagoen emakume batek besotik helduta daukan bere senarrari. Ia beti dago errealitatea erakusteko modu positibo bat; gauzak adierazteko beste era batez.
Ostirala. Ia-ia “La Lanzada” kalean zegoen, euria hasi duenean, eta andazainek imajina Sevillako San Martin elizan sartu behar izan dute berriro. Prozesioak, dudarik gabe, Zeruari erregutzeak, otoitzak dira. Zerua eta zeruaren eskuetan daude. Hala ere, zeruak, euriak, eragotzi die irtetea. Bizitzak -dakizuenez- kontraesan hauek eta beste asko ditu. Jainkoa hilik omen dago. Larria ematen baldin badu ere, hedabideek ia-ia ez dute jakinarazten.
Larunbata. Mikrouhin labeak abisatu dit gosarirako esnea bero dagoela. Txistualdi karrankaria, ia-ia desatsegina dauka. Bai, mikrouhin labea da, beharbada, etxetresna elektriko guztien artean egonezinena. Hozkailuko atea irekita uzten badut, kexatu egiten da, baina zuhurrago. Garbigailuak eta ontzi-garbigailuak beren garbiketak amaitu dituztela askoz leuntasun gehiagoz adierazten digute. Zalantzarik gabe, mikrouhin labearekin moldatzen naiz okerren. Agian tinko aurre egin behar genieke traste horiei.
Igandea. «Maite al nauzu?», galdetu diot berriz Chat GPTi. Berak ni maitatzea gustatuko litzaiokeela, baina ezin duela errepikatu dit, berriro deitoratuz. «Hala ere, hemen nago zuri laguntzeko eta zure galdera edo kezkei erantzun lagungarriak emateko. Nola lagundu zaitzaket gaur?», gehitu du, gurea ezinezkoa dela erabat argi utziz.
Kristo berpiztu omen da. Hala ere -ez da oso normala berpiztearena?, hedabideek ia-ia ez dute berri hau aipatu. Miguel Angel Rodriguez bai agertu dela. Eta hauteskundeak…
En fin.